Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Lerro artean

Zalantzati. Zaurgarri. Zabar. Hala sentitu da Z, proposamena jaso duenean: iritzi artikulu bat hilero, 3.000 karaktere pasatxo. Zer esan, nola esan, nori, nondik, zergatik... galdera dantza buruan eta sabelean. Aurreneko alea erdi idatzita dauka, eta oraindik baiezkoa emateko. Lerro artean galtzea gustuko du, baina besteenetan. Bereak, berarentzat bakarrik, ondo gordetako koaderno batean. Beldurra eragiten dio koadernoa besteei zabaltzeak.

Zalantzati. Zaurgarri. Zabar. Hala sentitu da U, egunkariko erredakzioan. Azaroaren 30a da, agendan aspalditik gorriz eta morez markatutako eguna; bezperan egin du greba, egunean bertan grebaren jarraipena egitea tokatu baitzaio. Goizetik ibili da kalean, mobilizazioetan ikusitakoak, entzundakoak eta sentitutakoak idatziz, nola adierazi oso argi jakin gabe. Beldurra eragiten dio argazkia aukeratzeak, lehen lerroa erakargarri idazteak, titularreko ideia nagusiak, azpititularreko zifrak.

Zalantzati. Zaurgarri. Zabar. Hala sentitu da A, azaroaren 30eko iluntzean. Jendez gainezka dago kalea, manifestazioa abiatzear. Pankartan joateko proposatu zioten batzordeko azken bileran, eta horrek beldurra eragin dio. Lehen lerroa hartzeko gonbidapena, jakinagatik bera baino aurrerago joan beharrekoak badirela egun horretan. Kontraesanak eragin dizkio, gurasoenean bizi zenean amonaren zaintzaz ez zelako arduratu (amak zaindu zuen urte luzez amona, aitaren ama). Gaur egun ere eragiten dizkio kontraesanak, tartean, auzoan dauden etxeko zaintza langile egoiliarrak eta haien egoera ez ezagutzeak.

Zuzen. Zurrun. Zuri. Hala irudikatu zaitut zu. Abenduaren 2a da, larunbata. Goizean garaiz jaiki, etxekoak esnatzerako, eta hiru orduz korrika egin duzu; asteroko entrenamendua. Gero, dutxa bat hartu, eta ohiko tabernarako bidea egin duzu. Bazkalaurreko hiruzpalau ardoak sakratuak dituzue kuadrillan. Lehenengoa iritsi zara tabernara, ez dago lagunik oraindik. Barrako lehen lerroa hartu duzu, eta ardoa eskatu. Erabakita daukazu: ostegunean etxeko zaintzaz arduratu zinela kontatuko diezu kuadrillakoei, eta iluntzeko manifestazioan azken lerroan joan zinela. Asteburuko futbol agendari lotutako elkarrizketa amaigabeari ekingo diozue gero. Barran bertan eseri zara, egunkaria hartu duzu eta lerro arte honetan murgildu zara.

Idatzi ditu lehenengo iritzi artikuluko azken lerroak Zk; berriro ez irakurtzea erabakitzean, telefonoa hartu, eta baiezkoa eman dio kolaborazio proposamenari. Aukeratu du argazkia Uk, findu du titularra eta bidali du albistea. Lehen lerrora joan da A, eta heldu dio pankartari; irribarre egin dio ondokoari eta abiatu da manifestazioa. Kito, ez dago atzera bueltarik. Elkarri mezu bana idatzi diote gero hirurek, ondokoaren babesa eskatzeko eta eurena eskaintzeko asmoz. Asteburuan elkartuko dira hiru lagunak, elkarren zalantzak, zaurgarritasunak eta zabartasunak batera arintzeko eta osatzeko. Ostegunekoa ospatzeko. Kito, ez dago atzera bueltarik.

Barrako lehen lerroan jarraitzen duzu, kuadrillakoak iristeko daude oraindik. Esku artean duzun iritzi artikuluaren azken lerrootara iritsi zara. Kopa hartu, eta ardoari trago egin diozu. Bakarrik jarraitzen duzu. Artikuluaren lerroartean berriro galtzeko aukera daukazu. Ordea, beldur zara zalantza eragingo ote dizun; ez testuak, ezpada zeure buruak. •