GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Arrakastaren definizioa

Williams ahizpen inguruko dokumentalaren afixa. (GAUR8)

Malcom Gladwell idazleak «10 mila orduen araua» ezagun egin zuen bere liburuetako batean, besteak beste Beatles eta Bill Gates adibidetzat erabiliz. Alegia, mundu osoan ospea lortu aurretik, Beatles taldeak 1960 eta 1964 urteen artean, Hanburgon 10 mila ordu baino gehiago entseatu zituen. Ondoren izandako arrakastaren baldintza ezinbestekoa zela hori esaten du Gladwellek. Bill Gatesek lehenengo aldiz ordenagailu bat erabiltzeko aukera izan zuenean, 10 mila ordu baino gehiago eman zituen programatzen. Ordenagailu hura erabiltzeko aukerarik izan ez balu eta 10 urtez astero 20 orduko lanketa bera egin ez balu, ez litzatekeela sekula iritsiko gaur dena izatera ondorioztatzen du Gladwellek.

Hamar mila zenbakiaren erabilera hautazko sinplifikazio bat zela egotzi diote askok, eta azaldu nahi den kontzeptuaren hurbilketa bat dela kontsideratzen dute. Noski, ez dago zalantzarik, zerbaitetan emandako denboraz gain, beste hainbat aspektu daudela (genetika, ingurua, inteligentzia emozionala eta beste).

David Beckhamen futbol ibilbideari buruz egindako dokumental batean kontatzen da aita eta semearen arteko harremana bere arrakastaren oinarria zela. Agidanez, aitak ez zuen semea inoiz ongi egindako zerbaitegatik zoriondu, hobetu beharrekoetan enfokatzen zela esaten zuen. «Bestela batek etsi egiten du, eta beti dago hobetu daitekeen zerbait», horregatik behin eta berriz korner jaurtiketak eginez orduak eta orduak ematen zituen.

Richard Williams, Venus eta Serena Williams tenislarien aita bezala egin da ezaguna. Alabentzat definitu zuen bizitza eta patu hura: batzuentzat, obsesio inposatua; besteentzat, amets bat lortzeko ezinbesteko diziplina. Bi ikuspegi polarizatu sortu ditu eta, kanpotik begiratuz, denok gara kritiko eta iritzi bat izatea zilegi dela iruditzen zaigu; nahiz eta tartean beste hainbat aipu garrantzitsu ahazten zaizkigun, adibidez, munduko tenislari hoberenak “diseinatzen” zihoan heinean, arrazakeria eta klase sozialen arteko muga asko hautsi zituela. Gladwellen printzipiora itzuliz, Venus eta Serena haurrak zirela, entrenatzen emandako 10 mila orduak hor daude. Aita eta alaben istorioa biltzen duen dokumentalean, 14 urteko Venus Williamsi ea hurrengo partidako aurkaria nola ikusten duen galdetzen dio kazetari batek. Williamsek ziurtasunez erantzuten du: «Badakit irabazi egingo diodala». «Uste osokoa dirudizu», erantzuten dio kazetariak. «Bai, ados nago, halakoa naiz», erantzuten dio Williamsek. «Halako ziurtasunez esaten duzu hori, zergatik?», jarraitzen du kazetariak. Neskaren jarrerak enbarazu egingo balio bezala. Une horretan, aitak elkarrizketa eteten du eta bertan behera uzteko eskatzen dio.

«Zergatik jartzen duzu zalantzan 14 urteko neska baten segurtasuna? Zergatik jartzen diozu beharrezkoa ez den presio hori?» 14 urteko neska, 14 urteko mutila izango balitz, gauza bera galdetuko ote lioke?

Emakumeen eskubideen berdintasunaren borrokan lana egiten duen norbait elkarrizketatu nuen aurreko astean, eta hau esaten zien gela birtualean elkartu ziren eta ibilbide profesionalaren hasieran zeuden emakumeei: «Ziurtasuna edukitzea ongi dago, asertziozko aipuak egitea ere bai eta arrakastatsua izatea ere bai. Ez daukazue justifikatu beharrik». Gladwellen 10 mila orduak, bere horretan bakarrik, ez dira baldintza bakarra. •