Jon GARMENDIA
Interview
Aurore Martin
Iraganeko zuloari etorkizuna josten

«Galtzear den jostungintzari eutsi, eta enplegua sortu nahi dugu»

Urte askoan politikan eta militantzian aritu da. Orain, birziklate bidean ote dagoen iruditu zaigu, martxan jarri duen jostundegiko arropa bezala

Errobik zeharkatzen duen Lapurdiko herri xarmagarria da Kanbo, batzuentzat, Edmond Rostanden lurreko paradisua, “Cyrano De Bergerac” idatzi zuen poeta antzerkigilearena; besteentzat, terma eta bainuetxe ingurunea da, eta burua zuritutako gazte askorentzat, aldiz, herri historikoa, 2.000n Bidasoaren bi aldeetako gazteak elkartu baitziren bertan, Gazte Topagunearen karietara, gazte mugimenduaren batasuna aldarrikatu eta indartzeko xedez. Urte honetako apirilaz geroztik, han dago Orratzetik Hari elkartea, filosofia alternatiboekin sortutako jostunen elkartea, enplegua sortu, ofizioa ikasi eta irakasteko asmoarekin. Herriko Etxetik eta Posta zerbitzutik hurbil, erdigunean kokatutako etxe bat da elkartearen egoitza, eskuz egindako panelak ematen du ongi etorria, eta han dago idatzita etxe horretan zein duten lanbide: Joste-sorkuntza-birziklatze-atelierrak. Aurore Martin da elkarte horren sortzaileetariko bat, eta berarekin jarri dugu hitzordua, gaur egun zertan dabilen jakiteko.

Maulen sortua da Aurore, orain dela 35 urte, Zuberoan. Egun, Eiheralarren bizi da, hala ere, Nafarroa Beherean, eta Kanbon egiten du lan, Lapurdin; Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako errepideak buruz ezagutzen ditu ia, batetik, geografikoki eremu ttipia delako, eta, bestetik, ohitura handia dutelako lurrotako biztanleek alde batetik bestera ibiltzeko. Hala bada, Aurorek gaztaro osoa eman du harat-honat: «Politikan aritu naiz ainitz urtez, militantzian, herri batetik bestera joan-jinak egiten. Jateko lanak deitzen ditugun horietan ere ibili izan naiz, ostalaritzan eta halako gauzetan». Hizketan hasi bezain laster aitortu digu aldatu egin dela bere bizitza, eta etxe horretako arropa batzuk bezala, bera ere birziklatze bidean ote dabilen iruditu zaigu, bere nortasuna berrasmatzen balego bezala, baina ez, aspaldiko kontu baten segida da oraingo hau. «Gaztetan, lau urteko formakuntza bat pasa nuen, jostun izateko; ikasketak egin ondotik Ipar Euskal Herrian lan egitea nuen helburu, ikasitakoa praktikara eramateko, hori lortzeko, ordea, hemendik joan behar nuen, eta ez nuen halakorik nahi. Urteak joan dira geroztik, hamarretik gora». Eta josi gabe urte horiek guztiak egon ondoren, praktikarik galdu ote duen galdetu diogu: «Oker ez banaiz, badira 13 urte formakuntza amaitu nuela, baina etxean beti segitu dut gauzak egiten, argi da nekienetik zerbait galdu dudala, baina beste gauza asko bezala ahanzten ez den zerbait da hau, berriro hasi eta segidan etortzen zaizuna».

Orratzetik hari elkartea

Ez da jostun paperean ari, haatik, sentitu egiten du, pasioa ageri du langintza honi lotutako kontuak mahaiaren bestaldetik adierazten hasten denean, eta bere oroitzapen horiek izan dira egungo zereginaren abiapuntu: «Lan desberdinetan hainbeste urte pasa ondoren, gogoa neukan nire ametsa asetzeko, plazer hartzen baitut josten dudanean, hari eta arropa artean nabilenean. Donibane Garazin hasi nintzen informazioa biltzen, etorkizun hurbil batean zer egin nezakeen jakiteko, eta gaualdi batean Maiderrekin ukan nuen gaiari lotutako elkarrizketa bat, biak ondorio berera ailegatu ginena, gainera, eta galdera pausatu genion elkarri, zergatik ez dugu guk muntatzen jostunen kolektibo bat?».

Aurorek aipatzen digun Maider, Etxeberri da abizenez, Azkainen sortua, eta 1990eko hamarkadan Piztu elkartearen partaide izandakoa. Ikusgarrien sorkuntza eta trukaketak bultzatzeko elkartea zen hura, eta besteak beste, Euskal Herria Zuzenean jaialdia jarri zuten abian.

Biek ala biek proiektu bera buruan ukanik, ez da harritzekoa Aurorek eta Maiderrek elkar ongi hartu izana. Bestalde, herriari estuki lotuak izanki, eta herriarentzat haien ahalegina eskaintzen jardun ostean, irtenbide indibidualaren xerka aritu ordez, eta urrutira joan beharrik izan gabe, proiektu alternatibo eta kolektiboa osatu izanak sortzen du harridurarik guttien. Bide horretan, lehen urratsak azaltzea eskatu diogu Auroreri: «Maiderrek formakuntza egina zuen. Argitu behar da Ipar Euskal Herrian bi gune daudela jostun formakuntza egiteko, Donibane Lohizunen bat eta Baionan bestea, helduentzakoa da lehena eta gazteentzako lizeo profesionala bigarrena, baina, behin bukatuta, ez dago lan eskaintzarik sektorean. Inportantea da hau, batez ere, ulertzeko zergatik sortu dugun gure proiektua. Maider etxean aritzen zen josten, eta lau pareta arteko bakardadean josten aritzea biziki gogorra dela aipatu nahi nuke, hau da, burua etengabe darabilkizu bueltaka. Jostea kreazioa da bestalde, eta talde batean aritzeak dena errazten du, elkarrekin partekatu daitezke ezagutzak, bakoitzak baduelako besteak ez duen jakintza bat, eta batez ere trikimailuak, zailtasun eta oztopoei aurre egiteko, edo produktu bat garatzeko. Bestela, iritzi desberdinek indartu egiten dute produktuaren prozesua, zalantzak uxatzeko manera bat da, eta aterabide bat xerkatzeko modurik egokiena».

Galderari izkin egin balio bezala sentitu da momentu batez, baina ez dugu galdera errepikatzeko denborarik ukan, hizketan segitu baitu Aurorek: «Maiderrek ezagutzen zituen jostun batzuk, eta haiei deitu zien, 10 bat denera. Bildu ginen guztiak, bakoitzak bere xedeak adierazi zituen elkartze hartan eta seik egin genuen aurrera proiektuarekin. Horrela sortu genuen Orratzetik Hari elkartea orain dela urte eta erdi inguru. 27-35 urte artean gabiltza denak, eta elkartekideek bazuten beste lanbide bat honetara bildu aitzin, beraz, errekonbertsio moduko bat da. Egitura bat sortu behar genuen lehenik eta behin, eta Bordelen ibili ginen ikasteko asmoarekin, Tolousen gero, baita Bilbon ere. Parisekoekin harremanetan sartu ginen, bestalde... guk sortu nahi genuenaren gisako elkarteek nola funtzionatzen zuten ikasteko enbeia geneukan, zein egitura juridiko zeukaten eta zein zen guk behar genuena, hau da, kooperatiba izan edo elkarte... eta lagungarria izan zitzaigun, ohartu baikinen badirela ehunka proiektu alternatibo, hau da, gure filosofia partekatzen dutenak eta gu baino lehenago sortuak. Mundu bat dago hor kanpoan».

Kuriositatea piztu digu funtzionatzeko manera desberdin horien aipamenak, eta ezagutu dituzten proiektu horietakoren baten kontatzea eskatu diogu «Adibidez, Biarnoan, Arudy herrian, baserrien eremu galduan, alimaleko enpresa zaharkitu bat dago; jabearengana joan ziren kolektibo bateko kideak, eta obrak egitearen truke espazio hori utzi zien jabeak. Gaur egun, 25 artisau elkartzen dira han, zurgintzan ari direnak, poterian, ehuntzan...baina baita antzerkian eta sorkuntza kulturalean ari direnak ere. Alferrik galtzen ari diren eraikinak baliatzeko manera bat da, eta aterabiderik ez luketen artisauek aukera bat ukaitekoa ere bai. Herriari bizitza eman, eta herritarrei ere bai».

Hizketan Biarnoraino joan garenez, urrun samar, etxerako bidea hartu dugu berriro, josteko makina batzuen artean kafea hartzen dugun bitartean. Bidenabar, harrigarria iruditu zaigu hutsik zegoen etxe honen paretek zer nolako kolorea hartu duten Orratzetik Hari elkartekoen sorkuntzekin, eta beren proiektuaren hastapenetara eraman gaitu berriro Aurorek. «Errobi inguruko herrietan aurkeztu genuen gure proiektua; Herriko Etxeei egoitza bat xerkatzen genuela adierazi genien. Bestalde, jostunengana joan ondotik, erradiografia erreal bat ukan genuen eta hura baliatu genuen errealitatea agertu ahal izateko, zehazteko zertan zen gaur egun jostungintza. Jostunen egoera larria zela ondorioztatu genuen, eta ez zela aterabide nahikorik haientzat, ez indibidualki, ezta kolektiboki ere. Isolamendua aipatzen genuen; adibidez, telefono aurkibidean ez dago jostunen atalik, sortzaileen arloan ageri dira bakan batzuk, baina ez berezko izenarekin. Jostunen sindikatua ez da gehiago Baionan, Paben baizik, eta edozein arazo duzularik, hara joan behar duzu. Honela, Kanboko herriko etxea izan zen erantzunik onena eman ziguna. Eta gure ideia hemen gauzatu dugu, tresneria dugu orain, alokairu apal bat, eta mutualizazio baten bidez beste jende bati utzi ahal diogu guztiaren erabilpena».

 

Denda, tailerrak, eta ikastaroak

Etxe osoa baliatzen dute elkartekoek, biltzen joan diren arropa metatu dute ganbaran, azpiko zati batean lan egiteko espazioa egokitu, eta beste zatian haiek sortu, edo eraldatu dutena saltzeko denda ireki dute. «Hasieran pentsatzen genuen bi sare eduki beharko genituela, bi iturri, bata partikularra eta bestea enpresa mundukoa, arropa lortzeko eta hondakina bereizteko, bazter utzitako arropa eta soberakinak berreskuratu ahal izateko. Publizitaterik egin ez, eta eskean ibili gabe, ordea, ohartu gara arropa piloa bildu daitekeela, uste genuena baino askoz gehiago; 4 urterako lana dugu orain arte han eta hemen bildu dugun guztiarekin». Behin arropak bilduta, lantze prozesua hasten da, eta nola antolatzen diren galdetu diogu, nahiko lan badelako saltzea, sortzea eta ikastaroak ematea, beraz, lehentasuna zerk duen jakin nahi genuke. «Denak du garrantzia guretzat, sortzeak, ikasteak, eta irakasteak. Ez gara marka bat sortzen ari, produzitzeko eta kontsumitzeko bide desberdin batzuk proposatzen baizik. Zerbitzu desberdinak eskaintzen ditugu hemen. Bada sorkuntzarako zerbitzua, adibidez, eta dendan saltzeko aukera ere ematen dugu, artisauei, beren produktuak sal ditzaten gune bat eskainita. Agian, jantzi berezi bat da zuk nahi duzuna, ezkontza baterako propio edo ospakizun baterako propio. Zatoz hona eta neurrira eginen dizugu gustuko duzun hori. Jantziak konpontzen ditugu, bestalde... horiek guztiak produkzioari begirakoak dira. Elkarte bat garenez, eta transmisioan aritu nahi genuenez, ikastaroak ematen ditugu, tailerrak sortzen ditugu, jakinik jostun ofizioa galtzen ari den zerbait dela. Sei makina ditugu zerbitzu librean, eta hilean 40 euro ordainduta nahi duen orok erabil ditzake. Jostunentzat makina profesionalak ditugu, beste elkarteetako animatzaileak ere baditugu, hilean bi aldiz ehuntze tailerra muntatzen dugu, transformazioa edo kustomizazioa lantzeko tailerrak ere eskaintzen ditugu; adibidez, galtza pare bat eskuko zorro bihurtzeko prozesua ikasteko. Trikotatzeko kurtsoak ere badira, kakorratzarenak....».

Dendara joan gara orduan, eta han ageri dira behin kamiseta zirenak, orain soineko luze bilakatuak, edo kaltzontzilo, baita kulero ere; paparrean erakusgai zegoen irudi edo esaldia ipurdiaren partean ageri da aldaketarekin, edo atalik intimoena estaltzen duen aitzineko zatian, bestela. Levis galtza urdin argi batzuk ikusi ditugu gero, eskuko zorro bihurtu direnak oraintsu, baina galtza izan zirela antzematen zaiela beti ere. Hau izanen da lehen aipatu digun transformazioa. Kamiseta maukekin egindako ileko zintak, haurrentzako jantziak, jertseen zatiekin sortutako eskularruak, kortinekin egindako gona luzeak... denetik dago salgai, eta horiek guztiak zer nola egin asmatzeko gogoeta dezente egina dutela aitortzen diogu, baina «guk ez ditugu asmatzen horiek guztiak, jakina; Internetean bilatu eta handik ateratzen ditugu ideia anitz», erantzun digu segidan. Hau guztia salduta duintasunez bizi ote daitekeen galdetu diogu gero. «Zer gertatzen den gure lanarekin? Hemen eta orain, ezinezkoa dela jostun gisa bizitzea, biziki garestia delako egiten duguna, edo bestela, jostetik bizi direnek haien produktua luxuzko denda batzuei saldu behar dietelako. Koreatik, Tailandiatik, oro har, kanpotik heldu diren jantziak biziki merkeak dira; gaur egun, bost eurotan eros dezakezu praka pare bat, eta soineko bat hamar eurotan, beraz, lanean ari denak xentimo gutxi batzuk irabaziko ditu salmenta horrekin, eta gure gizartean ezinezkoa da ateratako xentimo horiekin bizitza aurrera ateratzea. Kaltzontzilo edo kulero bat hiru eurotan atzeman dezakezu, eta guk ordu bat, edo ordu eta erdi behar dugu halako bakar bat egiteko. Beraz, lanean iragandako denborari etekin bat ateratzea biziki zaila da. Gure produktuetan, jantzia egiteko behar izan den denbora markatzen dugu, horrela, erosten duenak salneurri hori justua denentz neur dezan».

Eskuetan media beltz eta marroiak hartuta lurreko tapisa egiten du hizketan segitzen duen bitartean Aurorek. «Ehunak lortu, ordaindu, eta horri guztiari lanorduak gehituz gero, ezinezkoa da kalitatezko arropa prezio merkean ekoiztea hemen. Horregatik bururatu zitzaigun bigarren eskuko arropak jaso eta beste erabilera bat ematea. Bigarren eskuko arropa esaten diegu, baina gehienetan berri-berriak dira. Bestalde, bagenekien biziki zaila izanen zela proiektu hau aurrera ateratzea, baina ilusioa dugu, eta aitzina segituko dugu, konpromisoa baita gure helbururik lehena, lana sortzea dugu xede, enplegua sortu nahi dugu, ia galtzear den jostungintzari eutsi. Horretarako, badakigu hilabete asko dirusaririk gabe pasa beharko ditugula, baina iragaten dugun egun bakoitza, azken helburua lortzeko garaipen bat da».