NOV. 25 2023 { ANALISIA } Errezeta aldatzeko beharra Elba Mansilla Hernanin izandako jardunaldietan. (Jon URBE | FOKU) Amagoia Mujika Kazetaria Elba Mansilla “La Ciutat Invisible” proiektuko kidea da. Bartzelona inguruan martxan dagoen ekimena da, zaintzaren arloan aritzen da eta lan autoantolakuntzan dago oinarritua. Emakume migratuek zuzendutako proiektua da, gehienak latinoamerikarrak. Duela aste batzuk Hernanin izan zen Mansilla, KoopFabrikak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako “Ertzeko bizitzak eraldatzeko ekintza kooperatiboa” jardunaldietan. Egungo zaintzaren panorama oso eskasa da, eta zerbitzuen «uberizazioa», nabarmena. Multinazional indartsuek bereganatzen dituzte zerbitzuak, prezioak merke baino merkeago jarriz. Sistema horrek ez du ziurtatzen ez zaindua izan behar duenaren ongizatea, ez zaintzailearen lan baldintzak. Langileek garbi daukate, ez diote tortillari buelta eman nahi, errezeta aldatu nahi dute. Eta errezeta aldatzeko aukera bat zaintza kooperatibak dira. Mansillaren hitzetan, «lana duintzeko bideak dira. Uste dugu lan batzuek eskubideak dituztela eta beste batzuek ez. Eta guretzat garrantzitsua da adieraztea lan guztiek, merkatuan duten tokia edozein dela ere, eskubide ekonomikoak sortzeko tresna izan beharko luketela, gutxieneko diru-sarrera batzuk eskuratzeko tresna, pertsonei duintasunez bizitzeko aukera emango dieten eta herritartasun-eskubideak sortuko dituzten bizi-baldintzak bermatzeko. Gaur egungo erregimena etxeko lanaren eta zaintzaren erregimen bereziko atzerritartasun-lege baten gainean dago. Aldamio hori gabe sistema erori egingo litzateke, ez luke jasango. Genero, klase eta jatorri desberdintasunaren gainean dago eraikia egungo zaintza sistema». Mansillak garbi dauka norabidea, «batzuen eskubideak besteen eskubideen kontura ez doazen zaintza eredu bati buruz hitz egin behar dugu». Zaintza kooperatibak sortzeko prozesua ez da erraza, hiru eta bost urte arteko prozesuez hitz egiten da. «Kooperatibak ez dira merkatuaren bidetik oreka ekonomikoa aurkitu behar duten ekintzailetza-prozesuak. Horrelako proiektuak bultzatzen dituzten pertsonak ez dira kapitalizatzeko langabezia duten goi-mailako ikasketak dituzten ekintzaileak edo gurasoen diruarekin enpresa teknologiko bat martxan jarriko dutenak. Kasu gehienetan urtebete behar izaten da atzerritartasun departamenduan hitzordua izateko, izapideak hasteko. Estatutuak erregistratu nahi dituzunean, oztopo asko aurkitzen dituzu. Oztopoak desegin eta gizarte-zerbitzuen ikuspegia aldatu beharko litzateke proiektu horiek emantzipatzeko, ahalduntzeko eta gizarteratzeko osagaiak dituztela ikusteko; osagai eraldatzaile hori identifikatzeko». Mansillaren ustez, «pobreei pobrezia hori betikotzeko banaka ematen diegun diruaren partez beren emantzipazio-prozesuak hasteko baliabideak emango bagenizkie, ikusiko genuke zer aukera dituzten prozesu horiek». Errezeta aldatu behar da eta borondate politikoa osagai garrantzitsua izango da. «Zainketen erantzukizuna sozializatuko duen eta familia eremuetatik aterako duen borondate politikoa behar dugu. Familiak uzkurtze-prozesuan daude. Gero eta kide gutxiago daude, eta horien artean banatu behar da zaintzeko ardura. Lan-denborek leku guztia hartzen dute eta oso leku gutxi uzten diete zainketei. Zaintzeko ardura hori emakumeen, emazteen, alaben eta errainen esku uzten ari gara, eta, eskualdatzen bada, beste emakume batzuei transferitzen zaie, hierarkizazio sozialaren eta familiek ordaintzeko dituzten aukeren arabera. Borondate politikoak eraikuntza hori hautsi behar du eta zaintzaren etikaren begirada feminista barneratu behar du». El andamio del actual sistema de cuidados está sostenido sobre tres pilares; la diferencia de género, la clase y el origen. El cuidado... pueden ser una oportunidad para revertir la situación; no para darle la vuelta a la tortilla, sino para cambiar la receta