Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Herrien arteko indarkeriak 5.000 urte

Arabar Errioxan, Guardian, dago «San Juan Ante Porta Latinam» aztarnategia.
Arabar Errioxan, Guardian, dago «San Juan Ante Porta Latinam» aztarnategia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hala izango lituzke, gutxienez, hilabete hasieran «Nature» eta «Scientific Reports» aldizkarietan argitara eman denez. Non eta Arabar Errioxan. Guardian aurkitzen den “San Juan Ante Porta Latinam” aztarnategiko 338 gorpuzkien gainean egin ikerketa berriak, orain arte uste zena baino ia bi mila urte lehenago kokatzen du gizataldeen arteko lehen eskala handiko guda. Europar Neolitikoan ez da gatazken informazio handirik eta, beraz, pentsatzen zen gertakari hauek hogei bat kideren arteko egun gutxiko talkak izango zirela, gehiagorako gaitasun logistikorik izango ez zutelakoan. Arabako aztarnategian, baina, 338 gorpu hilobiratu ziren batera, Neolitiko berantiarrean, eta 1990eko hamarkadan egin indusketan buruko traumatismo bakarra topatu bazen ere, berrikusketa honetan beste 77 gorpuk traumatismoren bat dutela antzeman dute; ia hilobiratuen laurdenak.

Aranzadi, Oxford, Aix-Marsella eta Kantabriako Unibertsitateek batera egin duten lanean, sendaturiko eta sendatu gabeko zaurietan jarri dute arreta: 65 trauma sendatu gabeak ziren bitartean, beste 89 sendatutakoak ziren, gatazka hilabeteetan luzatu izan zela iradokitzen dutenak. Gainera, traumatismo hauek batez ere gizon nerabe eta helduetan antzeman dira, sendatu gabekoen %97,6 eta sendatuen %81,7 zehazki. Ikertzaileen ustez, emaitza hauek agerian uzten dute gizonak zirela batez ere indarkeria pairatu zutenak, eta beraz, haiek zirela gerlariak, nahiz eta modu desordenatuan hilobiraturiko gorpuen artean haur eta emakumeak ere antzemateak agerian uzten duen gatazkak adin eta sexu guztietako pertsonei eragin ziela.

Bestetik, hezurretan desnutrizio seinale nabarmenak topatu izanak iradokitzen du gatazkak albo kalteak utzi zituela biztanleria osoan, eta horrek guda forma sofistikatu eta formalizatuago baten berri ematen du. Argi dute, gizataldeen arteko indarkeria antolatuan salto kualitatibo eta kuantitatibo bat bizi izan zuten lurralde honetan finkaturiko nekazari eta abeltzain taldeek. Gatazkaren jatorria ez da argia, baina litekeena da presio demografiko handiko garai bat bizi izana eta kultura desberdinetako taldeen artean lehia sortu izana, inguruko beste leku batzuetan ere aurkitu baitira antzeko indarkeria zantzuak (garezurreko traumatismoak, gezi zauriak...), komunitate arerioen arteko indarkeria egoera iraunkor baten irudia ematen digutenak, ordura arte ikusi ez den neurrian.

Bost mila urte beranduago, zer esan herrien arteko indarkeriaz. Kualitatiboki eta kuantitatiboki. Herri baten genozidioaren erdian heldu zaigu emakumeen* aurkako indarkeriaren aurkako eguna ere. Auskalo noraino jo behar ote dugun honen jatorriaren bila! Indarkeria, euskaraz, indarraren gehiegikeria litzateke, eta borondatedun eta kontzientziadun izakiei dagokigu; bataren borondatea besteari ezartzeaz ari gara, beraz. Ezarriko al da herri zapalduen borondate apurtxo bat bederen? Izan bedi azaroaren 25a emakumeen* indarkeriaren eguna! •