«Ez genuen uste heriotza hain ederra izan zitekeenik»
Vasili Kovaltxukek dei bat jaso zuen 1986ko apirilaren 26ko eguerdian. «Txernobylera berehala joateko agindu zidaten. Ez nekien zertarako». Bi aste igaro zituen lehertutako zentralaren inguruan lanean, betiko gaixotu zen eta ez zuen sekula gehiago «bide garbirik» aukeratzerik izan bizitza aurrera ateratzeko.
Kovaltxukek 55 urte dauzka orain. Galtza bakeroak daramatza, kamuflajeko jaka eta buruan beti txapela. Txapela kentzen du, eskuineko bekaina zeharkatzen dion arrasto gorria erakusteko. “Txernobylgo lepoko” ospetsuaren aldaera bat da: ukrainar eta bielorrusiar askok orban gorri bat daukate lepoan, alderik alde, erradiazioaren erruz tiroideko minbizia izan zutelako eta glandula hori erauzi zietelako. Kovaltxuki, aldiz, osteoma bat kendu zioten, bekainaren gainean atera zitzaion hezur tumorea.
Txernobylgo laugarren erreaktoreak goizaldean eztanda egin zuenean, 01.23ak zirela, Kovaltxuk lo zegoen Korogod herri txikian, gurasoen etxean, zentraletik 14 kilometrora. 28 urteko soldadu sobietarrak lasai asko egin zuen lo; larunbata zen eta armadan eguna libre emana zioten. Goizean jaiki, gosaldu eta gurasoekin atera zen patatak ereitera. Larunbat zoragarria zen, dio Kovaltxukek, udaberriko goiz bero bat. Aitzurra hartuta lurra iraultzen hasi zen.
Ordu horretan zentral nuklearra sutan zegoen. Leherketak erreaktorearen nukleoa eta eraikuntzaren teilatua txikitu zituen eta labe nuklear hartatik ke zutabe lodi bat aireratzen ari zen, 1.500 metroko altueraraino. Kovaltxukek tirantedun kamiseta batekin lurra lantzen zuen bitartean, zerutik euri isil eta ikusiezin bat ari zen bere gainean erortzen, zesioa, estrontzioa, iodoa, plutonioa, neptunioa, zirkonioa, kadmioa, berilioa, lantanoa, errutenioa eta beste hainbat partikula erradiaktiborekin.
–Deia jaso ostean, autoa hartu eta Txernobylera presaka joan nintzen. Hondarrezko zakuak betetzen hasteko agindu zidaten.
Segurtasun proba bat egiten ari zirela lehertu zen erreaktorea. Suhiltzaileak minutu gutxitan iritsi ziren: hondakin erradiaktiboak eskuz kendu zituzten, teilatu lehertura igo eta kanpoko suteak hiru ordutan itzali zituzten. Hurrengo egunetan banan-banan hiltzen hasi ziren, erradiazioarengatik.
Zentralaren ondoan, erradiazioa normala baino milioika aldiz handiagoa zen. Vodolazski koronelak, helikoptero pilotuen buruak, 120 aldiz egin zuen hegan zentralaren gainetik. Ke zutabe kiskalgarri eta erradiaktiboan sartzen zen helikopteroarekin, burua leihotik atera behar zuen non zegoen begiratzeko eta zakuak jaurtitzen zituen, hondarrez, berunaz eta boroz betetako zakuak, sute atomikoa itzaltzen saiatzeko. Lehen hegaldien ondoren lana uzteko agindu zioten erradiazio handiegia jaso zuelako, baina jarraitzea erabaki zuen. Pilotuek bost mila tona material jaurti zituzten zulora, hamar egunez, garrak itzali arte. Vodolazski berehala hil zen.
Egun haietan beste arrisku oso larri bat egon zen: urtutako erregai nuklearra lurpera iragaztea. Bi mila graduko laba hori zentralaren azpiko ur-biltegi handietara jausiz gero, bapore leherketa itzelak gertatuko ziren. Eztanda horiek Txernobylgo beste hiru erreaktoreak ere suntsi zitzaketen, material nuklear guzti-guztia atmosferara askatu eta Europa osoan apokalipsia zabaldu arte. Sistema automatikoak matxuratuta zeudenez, norbaitek ur-biltegi horietan murgildu eta ateak eskuz zabaldu behar zituen, ura lehenbailehen askatzeko.
Ananenko eta Bezpalov ingeniariek ume txikiak zeuzkaten. Ondo zekiten heriotza seguru baterantz zihoazela. Baina urpeko jantziak hartu zituzten.
Baranov teknikari gazteak ere lagundu zien, ur-biltegiaren ertzetik argia emango zuen norbait behar zutelako. Lurpera jaitsi, ur erradiaktiboak emititzen zuen distira urdinetan murgildu eta ateak eskuz zabaldu zituzten. Milioika litro ur zentraletik ateratzen hasi ziren.
Txernobylen ez zen beste leherketarik gertatu. Suhiltzaileek bezala, Ananenkok, Bezpalovek eta Baranovek milaka bizitza salbatu zituzten. Suhiltzaileak bezala, egun batzuk geroago hil ziren hirurak.
Hurrengo asteetan, milaka langile aritu ziren katastrofea mugatzeko lanetan: likidatzaileak. Kutsatutako basoak bota zituzten, lur erradiaktiboenak palaz kendu eta hobi sakonetan lurperatu zituzten (bai: lurra lurperatu), eta porlanezko sarkofago handi bat eraiki zuten zentralaren inguruan. «Txernobylgo heroiek badute monumentu bat: euren eskuekin egindako sarkofagoa», idatzi zuen Svetlana Alexievitx kazetariak. «Porlanezko sarkofagoaren barruan sugar nuklearra itxi zuten. XX. mendeko piramide bat da».
Txernobylera iritsi zenean, Kovaltxuki pala bat, arnasa hartzeko maskara eta tiroidea babesteko iodo pilulak eman zizkioten.
–Aire librean aritu ginen zakuak hondarrez betetzen, gero helikopteroetatik botatzen zituztenak. Orduko 2 eta 5 milisievert artean jasotzen genituen.
Pertsona batek urtero 2 edo 3 milisievert jaso ohi ditu, airearen eta lurraren erradiazio naturalarengatik. Europar Batasuneko legeak ez die uzten zentral atomiko bateko langileei urteko 50 milisievert baino gehiago jasotzea. Kovaltxukek egun pare batean gainditu zuen dosi hori. Eta hamalau egun igaro zituen Txernobylen.
–Sobietar Batasuna desagertu zenean, 1991n, armada utzi eta lan bila hasi nintzen Kieven –dio Kovaltxukek–. Baina Txernobylgo likidatzailea nintzela jakiten zutenean, ez zidaten posturik eman nahi. Gaixotuko nintzela uste zuten, arazoak sortuko nizkiela. Lan solte bat edo beste ematen zidaten, autoak pintatzen, autobusak gidatzen, besterik ez.
Berehala osteoma atera zitzaion bekainean. Tumorea kentzeko bi ebakuntza egin zizkioten eta ordutik buruko minak dauzka ia egunero. Pankreatitisa, gastritisa, digestio-aparatuko gaitz kronikoak etorri ziren ostean. 40 urterekin, Ukrainako Gobernuak erretiroa eta baliaezintasun pentsioa eman zizkion (hileko 220 euro; batez besteko soldata 300 eurokoa da).
Inork ez daki zenbat hil ziren edo zenbat hilko diren katastrofearen ondorioz. Lehenengo egunetan 31 hildako zenbatu zituzten: zentraleko langileak, suhiltzaileak, hasierako likidatzaileak. Nazio Batuen txosten batek dioenez, heriotzak 4.000 inguru izatera hel daitezke. “International Journal of Cancer” aldizkariaren arabera, katastrofeak 41.000 minbizi kasu gehiago eragingo ditu. Baina ezin da zehatz neurtu: estimazio hutsak dira.
Txernobylgo zentralaren inguruan, 30 kilometroko erradioan, Eremu Debekatua hedatzen da egun. Sartzeko baimena Kieven eskatu ondoren, bi polizia kontrol zeharkatu behar dira, eta, irteterakoan, gorputzeko erradiazioa neurtu badaezpada.
Errepidea zuzen doa lurralde bakartian, pinudi eta urkidien artean. Tarteka landetxe abandonatuen hondakinak agertzen dira. Katastrofearen ondoren 76 herri hustu eta lurperatu zituzten, eta orain basoaren erdian lur piloak ikus daitezke, erradiazioaren ikonoa daukaten seinaleekin.
–Herritik ebakuatu gintuztenean –dio Kovaltxukek–, gure izenak idatzi genituen ateetan, leihoetan, hormetan. Amonak arto-aleak zabaldu zituen txorientzat, janaria utzi zien katuei eta zakurrari, sagarrondoak laztandu eta banan-banan hitz egin zien agur esateko. Aitonak txapela kendu eta burua makurtu zuen etxetik azkenekoz atera zenean. Aste batzuk geroago, herriko arotza ezkutuan itzuli zen bere etxeko atea lapurtzera. Ate horretan seinaleak zeuden, seme-alabak hezten zihoazen heinean egindakoak, baita arotza bera umea zenean egin zizkiotenak ere; eta atea bere lekutik ateratzen zuten familiako hildakoak etzan eta beilatzeko. Gure ohitura zen. Arotzak ate horren gainean beilatu zuen bere aita. Atea lapurtu zuen, ate erradiaktiboa, bertan bere bizitza idatzita zegoelako.
Istripuaren ondorengo asteetan, 135.000 pertsona ebakuatu zituzten. Soldaduak kamioietan iritsi ziren, biztanleak kanporatu, animaliak tiroka hil, etxeak bota, autoak txikitu eta zuhaitzak lurperatu zituzten.
Basotik atera eta hiri txikia agertzen da, ezustean: etxeak zainduta daude, autoak daude, jendea kalean gora eta behera doa.
Txernobyl herria da. Hamabost mila biztanle zeuzkan katastrofearen aurretik eta hiru mila inguru orain, baina langileak dira denak: hamabost egun pasatzen dituzte hemen eta beste hamabost egunez Eremu Debekatutik irten behar dute derrigorrez.
Langileetako batzuk sarkofago berria eraikitzen ari dira, lehertutako erreaktorea estaliko duen kupula eskerga. Zentraleko beste hiru erreaktoreak desmuntatzen dihardute batzuek. Txernobylen badira zientzialariak, mekanikariak, errepideak mantentzen dituztenak, suhiltzaileak, basozainak… Herri txukun bat osatu dute, arrunta, aspergarria, kezkagarria: ez dago ez zaharrik ezta umerik ere.
Kilometro batzuk aurrerago, Pripiat ibaiaren lautadak zibilizazio ahaztu eta ikaragarri baten hilobi-eremua ematen du. Aro nuklearreko monumentu kolosalak ageri dira: paralizatutako lau erreaktoreak, inoiz martxan jarri ez ziren beste biak, tximinia koniko erraldoiak, pabilioi amilduak, dorre elektrikoak, hodiak, garabiak, kanalak, aintzira artifizialak. Isilik dago dena. Erradiazioa neurtzen duen Geiger kontagailuaren hotsak bakarrik entzuten dira, gatz aleak sutan bezala.
Txernobylgo laugarren erreaktoreak, orain, tenplu mesopotamiar bat ematen du bertsio futuristan. Porlanezko bloke erraldoia da, kontrahorma sendoekin; aldamio eta eraztun metalikoek eusten dute tximinia. Magma beldurgarria gordetzen du oraindik: 80 tona erregai nuklear eta 70.000 tona gai kutsagarri daude, laba bero, korrosibo eta erradiaktibo bihurtuta.
–Magma horrek piztuta jarraituko du mendetan zehar –dio Kovaltxukek– eta sarkofago berri batekin estaltzea beste planik ez daukagu.
Erreaktoretik ehun metrora, Geiger kontagailuaren txinparta hotsak azkartu egiten dira, burrunba histeriko batera iritsi arte. Pantailako zifrak ziztu bizian igotzen dira. Maila normala baino ehun aldiz handiagoa da erradiazioa, baina, hala ere, orduko 0,001 edo 0,002 milisievertekoa da bakarrik. Zentralaren inguruan lasai egon daiteke denbora mugatuetan. Likidatzaileek gogoz garbitu zuten ingurua: hormigoizko sarkofagoa eraiki, zentralaren inguruko lurra berritu, asfalto garbia zabaldu...
Horri esker, orain ehunka pertsona lanean ari dira erreaktorearen ondo-ondoan, sarkofago berria altxatzen, gehiegizko arriskurik gabe: 105 metroko altuera, 150eko luzera eta 260ko zabalera izango duen altzairu eta porlanezko kupula bat da, 2015eko amaieran bukatu eta errailetatik garraiatuz erreaktorearen gainean jarriko dutena.
Hiru kilometro aurrerago, errepidea etxebizitza oso garaien artean sartzen da. Sasiak eta zuhaitzak hazi dira kaleetan, hiria estali arte, baina sarreran bide estu bat irekita mantendu dute, landarediaren artean pasa ahal izateko.
Pripat da, hiri fantasma. Hirigintza sobietarraren harribitxia zen, hiri modernoa, eredugarria, 1970ean sortua Txernobylgo zentraleko ingeniari eta teknikariak hartzeko. Etorbide zabaletan etxebizitza bloke garaiak altxa zituzten herrenkadan, panoramika ederrekin, parke, plaza eta ibai ondoko paseoen artean. Sobietar Batasuneko merkataritza gune onenak zeuzkan, kiroldegiak, antzokiak, kontzertu aretoak, hotelak. 49.000 biztanleen artean gehienak bikote gazteak ziren, haur mordoarekin, eta batez besteko adina 26 urtekoa zen. Atomo baketsuaren oparotasuna erakusten zuen hiria, hiri optimista: horixe zen Pripiat. Hamasei urte geroago, betiko abandonatu zuten.
Txernobylgo laugarren erreaktorea lehertu zenean, agintariek ez zuten inolako oharrik zabaldu. Apirilaren 26an, larunbata, hodei erradiaktibo ikusezina hirian zabaltzen zen bitartean, familiak lasai paseatzen ibili ziren, umeak parkeetan jolasean, arrantzaleak ibaian arrainak harrapatzen. Biztanle askok esan zuten zapore metaliko arraro bat sentitu zutela ahosabaian. Partikula erradiaktiboen zaporea zen. Batzuek buruko min handiak izan zituzten, eztulak, gonbitoak, diarreak. 52 pertsona ospitaleratu zituzten erradiazio maila altuekin.
Gauez familiak balkoira irten ziren ikuskizunaz gozatzeko. Halaxe kontatu zuen Pripiateko Nadezhda Vigovskaiak:
–Bederatzigarren solairuan bizi ginen, zentral nuklearra hiru kilometrora ederki ikusten genuen. Eta gau hartan marrubi koloreko argia ateratzen zen zentraletik, oso distira argitsua, oso berezia, oso ederra. Erreaktorea barrutik argituta zegoela ematen zuen. Jendeak umeak ateratzen zituen balkoira. Besoetan altxatzen zituzten. «Begira», esaten zieten, «adi begiratu, hau gogoratu egin behar duzu». Denak hauts hori arnasten egon ziren, solasean, ikuskizunaz gozatzen. Ez genuen uste heriotza horren ederra izan zitekeenik.
Hiria ebakuatzeko agindua berrogei ordu geroago eman zuten. Autobusak joan ziren biztanle guztiak ateratzera eta etxetik ezer ez hartzeko esan zieten: dokumentazioa, dirua, janari pixka bat, besterik ez. Hiru egunetan arazoa konponduta egongo zela eta etxera itzuliko zirela agindu zietan.
Hogeita zortzi urte geroago, abandonatutako etxeen artean basoa hazi da: urkiak, pinuak, makalak, hurritzak, sagarrondoak. Sasiek plazak estali dituzte. Azeriak, basurdeak eta erbiak etorbideetatik paseatzen dira noizean behin.
Hamabost solairuko etxe barruetan antzinako jabeen gauzak daude oraindik: garbigailuak, telebistak, aulkiak, oheak maindireekin, platerak mahaietan jarrita, zapatak, hortzak garbitzeko eskuilak, liburuak, familien argazki albumak.
Hezurrak ere bai. Alfonbra gainetan, hildako katu eta zakurren hezurrak. Eta txorien hezurrak kaiola barruetan. Jendeari esan zioten ur eta janari pixka bat uzteko animaliei, hiru egunetan berriz ere itzuliko zirelako.
Kovaltxukek azken bisita bat egin zuen, ezkutuan.
–Basoko bideetatik, kontrol militarrak saihestuz sartu nintzen. Kieven inork ez zidan lanik eman nahi, miseria gorrian nengoen eta taxi gidari bezala saiatu nahi nuen nire kabuz. Horregatik joan nintzen Pripiatera, katastrofearen ondoren han gelditu zitzaidan autoa berreskuratzera. Ondo garbitzen saiatu nintzen baina Geiger kontagailua hurbiltzen nionean, zarata ederra ateratzen zuen…
Autoarekin hilabete batzuk pasa zituen, jendea hara eta hona garraiatzen.
–Taxia erradiaktiboa zen, bai, baina bizitzeko behar nuen. Askori bizitza betiko kutsatu ziguten. Ez dugu aukerarik izan bide garbiak aukeratzeko.
“Txernobil txiki bat etxe bakoitzean” Ander Izagirreren liburuko pasarteak. Hurrengo astean jarraipena.