OCT. 18 2014 Teknologia, hezkuntza eta generoa EHUko Informatika Fakultateko e-makumeak taldeko kideak Teknologia entzutean makinak irudikatzen ditugu: trenak, autoak, fabriketako makinatzarrak... gailu edo tramankulu mekanikoak, alegia. Azken urteotan, ordea, teknologia berriak deritzonak sortu dira: ordenagailuak, robotak, aisialdirako eta etxeetarako trepetak... gailu elektronikoak, oro har. Makina mekanikoak pertsonen lan fisikoa arintzeko diseinatzen dira; gailu elektronikoak, berriz, beste zeregin batzuetarako: informazioaren tratamendua azkartzeko (ordenagailuak, kasu) edota pertsonen arteko komunikazioa zabaltzeko (telefonoak...). Hortik IKT terminoa: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, Informatika eta Telekomunikazioak barne. Teknologien irakaskuntza/ikaskuntza, hezkuntza mundua. Historikoki, teknologia mekanikoak eta halakoak ingeniaritza eskoletan ikasi eta irakatsi dira. Telekomunikazioak ere hasieratik bertatik ingeniaritza eskoletan txertatuak izan ziren. Informatikarekin, ordea, zerbait berezia gertatu zen. Hastapenetan, zailtasun teknologikoen kausaz, ezagutza teorikoek hartu zuten aurrea. Hala, gure inguruan (Hegoaldean, behinik behin), informatika ez zen ingeniaritza bat, lizentziatura bat baizik, eta informatika fakultateak sortu ziren unibertsitateetan. Bertan, informatikaren alor guztiak ikasten ziren: softwarea edo programazioa, hardwarea edo ordenagailuak, konputazioaren teoriak, eta abar. Baina ordenagailuak ez zeuden edonoren eskura: kalkulu zentroetan bakarrik zeuden, eta bertan teknikariak bakarrik aritzen ziren lanean; programatzaileek, nolabait, lan “teorikoagoa” egiten zuten, ordenagailutik aldenduta, beraien programak azkenean ordenagailuetan exekutatzen ziren arren. Elektronikaren garapen azkarrari esker, ordenagailuak zabaltzen joan ziren, eta beste ikuspuntu bat hasi zen indartzen; ikasketen izena eta izaera ere aldatu zen: Informatika Ingeniaritza bihurtu zen lehen lizentziatura zena. Horrekin batera, jendartean ere informatikaren berri zabaltzen joan zen, eta ordenagailuak edonon agertzen hasi ziren; hortik, informatikariaren estereotipoa sortzen hasi zen: mutil gaztea, bakartia, pertsonekiko harreman eskasekoa… Ondorioz, emakumearen presentzia ahultzen hasi zen: informatikaren lizentziaturan emakumezkoek osatzen zuten ikasleen erdia gutxi gora behera, baina ingeniaritza bihurtzearekin bat, emakumezko ikasleen kopuruak behera egin zuen. Generoa. Orain dela ez hainbeste, emakumeek debekatua zuten unibertsitatean ikastea. Pribilegiatu batzuek baino ez zuten lortzen prestakuntza jasotzea, haien etxeetan, irakasle partikularrekin, baina betiere “osagarri” edo “apaingarri” gisa, ezkontzean etxekoandre bihurtuko baitziren (lehen programatzailetzat hartzen den Ada Lovelace horren adibide). Emakume aitzindarien borrokari esker, hainbat eskubide erdietsi ziren. Gaur egun, gure jendartean, gezurra emango luke egoera horrek, ez bada historia liburuetan eta dokumentaletan agertzen delako. Emakumeok, teorian, nahi duguna ikas dezakegu. Baina emakumeak jakintza arlo batzuetara lerratzen dira gehienbat: ikasketa humanistikoak, hezkuntzarekin erlazionatuta daudenak edo osasunarekin zerikusia dutenak. Ikasketa tekniko edo ingeniaritzak, gehienbat, maskulinoak dira, azken urteotan emakumeen presentzia handitzen joan den arren. Ingeniaritzetan ikasten dena mundua eraldatzeko erabiltzen da. Zeregin horretan munduko biztanleriaren erdiak zeresan handia eta garrantzitsua dauka. Gure esku dago, beraz, emakumeon esku, alegia, teknologian eragitea ildo horretatik, mundua hobetze aldera eraldatzeko, pertsonak kontuan hartuz. •