NOV. 08 2014 Kaxa hutsak, historiaz betetzeko «Exilioa armairu batean ezkutatzea da, norbaitek irekiko duen beldurrarekin, eta inork inoiz irekiko ez duen beldurrarekin». Sabela zulatzen duen gezia da Joseba Sarrionandiaren poema. «Kaxa Hutsak» proiektuak armairua ireki nahi du, eta miatu. Erbestea kabitzeko moduko kaxak Jon GARMENDIA Nigan dagoen zerbait da exilioa, nire parte den zerbait. Exilioan bizi naizenean, nire lurra daramat nirekin. Nire lurrean bizi naizenean, exilioa sentitzen dut. Okupazioa exilioa da. Exilioa da justiziarik eza. Exilioa militarren kontrol batean orduak pasatzea da. Etorkizuna ez dela oraina baino hobea izango jakitea. Datorrena, okerragoa da guretzat. Beti. Hori da exilioa». Mahmud Darwish poeta palestinarraren hitzak dira horiek, exilioa hurbiletik ezagutu eta hari buruzko hausnarketa eta idatziak nonahi utzi zituen sortzaile handiarenak. «Oraindik mikatzagoa da tragoa, ezen, exilioz hiltzeak esan nahi du, ez zuri soilik, besteoi ere kendu digutela eskubide bat, bidaia hasitako geltokian trena abandonatzeko eskubidea. Ohearen zein aldetan lo egiten dugun badakien heriotza etxetiarra kendu digutela esan nahi du, eta esna-aldiek dakartzaten ametsak kendu dizkigutela» hitz hauek aldiz, Mario Benedettik idatzi zituen “El viento del Exilio” liburuan, erbesteko haize horrek zer ekartzen zion ez zekielarik oraino, iheslari gisa, derrigortutako bakardadean urte luzeak pasatakoa baitzen idazle oparoa, bere Uruguai maitean 1973an izandako estatu kolpeak behartuta. Victor Hugo, Pablo Neruda, Rafael Alberti... exilioa pairatu zuten idazleen zerrenda amaigabea da; euskaldunok ere badugu idazle erbesteratu ezagunik, Joseba Sarrionandia, kasu, eta berak «exílio é se esconder num armário com medo de que alguém o abra e com medo de que ninguém o abra nunca mais» idatzi zuen “Propostas para o definiçao do exilio” poeman, hau da, «exilioa armairu batean ezkutatzea da, norbaitek irekiko duen beldurrarekin, eta inork inoiz irekiko ez duen beldurrarekin». Badira hain ezagunak ez diren idazleak, bestalde, erbesteari idatzi diotenak, baina, batez ere, herritar asko eta asko dira exiliaturik bizi eta ezezagunak direnak, sorterria utzi beharra egokitu eta urruntasuneko bide horretan beren gertakari, esperientzia, eta pentsamenduak idazteko aukerarik izan ez dutenak. Munduan milaka, baita Euskal Herrian ere. Honela, haietako batzuen esperientzia ezagutzera eman nahirik, “Kaxa Hutsak” proiektua sortu da, Gari Garaialde eta Josu Trueba argazkilariek eta Iker Oiz diseinatzaileak abian ezarri duten egitasmoa. Justuki, Sarrionandiaren armairuko esaldia darabilte proiektuari nolakotasun bat emateko bidean, baina armairu hori irekitzea da heien xedea, «gutxienez, armairu horretan dagoen kaxa bat hartzea, kaxa huts bat, istorioz eta historiaz betetzeko. Erbesteari poemak, kantuak, filmak eta liburuak eskaini zaizkio, eta guk argazkiak oinarri dituen lana bildu nahi dugu gure proiektuan. Argazkilaritza dokumentala deritzona egin nahi dugu, frankismoa amaitu zenetik beren sorterritik ihes egin duten euskaldun batzuen esperientzia kontatzeko desira daukagu, haien bizipen pertsonalak, zailtasunak, trabak, baita poztasunak ere; eta guztia ikuspegi humano batetik», hitz hauek Kaxa Hutsak aurrera atera nahi duten bi argazkilariei ebatsiak dira, elkarrekin hizketan dauden momentua baliatuz. Protagonistei beren asmoa jakinaraztea helburu lehena dutelarik, iheslari politiko batzuei egin dieten bisita profitatu dugu proiektuko arduradun diren Garaialderekin eta Truebarekin hizketaldi luze bat ukaiteko, Ziburun, Lapurdin. «Bi iturburu dauzka proiektu honek, edo behintzat, bi bide; Josuren aldetik heldu da bat, eta bestea niretik. Aldez aurretik euskal preso politikoen inguruan egindako liburu bana geneukan biok, hau da, Josuk ‘Kilometro 0’ egin zuen eta nik ‘Zu ikusteko bidean’, senideek urrun dituztenei egindako bisitak biltzen zituena; lan horiek zirela medio, elkar ezagutu genuen, eta, etorkizunari beha, elkarrekin zerbait egin genezakeela aipatu genuen, baina ezer zehaztu gabe, hala ere. Honela, Bostok Photo sortu genuenean, epe luzera geneuzkan proiektuen inguruan hizketan ari ginela, asmo hura berrartu genuen, argi ikusi genuelako gai interesgarri bat zegoela hor, kontatzea merezi zuena, azken batean, ohartu baikinen iheslarien gaia oso gutxi aipatua dela hedabideetan, baita beste edozein gune edo esparru publikoetan ere». Proiektuaren hastapenera eraman gaitu Garaialdek lehen hitzekin, eta azalpena mamitzeko adibide bat jarri digu: «Beste edonor ohar zitekeenaz ohartu ginen gu. Hau da, adibidez, herriko taberna batean sartu eta segidan ohartuko zara herrian falta diren pertsona batzuen argazkiak daudela han, preso daudelako. Haien aurpegia agertzen duten argazkiak erakusgai daudela ikusiko duzu, beren izen-abizenak idatzita, eta agertzen dela pertsona horiek zehazki zenbat kilometrora dauden, edo zein presondegitan, helbidea ageri baita kasu batzuetan, baina ohartuko zara ere, ondoan, silueta beltz bat agertzen dela, herrian falta diren beste pertsona batzuk irudikatu nahirik, baina han ez duela jartzen pertsona horrek nola izena duen, nor den, edo non dagoen, sinpleki, iheslariak idatzia daramala argazkiak; misterio bat da hori, eta guk, ahal dugun heinean, misterio horri argi pixka bat ezarri nahi diogu». 2016 urtera bitarte lantzeko proiektua Gari Garaialde Hondarribian sortua da, eta 90eko hamarkadan rock taldeei buruzko argazkiak egiten ibili ondoren, “Argia” aldizkarian jardun zuen kolaboratzaile gisa. “Euskaldunon Egunkaria”ko argazkilari izan zen gero, eta 11 urtez Argazki Press agentzian aritu zen ondoren, eguneroko albisteei lotutako irudiak hilezkor bilakatzen. Bere lana euskal aldizkari eta egunkari askotan agertu da, baina baita “Periódico Diagonal” eta “El País” bezalakoetan ere. 2013 urtetik Bostok Photoko kidea da, eta agentzia horretan egiten dutena laburki azaltzeko eskatutakoan, pentsatzera jarri beharrik gabe adierazten digu «euskal argazkilari batzuen artean sortutako agentzia da gurea, ia-ia denak lagunak ginen, edo behintzat ezagunak, eta lan egiteko modu berri bat sortzea zen gure helburua, munduaren ikusteko manera pertsonal batean oinarrituta, kalitatezko irudiak eskaintzeko asmoz; kazetaritza modu pertsonal, aske eta zintzo batean lantzeko intentzioa daukagu irudien bitartez. ‘Kaxa Hutsak’ halako zerbait da, gaia sakonean aztertu eta hura jorratzen urte batzuetarako lana dugu aurrean, 2016ra bitarte horretan saiatuko gara behintzat». Hala ere, Garaialdek aipatzen duen sakontasun horretan sartu aurrez, orain artean egin duten lanaren aurrerapen bat eskaini diote jendarteari, bideo formatuan, eta diru bilketaren kanpainari bultzada emateko xedez. Han, Garikoitz Ibarluzea ageri da, Ibarrako iheslaria. Josu Truebak bi urtez landu du Garikoitzen erreportajea. «Kale Borrokarekin lotutako ekintzak egotzita atxilotu zuten guardiazibilek 2002an, eta baldintzapean aske gelditu zen, baina epaiketaren zain beti ere. Ez zen epaiketara aurkeztu eta 2005ean egin zuen ihes Ibarratik, urte luzeko kartzela zigor bati izkin egin nahirik, eta geroztik, bere etxetik urrun bizi da, Londresen. Ingalaterran ere atxilotu zuten, baina espainiarren estradizio eskaerari ezezkoa eman zion britainiarren justiziak eta aske utzi zuten. Pasaporterik ez dauka ordea, eta hura eskatzeko Espainiako enbaxadara dei egiten ari den bideoa da zabaldu duguna, lanerako beharrezkoa baitu agiri ofizialen bat, eta zer esanik ez etxera itzultzeko, baina irekiak dituen prozedura judizialak direla eta, ukatu egin diote; Garikoitzen kasua adibide bat da, eta lagin horrekin erakutsi nahi izan dugu iheslari askok egunerokoan pairatzen dituzten zailtasunak zein izan daitezkeen, eta bide batez, horiek denak kontatzeko asmoa daukagula ‘Kaxa Hutsak’ proiektuarekin». Josu Truebak emandako azalpenak dira horiek, eta Garikoitzekin egindako bidea azaltzera lotu da gero, «nik ezagutzen nuen Garikoitz, eta ezagutza hori baliatu nuen Londresera bisitan joan eta berekin lan egiten hasteko, orotara hiru bidaia egin ditut berari buruzko erreportajea amaitutzat emateko, eta bidaia bakoitza hogei bat egunekoa izan da; Ibarluzeak bere etxean hartzen ninduen eta eguneko 24 orduak berarekin iragaten nituen, biziki garrantzitsua da hau, ezinezkoa baita norbait ezagutu gabe, segidan, argazki kamera hartuta, argazkiak egiten hastea ‘klik’ eta ‘klik’. Konfiantza oinarrizkoa da, hark ikus dezan bere espazioa ez dugula okupatzen, izan ere, beharrezko konfiantza hori eraikitzeko denbora behar da, bere egunerokoa ezagutzen hasi behar duzu, berak zu ezagutu behar zaitu, eta orduan soilik has zaitezke argazkiak eginda lan bat osatzen». Josu Trueba Leivak Espai Fotografic Can Bastè-n ikasi zuen, argazki dokumentalean espezializatu zela. Egun, Bostok Photo taldean parte hartzeaz gain, Ruido Photo talde independentearekin kolaboratzen du. Bere lan ezagunena Kubako Punk mugimenduaren inguruan egindakoa da, eta harekin argitaratu zuen liburuarekin “Pictures of the Year (LATAM 2013)” sarian aipamen berezia jaso zuen. Euskal Herriko hainbat hedabideetan eta “Sunday Times”, “Spectrum”, “Days Japan eta Internazionale” nazioarteko aldizkarietan ere argitaratu ditu bere lanak. “Kaxa Hutsak” proiektuaren hirugarren hanka Iker Oiz da, diseinu eta muntaketa lanetan jardungo dena. Oiz 2004 urtean joan zen Bartzelonara barnealdeen diseinua ikastera, eta haren ondotik ikus-entzunezko eta ikuskizuneko errealizazioa egin zuen. Film laburretan, animazioan eta dokumentaletan lan egin du eta gaur egun Bartzelonan bizi da Motion 3Dko graduondokoa egiteko, esku artean dauzkan beste proiektu batzuk lantzen dituen bitartean. Laguntza eskatzen dute Hiru profesional, proiektu profesional bat gauzatzeko eginahalean, baina laugarren hanka dute eskas oraino, garrantzitsuena, agian: herritarren inplikazio ekonomikoa. «Handiak dira gure asmoak, baina handiagoak oraindik aurreikusten ditugun gastuak, adibidez, lan hau euskarri txukun batzuekin argitaratzeko, bidaiak egiteko, erabili behar dugun materialarentzako, edo itzulpenak egiteko... 60 bat mila euro behar ditugula aurreikusten dugu», begi ttipiekin aipatzen digu Garaialdek erronka, eta itzulpenena bitxi egin zaigunez, galdera zuzenean egin diogu. «Argitaratuko dugun hori ez dugu soilik euskara hutsean egingo, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez ere egingo baitugu. Nolabait, munduari erakutsi nahi diogu errealitate gordin bat egon dela eta oraindik badagoela hemen, gai tabu bat, hedabide ofizialetatik baztertua izan dena, edo estali nahi izan dutena; argi da gainera, ETA erakundearen ekinbide armatuak gai hau zabaltzeko aukera batzuk ixten zituela orain arte, baina aitzakia gehienak hutsa dira pertsona xume askoren drama baitago errealitate hauen atzean, beren herria uztera behartuak izan diren asko eta asko baitaude oraindik orain etxetik kanpo. Iheslari batzuk itzuli dira, baina gehienak itzultzeke daude. Batzuk, torturari egin diote ihes, beste batzuk ilegalizazio politikoei, badira aspaldi erbesteratu zirenak eta badira denbora gutxiago daramatenak erbestean...denetik dago. Hala ere, ez dagokigu guri aztertzea zergatik ihes egin duten, ez dugu hor sartu nahi, guk, kontakizun bat egin nahi dugu, iheslarien oraingo egoera kontatu, ihesean bizitzeko modua, parte humano guztia kontatu nahi dugu, zer den iheslari izatea ulertu, lehenik guk, gero, besteei ulertzeko ariketa eginarazteko». 2014ko martxoan, 80 bat iheslari politiko beren sorterrira itzuli ziren, eta gertakari historiko horrek “Kaxa Hutsak” proiektuko oinarri batzuk ere hankaz gora jarri zituen, «zuzenean bizi izan genuen gertakari hura, eta jakina, poz hartu genuen. Batez ere, bi iheslariren itzulera gertutik jarraitu genuelako, Elorrioko Jon Irazolarena eta Galdakaoko Jesus Mari Lejarzarena. Hala ere, itzulera horrek ordura arte guk egindako lan guztia baldintzatu zuen, hau da, guri interesatzen zaiguna zera da, iheslaria non eta nola bizi den argazkitan hartzea, eta haren agerpena egitea gero. Bai Jonek, bai Jesus Marik, sekulako istorioa daukate atzean, izugarria da pilatu duten esperientzia, erbestean pasa duten guztia. Jonek adibidez, kontatzeko interesgarria den gertakari piloa dauka: kartzelan izana da, Baionako katedralean agertu zen debekuei muzin eginda, sindikal arloan lan egin du, irakaskuntzan, iheslari politikoen mintzaideetako bat da egun... baina hori dena iragana da ia, hau da, argazkiz baino, beste euskarri batzuekin kontatu behar da orain, eta guri gaur gaurkoa interesatzen zaigu, ihesian dabiltzan horiek zein arazo dituzten administrazioarekin, edo medikuarenera joaterakoan bestela, ahoa erdi itxita dutelarik nola kontatu behar duten beren nongotasuna...». Eta gaurko bizi-egoerak erretratatu eta haiek erakusteko desirari eutsiz, etorkizun hurbil batean egingo dutena finkatzen ari dira Bostok Photoko argazkilariak uneotan. 6-8 profil ari omen dira lantzen, profil bakoitzak pertsona bat erran nahi du, etxea utzitako euskaldun bat, baina ez dute xehetasun gehiegirik eman nahi honen inguruan, denbora behar baitute lana egokitasunez egiteko. Unea iristean, guztiaren berri emango dute. Profil horien artean Ipar Euskal Herrian bizi diren iheslari gazte eta helduak daudela iradoki digute hala ere, eta Hego Amerikan eta Afrikan urteak daramatzaten deportatu edo konfinatuak ere bai; jakina, baliabideen arabera egingo dute hori. «Bideo laburrak egiteko asmoa daukagu, 10 bat minutu iraungo dutenak, testu idatziekin lagunduko dugu iheslari bakoitzaren historia, gainera... baina oraingoz, lan egiten jarraitzeko 12.000 euro lortu behar ditugu, eta saiakera horretan gabiltza, 4.000 euro lortuta. Azaroak 23ko data baino lehenago lortu nahi genuke kopuru hori guztia eta, crowfunding sistemaren bidez, eskatzen dugu ekarpenak egitea dirua biltzeko sortu zuten euskal gune batean, www.karena.eu helbidean». Ordea, dena ez da Internet, batik bat askok ez baitakite tresna horien bidez dirulaguntzak bideratzen, eta bonolaguntzak atera dituzte herritarren artean saltzeko, ostatu eta elkarteen laguntza jasotzen hasi dira, ahoz ahoko zabalkundeari ateak ireki dizkiote, laguntzaile bakoitza bilakatu dutelarik protagonista, beren proiektuko ardatz. Jende ezagunaren babesa ere ukaiten ari dira pixkanaka. Honela, Xabier Solano Esne Beltza musika taldeko abeslariak bideoa igorri die www.kaxahutsak.com helbidera, «bere babesaz gain, taldearena ere eskainiz». Andoni Tolosa “Morau”k gauza bera egin du; «pentsatzen dudalako proiektu egokia dela gure historia modu duin batean kontatu eta azaltzeko, gainera, gure ardura dela pentsatzen dudalako, ezin diogulako inori utzi hori egiten, ez behintzat gure lagunen eta senitartekoen ahotsa entzutea nahi baldin badugu. Zuek ere animatu nahi zaituztet ekarpen txikiak egitera, denon artean lortuko baitugu kaxa huts horiek zabaltzea eta barrura beldurrik gabe begiratzea». Urtetan iheslari izandako Begoña Jauregi ere ageri da bideo horietako batean, «proiektuarekin arrunt ados nago, iheslariek bizi eta pairatzen duten egoera azaleratzea garrantzitsua iruditzen baitzait, errelatoaz hainbeste hitz egiten den une honetan». Eta azkenik Garikoitz Ibarluzea ikus daiteke «Kaxa Hutsak proiektuan agertzen den iheslarietako bat naiz, eta gure bizitza, gure emozioak, zailtasunak eta beste barnetik kontatzen dituelako, oso garrantzitsua iruditzen zait proiektu hau. Gure herriak beti jakin izan du horrelakoei laguntza ematen eta ziur naiz denon artean hau ere plazaratzea lortuko dugula». «Kaxa Hutsak» proiektua Gari Garaialde eta Josu Trueba argazkilariek eta Iker Oiz diseinatzaileak jarri dute martxan. Erbestearen inguruko argazkilaritza dokumentala egin nahi dute, errealitate baten kontaketa grafikoa Proiektuaren epea 2012-2016 da eta, orain, aurrera egin ahal izateko dirua biltzen ari dira. Crowfunding sistemaren bidez 12.000 euro lortu nahi dituzte azaroaren 23a baino lehen; «www.karena.eu» helbidean parte hartu daiteke