NOV. 25 2023 { ANALISIA } Palestinaren hasiera guztiak Jaialdia Abubakraren erretratua. (Jon URBE | FOKU) Maddi Txintxurreta Kazetaria Minutu-orratzak tik-tak eta albisteak airez, lurrez eta itsasoz han; paperez, irudiz eta ahotsez hemen. Urriaren 7an abiatutako kontaketara batu dira 16.000 hildako «inguru», esan daiteke, «momentuz». Urriaren 7 hura -talde palestinar batzuek, tartean Hamasek, estatu sionistaren kontra egindako eraso handiaren eguna- zerbaiten hasiera izan bazen, zenbat hasiera bizi izan ditu Palestinak? Egun hartatik, «Gaza bonbardatzen ari dira, eta komunikabideek ere bonbardatzen gaituzte, albiste faltsuekin, erresistentzia palestinarra kriminalizatuz». Jaldia Abubakrarenak dira hitzok. Minutu-orratzetan eta zenbakiz neurtzen diren gatazkei atzera begirako arnasa luzeak eskaintzeak balio izaten du maiz larritasunari ulerkera eransteko, eta horretan lagundu zuen Abubrakak hilaren 9an Zumaiako Emakumeon Etxean. Palestinarra da. Gazan jaio zen eta zerrenda bizi izan zuen bederatzi urte bete arte, gero Egipton bizi izan zen, beste bederatzi urtez, eta handik Estatu espainiarrera, 18 urterekin, gaur arte. Alkarama Emakume Palestinarren Mugimendua sortzen lagundu zuen eta Israelen kartzeletan preso diren palestinarrekiko nazioartean elkartasun sarea josten duen Samidoun taldeko kidea da, besteak beste. Hitzaldia eman eta bi astera, haren lehengusu eta ilobak hil ditu Israelek, eta ahizpa eta beste iloba bat zauritu. Horren intereseko Lehenengo hasiera zein izan zen ez da erraza esaten, baina nonbaitetik abiatu behar. Ehun urte atzera? 1917an sionistek Palestina «etxe nazional» gisa har zezaten gonbit formala jaso zuen britainiarren Balfourren Deklarazioaren garaira? Edo atzerago. Lurralde sakratua -hiru bider sakratu, hainbatetan masakratu- Inperio Otomandarren kontrolpean zegoen ordura arte, baina berau erortzean, inperioak galdutako lurren partizioa adostu zuten Frantziak eta Britainia Handiak, Sykes-Picot akordioarekin, Lehen Mundu Gerra amaitu aurretik. Britainia Handiak hartu zuen Palestina, «beti horren intereseko kolonoentzat», zehaztu zuen Abubakrak. Merkataritza bide garrantzitsuen zeharbidea zen, hiru kontinenteren arteko lotunea, Arabiar penintsulako petrolioa, Suezko kanala. Intereseko, baita ere, ordurako sortua zen mugimendu sionistarentzat, munduko juduak batuko zituen lur baten bila baitzebilen. «Mugimendu sionista mugimendu politiko bat da, ez du zerikusirik erlijioarekin. Juduen kontrako jazarpena sortu zen, eta gero, genozidioa, Europan; baina gogoratu behar da ez Palestinan, ezta gainontzeko herrialde arabiar edo musulmanetan ere, ez dela egon juduen, kristauen eta musulmanen arteko jazarpenik. Gehiengoa, noski, musulmana zen, erlijio hau izan baitzen lurraldera iristen azkena. Ez dugu ukatzen: bai, juduak pasatu ziren Palestinatik. Horrek ez du esan nahi eskubidea dutenik munduko judu guztiak Palestinara joan eta bertako herritarrak kanporatzeko». Sionistek bazituzten aukera gehiago (Angola, Madagaskar, Argentina), baina «Britainia Handiak Palestinako lurrak okupatzeko konbentzitu zituen», esan zuen Abubakrak. Hala egin zuten, eta bi aldeak irabazle: erlijioaren aitzakiari tiraka, Israel izango zenaren hazia asmatu ahal izan zuten sionistek mendebaldeko herrialdeen babesarekin, eta Ekialde Hurbilean aliatu fidel bat izango zuten aurrerantzean mendebaldeko estatu boteredunek. Hasi ziren sionisten taldeak Palestina kolonizatzen; lehenengo kibbutzak, legez kanpoko kokalekuak ezartzen, gaur Zisjordanian egiten duten bezala. Hasi ziren banda paramilitarrak entrenatzen, palestinarrak botatzen. Hasi ziren. Palestinarrek gertatzen ari zenaren kontzientzia hartu zuten. Lur santua denez, «ohituta» zeuden jende atzerritarraren etorrerarekin, sionismoak ez zuen turistekin edo herrian finkatzen ziren atzerritarrekin zerikusirik. Eta gatazkak hasi ziren. aArmada israeldarrak Gazaren kontra hilaren 21ean egindako erasoaren osteko irudia. Israelgo hegoaldean hartutako argazkia da, Gazako Zerrendaren mugatik gertu. (John MACDOUGALL / AFP) 1936an Matxinada Palestinarra hasi zen eta, horren barnean, inoiz ezagutu den langile grebarik luzeena egin zen: sei hilabete iraun zituen. «Andreek [sionisten produktuek] boikotatzera deitu zuten, produktu alternatiboak ekoitzi zituzten eta piketeak antolatu zituzten greba garaian ateak irekitzen zituzten komertzioetan», azaldu zuen Madrilen bizi den aktibistak. Zerk bukatu zuen matxinada 1939an? Bada, «Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetan Britainia Handiak ipinitako monarkiek palestinarrak engainatu zituzten, esanez konponbide baketsu bat lortuko zutela». Ez zen horrelakorik gertatu. Sortu da Israel Salto bat denboran, ahaztu gabe mugimendu sionistak, intentsitate gehiagoz edo gutxiagoz, ez ziola utzi palestinarrak hil, zauritu, bortxatu eta jazartzeari. Sortu zen Nazio Batuen Erakundea (NBE), «iritsi zen giza eskubideen karta, izan behar genuen nazioarteko gizarte bat guztion giza eskubideak errespetatuko zituena, ez zedin errepikatu Bigarren Mundu Gerran gertatutakoa», esan zuen, ironiaz, Abubakrak. Britainia Handiak jada ez zuen gaitasunik Palestinara eraman zituen sionistek eragindako gatazkak kontrolatzeko, eta NBEren esku utzi zuen arazoa. NBEk Palestinako egoera aztertu zuen eta bazituen txostenak, zeinak esaten zuten lur palestinarra ezin dela zatitu, gatazka beste modu batera konpondu behar zela. Iritsi gara 1947ko azaroaren 29ra. NBE jada 50 estatu baino gehiagok osatzen dute, «horietako gehienak estatu kolonizatzaileak dira», adierazi zuen palestinarrak. Bozketa bidez, erabaki zuten Palestinako lurraldea bi estatutan banatzea: %55 proiektu sionistarentzat izan zen, nahiz eta orduan okupatu zituen lurrak ez ziren iristen lurralde osoaren %6ra ere, eta biztanleria osoaren %30 baino ez baziren ere. Palestinarrek ez zuten egokitu zitzaien %45a onartu eta gatazkek jarraitu egin zuten, harik eta 1948ko maiatzean mugimendu sionistak Israelen independentzia deklaratu zuen arte. Gerra hasi zen. «Lehenengo gerra hartan, Israelek ez zuen soilik lurraldearen %55a okupatu, baizik Palestinako Lurralde Historikoaren %78a», gogoratu zuen aktibistak. «Ordurako, palestinarren bi herenak haien lurraldetik kanporatu zituzten, herritarren erdia baino gehiago hil zuten eta, geratu zirenak, Gobernu militar baten pean geratu ziren», esan zuen. Familia palestinarrak zatituta zeuden. «Borrokak intentsitatea galdu zuen urte batzuetan, jendea shock egoeran zegoen. Itzuli nahi izan zuten asko Jordaniako mugan hil zituzten, beste batzuk kanpadendatan bizi ziren mugan, armada arabiarrek indarra hartuko zain, Palestina askatzeko borroka zezaten», kontatu zuen Jaldia Abubakrak. 1967an, Sei eguneko gerraren garaian gaude. Ustez, herrialde arabiarrek hasi zuten gerra; Abubakraren arabera, ez. Israel izan zen: «Arabiar Liga Rabaten bildu zen eta Marokoko erregeak, Mossad [inteligentzia agentzia israeldarra]rekin adostuta, bilera zelatatu zuen, jakiteko zer ari ziren prestatzen lider arabiarrak. Hortaz, sei egunetan armada arabiarrak garaitu zituzten, eta ez hori bakarrik, Zisjordania, Gaza, Sinai, Golan eta Libano hegoaldea okupatu zituzten». Geroztik, palestinarrak diasporan antolatu ziren. Palestinar Aginte Nazionala (PAN), Palestinaren Askapenerako Herri Frontea (PAHF) eta Al-Fatah taldeek Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE) sortu zuten, eta errefuxiatu kanpamentuetan borroka armaturako antolatzen hasi zen, Jordanian lehenik. Borrokan jardun zuten, harik eta 1971n, “Irail Beltza” deritzon sarraskian, Hussein errege jordaniarrak herrialdetik kanporatu zituen arte. Libanoko mugan ere saiatu ziren gerrilla palestinarrak pizten, baina handik ere bota zituzten, eta dispertsioak mugimendu armatua ahuldu zuen. Itun hutsak 1980ko hamarkadan, Palestinan, herritarrek «errepresioa, supremazismoa, arrazismoa, tratu txarrak, torturak, atxilotzeak» pairatzen zituztela gogoratu zuen aktibista gazatarrak. Tankeen kontra harriak jaurtitzen zituzten herritarren irudiak, lehenengo Intifadakoak (1987-1991), iltzatuta izango dira oraino hainbaten bisaietan. Harriak jaurtitzen zituzten haurrei hezurrak puskatzen zizkieten soldadu israeldarrek. Isaac Rabinek eman zuen hori egiteko agindua. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1994an. Herritar asko batu ziren azaroaren 9an Zumaiako Emakumeon Etxean, Jaldia Abubakra entzutera. (Jon URBE / FOKU) Nazioartean sona izan zuten irudiok, eta hasi zen zerbait mugitzen. 1991n Madrilen egindako Bake Konferentziak atzetik ekarri zuen Osloko Ituna. Ezerezean geratu zen esperantza zantzu hura: PAEren bizkar, Al-Fatah alderdiko ordezkaritza batek sekretuan negoziatu zuen israeldarrekin Norvegian, Abubakraren esanetan. Al-Fatah-k autoritate maila bat lortu zuen, baina ez zuen hitz egin errefuxiatuen itzuleraz -«herritarren erdia baino gehiago gara, bost milioi inguru», esan zuen-, errefuxiatuen kanpalekuez, ez zuen hitz egin Jerusalemekin zer gertatuko zen, ezta 1948an okupatutako lurretan bizi diren eta «apartheid sistema bat» pairatzen duten palestinarren inguruan ere. 1987ko Intifadaren testuinguruan, berriz, erresistentzia islamikoko taldeak sortu ziren, tartean, Hamas, eta 2006an hauteskundeak irabazi zituen. «Jendeak ikusten du eskolak sortzen ari direla, familiak laguntzen dituela eta okupazioari aurre egiteko entrenatzen ari direla. Horregatik, jendeak babesten ditu, babesten duten ideologiarekin ados ez badaude ere. Ikusten dute administrazio palestinarrak ez duela aberastu beste ezer egiten eta, bitartean, Hamas borrokan dela», azaldu zuen palestinarrak. PANekin gobernu bateratua osatzen saiatu zen, baina honek «dena berarentzat nahi zuen», Jaldi Abubakraren arabera. Azkenean, zatiketa gertatu zen. Gaza, Hamasen agintearekin, alde batetik, eta Zisjordania, PANekin, bestetik. Eta 2007ko blokeoak ghetto, kontzentrazio esparru, kartzela, bilakatu zuen Gaza. «Geroztik, Israelek errepresioa gogortu du, areago [Benjamin] Netanyahu faxistarekin. Urte hauetan nazioarteko komunitateak inpunitate osoa aitortu dio; kondena asko ditu, baina zigorrik ez», deitoratu zuen hizlariak. Eta, halako batean, iritsi zen 2023ko urriaren 7a, «hasiera» hura. Guk hemen bukatuko dugu. Tik-tak. Este relato comenzó hace más de cien años y terminó el 7 de octubre de 2023. El jaldia fue oficiado por el jordano Abubakra en un discurso que pronunció en Zumaya a las raíces de la colonización sionista.