DEC. 02 2023 Gizatasunik gabeko gizakiak Koldo SAGASTI Ez dakit noiz utzi zion telebistak Gazako populazio zibilaren aurkako genozidioaren biktimen kopuruak emateari. Duela bizpahiru aste izango zen. 5.000 edo 6.000 hildakotik gora baten batek erabaki zuen ez zela lehenengo lerroburura ekartzeko moduko datu esanguratsua. Horregatik, nazioarteko prentsara jo behar izan dut jakiteko dagoeneko 20.000tik gorakoa dela azken bi hilabeteotan Israelgo erregimenak eraildako palestinarren zifra. Hain gaude ohituta Palestinako herritarren etengabeko sarraskira non ohitzera ere iritsi garen. Normalizatu dugu, nolabait, heriotza dagokien patu ekidinezina dela. Telebistako pantailetan ikusi ditugu, noraezean, birrindutako etxeen hondakinen artean oinutsik, zama gainean eraman dezaketena besterik ez dutela, testuinguru politiko eta historikorik gabeko albisteen protagonista, eta apurka-apurka lehenengo orrietatik letra txikira zokoratu dituzte. Ekialde Hurbileko informazioan bereizitako kazetari free-lance bati entzun nion duela gutxi hedabideek jada ez dituztela erosten palestinarren giza eskubideen urraketei buruzko erreportajeak, albiste izateari utzi diotelako. Albiste batek, antza, ezohikotik zerbait behar du albiste izango bada. Pasa den astean, Bakea eta Duintasuna erakundeak antolatutako mintegi batean, Lubnah Shomalik, errefuxiatu palestinarren eskubideak defendatzen dituen Badil erakundeko ordezkariak, azaldu zuen palestinarren oinazearen normalizazio hori deshumanizazio estrategia baten ondorioa dela. Alegia, historian zehar beste hamaika kolonizazio prozesutan gertatu den bezala, zanpatzaileak gizatasuna ukatzen dio zanpatuari, gizaki izaera bera ere ez dio onartzen, horrela, iritzi publikoak haren kontrako balizko gehiegikeriak errazago irentsiko dituelakoan. Izan ere, 20.000tik gora hildako horiek geureak bezalako izen-abizenak, familiak, sentimenduak, ametsak eta proiektuak dituztela benetan jabetuko bagina, ezingo baikenuke gauez lorik egin. Eta erantzu-kizunak eskatzen has gintezke. •