NOV. 25 2023 Ez sinetsi zapien magian Maddi AIESTARAN Bere kuadrillakoak imajinatu ditu alaba txikiei lepoan zapi moreak lotzen, txaketatxo moreen gainetik. Nagusitasun-irribarretxoa atera zaio. Eta ez zaiolako gustatu, bizkarra eman dio komuneko ispiluari. Pasilloaren beste aldeko ispilu txikian ikus dezake bere motots narrasa. Argia itzali du, eta pasilloan doa, aurrera. Ilea askatu du, burua eta lepoa eta bizkarra eta gerria makurtuz. Berriz bildu du bi eskuekin, eta hiru buelta gomari. Horrela askoz hobeto. Etxepeko ikastetxeko haurren eta irakasleen eta gurasoen “Konplize ditut eta” bukatu arte itxaron du. Txalo zaparrada bat. “Gora-borroka-femi-nis-ta!”. Txalo gehiago. Ekitalditxo feminista bukatutzat eman duenean, etxeko atea itxi du giltzaz. Kalean zehar, harrituta begiratu die balkoietako, faroletako, paretetako banderola, zapi, aldarri moreei. Eta gaurko egunaren apartekotasunari erreparatzen dion bitartean, ebaki bat eskatu dio tabernako zerbitzariari. Plazan jendea pilatzen hasi denean, hara hurreratu da. Zapi more bat eskaini diote; eskaini baino, eman. Bere kuadrillakoei begiratu die, han, urrunean. Hartu egin du. Eta ez zaio gustatu, baina hemen - eta gaur - ezingo dio ba inori bizkarrik eman. Zapi morea lotu du lepoan, eta manifestazioko jende pilari jarraitu dio bere kuadrillako lagunen umeekin batera. Ez diot hitz panpox eta handinahirik aportatu nahi azaroko azken egunetan denok irensten gaituen “paripeari”. Joan manifara. Egin greba. Sinetsi aldarri batzuk. Denak ez. Zaindu kideak, zaindu zu. Bistaratu zaintza-eskubide kolektiboaren beharra. Exijitu baldintza parekideak. Egin garrasi. Sentitu harro, nahi baduzu. Eta listo. Sentitu ondo, hori egin behar zen gaur, baina zoaz etxera eta ikusi ez dela ezer aldatu. Jantzi zapia, nahi baduzu. Baina ez sinetsi zapien magian. Eragin eguneroko zera txikietan; erreparatu eguneroko apartekotasunari. Horrek inporta du, ez argazki soilak. Gero, ahotsak urratutakoan, norbaitek entzun gaituela uste dugunean, balkoiek berriz grisa eta hotza aldarrikatzen dutenean, segitu dezagun gure borroka xumeetan, zapi ajatu zikinek jantziriko sukalde bakartietan, etxekideei postre goxoak prestatzen. •