GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Brigitte Vasallo
Kultur arteko bitartekaria

«Agintaria gero eta kutreagoa izan, kanpaina are eta faltsuago eta zalapartatsuagoa da»

Emakume direlako eta musulmantzat jotzen ditugulako, diskriminazio bikoitza jasaten dute. Gasteizen egoera «gaiztotzen» ari den arren, jendarteak erronkari ondo eutsiko diolakoan da.


Kultur arteko bitartekaria, idazlea eta feminista da Brigitte Vasallo (Bartzelona, 1973). 19 urterekin mundua dastatzeko gogoak Marokora eraman zuen. Marokoar emakumeak ezagutu ahala bere burua gertuagotik ezagutzen joan zen, eta, hala, arrazista, islamofobikoa eta feminista hegemonikoa zela ohartu zen. «Bertako emakumeek eraitsi egin ninduten. Pertsona zuriek eta feminista europarrek zapaltzen dugun moketa alboratu eta bidaide hartu ninduten», dio umiltasunez. Estatu espainoleko Sare Musulmaneko kide da ordutik, bai eta Islam Queer mugimenduko Riqe elkartekoa ere. Nikab eta burkaren debekuaren zein islamofobiaren kontra gogoz aritzen da borrokan. Duela aste batzuk Gasteizera etorri zen, eta Ahalduntze eta Berdintasun Eskolak gonbidatuta generoaren islamofobiaz aritu zen, non eta Javier Maroto alkateak islamofobiaren gotorleku bihurtu nahi duen Gasteizen.

Zer da kultur arteko bitartekaria izatea?

Pertsona eta komunitateen arteko komunikazioa erraztea da nire egitekoa, batik bat komunikazio hori gaizki-ulertu kulturaletan enkailatzen denean. Gehienetan aurreiritzien gainean eraikitako egitura desmuntatzea nahikoa izaten da adjektibo kalifikatzaile horien atzean dagoen pertsona ikusteko, eta, beraz, horretan tematzen naiz.

Zein egoera bizi dute emakume musulmanek gure artean?

Haien egoeraren gainean galdetu baino, gure begiradari so egin eta “emakume musulman” terminoarekin zer ulertzen dugun itaundu beharko genioke gure buruari. Izan ere, estereotipoen eraikuntzatik uler daitekeen kategoria zabalegia da. “Emakume musulmana” diogunean, Malaysiako abokatu lesbiana baten gainean pentsatzen ari gara? Edo New Yorkera lanera joandako emakume txinatar edo Parisko transexual batekin gogoratzen gara? Seguru ezetz. Gure begietara emakume musulmanaren estereotipoa betetzen duten horiek etortzen zaizkigu burura: atzerritarra, beltzarana, beloa daramana, ezkondua, heterosexuala eta otzana. Ñabardurarik gabeko emakume musulmanik ez da existitzen. Ardatz oso bestelakoengandik gurutzatuta gaude guztiak: adina, arraza, klase soziala, orientazio sexuala, testuinguru soziala, genero identitatea... Are gehiago, “emakume musulmantzat” jotzen dugun estereotipoa arrazan errotuta dagoela esatera ausartuko nintzateke, izan ere, termino horrek kristauak ala ateoak diren emakume arabiarrak ere jasotzen dituelakoan nago.

Asko borrokatu zara nikaba eta burka debekatzeko ahaleginen aurrean. Zergatik?

Auziari drama erasten saiatzen naiz beti. Nikabaren erabilpenaren inguruan ez da inoiz benetako arazorik egon, eta, beraz, piztutako eztabaidarekin modu artifizialean sortu da. Nikaba debekatzea ez zen inola ere ez gizarte larrialdi bat, ezta emakumeek eurek galdegindako zerbait. Izan ere, gustura daramatela dirudi, eta, hala ez denean euren kasa kentzen dute. Beren senarrek behartuta eramaten duten obsesioa, paternalista da eta emakumeak umeen antzera tratatzea dakar. Horren guztiaren gainetik, gainera, gezurra da. Mendebaldeko herrialdeek egiten duten ikerketa bakoitzean erraustu egiten den gezurra, alegia. Frantzia eta Kanada artean egiten diren ikerketetan galdekatutako emakume musulman gehienek argi eta garbi diote eurek erabakita daramatela nikaba, askotan gainera, estigma sozialaren beldur diren familien iritziaren kontra. Noski, badira ere euren senarrei atsegin emateko daramatenak, baina horrek islamarekin baino generoaren eraikuntzarekin du harremana eta horren gatibu emakume guztiak gara.

Beloa daramaten emakumeen ongizatearekiko benetako ardura bagenu, lehen borroka eremua era honetako debekuekin elikatzen den islamofobia litzateke. Eta, aldiz, emakumeen kontrako indarkeriak benetan larrituko bagintu, indarkeria matxistaren aurkako lege berri eta eraginkor bat eraiki beharko genuke. Era berean, maskulinitateen eraikuntza eta Disneyk saltzen digun maitasunaren ikuskera berrikusi beharko genuke. Eta ez soilik gizon eta emakume musulmanek, guzti-guztiok egin beharko genuke ariketa hori.

Burka debekatu nahi duen legea arrazista eta islamofobikoa dela nabarmendu duzu behin baino gehiagotan.

Bai, arrazista, islamofobikoa eta patriarkala delako. Hasteko, interesdun emakumeak aintzat ere hartu ez dituelako. Haien izenean eta haiengatik erabakitzen da, ume moduan tratatuz eta beren itxura eta gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea erabat ukatuz. Gure umetokiengan eragina duten legeak gizonek egiten dituztelako asaldatzen gara, baina beste gorputz batzuengan eragina duten teoriak egin eta legeak bozkatzen ditugunean ez gara kezkatu ere egiten. Saiatzen al gara europarrok berez dugun begirada kolonial eta islamofobikoa astintzen gaiaren inguruan aritu aurretik? Edo burkaz prostituzioaz aritzen garen moduan aritzen gara? Sexu langileak ez diren beste guztiei galdetuta?

Burka, jarri eta eranzten den jantzi bat da. Erailketa matxisten aurrean axolagabekeria agertzen duen jendarte batek oihal zati bat besterik ez den burkarekin haserre bizian agertzea barregarria iruditzen zait.

Zer da islamofobia?

Islamaren kontrako gorrotoa da. Edo hobe esanda, estereotipoek iluntzen diguten begiradaren baitan islamarekin lotzen dugun ororen kontrako gorrotoa. Runnymede komisioak, adibidez, islamofobia azaltzeko erabili ohi ditugun zortzi adierazle definitu zituen: islama homogeneo eta trinkoa dela uste izatea, beste sinesmenei egozten diogun balioa baina txikiagoa ematea erlijio honi, basatitzat, primitibotzat eta sexistatzat jotzea eta eraldaketa ororen aurkakoa dela pentsatzea; sinismen eta egoera politikoaren arteko aldeak ez ikustea, eta herri musulmanarenganako politika ala ekintza diskriminatzaileak justifikatzea.

Eta genero islamofobia?

Emakume musulmanek jasaten duten diskriminazio bikoitza da genero islamofobia. Musulmanak direlako batetik, egiatan ala guk horrela interpretatzen dugulako, eta, bestetik, emakumeak direlako. Zapalkuntza bikoitz horrez gain, are gehiago ezberdintzen dituzten ardatzak ere izan beharko genituzke kontuan: lesfobia, transfobia, etorkin izanagatik sufritzen duten xenofobia... Horrek guztiak diskriminazioa areagotu besterik ez du egiten.

Emakume, arabiar eta etorkin izateak, beraz, diskriminazioaren dianaren erdi-erdian kokatzen ditu, ezta?

Halaxe da, ardatzon gurutzatzeak dakarren zaurgarritasun maila izugarria da. Botere desoreka horrek soilik azal dezake inolako arrazoirik gabe bizilagun batzuk garraio publikotik baztertzeko autobuseko gidari batek hartzen duen jarrera, adibidez. Are gehiago esango dizut; gertatutakoa oihartzun handiko eskandalu bihurtu ordez eztabaidarako gai izatea harritzen eta larritzen nau gehien. Gaiak ez baitu, edo, hobe esanda, ez luke eduki behar, eztabaidarako inongo heldulekurik...

Gasteizen jazotako gertakari batez ari zara. Zer iritzi duzu bertako alkate Javier Marotok udatik hona egin dituen adierazpen publikoen inguruan?

Datu eta ekintzekin neurtzen da gobernu baten kudeaketa egokia. Gestioa negargarria izan eta saltzeko inongo daturik ez dutenean, agintari kaskarrek gorrotoan oinarritutako kanpainak jartzen dituzte abian hauteskundeak irabazteko asmo bakarrarekin. Agintaria gero eta kutreagoa izan, kanpaina are eta faltsuago eta zalapartatsuagoa da. Beldurraren botoak, ezjakintasunaren botoak, kezko hesi moduan funtzionatzen du hilabete batzuetan zehar. Ondorioak, baina, larriegiak dira, denok gogotik sufritzen dugun gizarte haustura eragiten delako. Eta hori gertatzea gutxi batzuen botere egarri amaigabe batengatik!

Lehen aipatu duzun bezala, erasoak ere gertatu dira azkenaldian Gasteizen.

Krisi egoera batean tentsioak gora egiten du. Europan gehiegitan eta dramatikoak diren ondorioekin ezagutu dugu. Hala eta guztiz ere, akatsak errepikatzen ikasten dugula dirudi. Barnekoak eta bertikalak izan behar dira eraldaketa borrokak. Batetik, nekez bizitzera behartzen gaituztenak goian daudelako. Eta bestetik, norbanako isolatu eta berekoi gisa aritzera bultzatzen gaituena barruan dugulako. Kapitalismo bortitza gurekin akabatzen ari da. Gauzak dauden moduan mantentzeko duten estrategia eraginkorrena da indarkeria horizontala. Miseria partekatzen dugunok elkarri eraso egiten diogu, gure indar iraultzailea berdinen arteko baturan dagoenean.

Zer-nolako harrera izan zuen ikastaroak Gasteizen?

Primerakoa. Plaza guztiak bete ziren eta denen artean erresistentziak nola sortu ikusten aritu ginen. Gobernu oso iskanbilatsua da Gasteizkoa, eta kaleko jendea eusten saiatzen ari da. Makinaria arrazista hori guztia gelditzea zaila izaten da baina. Hori bai, erantzuna ona izaten ari da, eta hobeagoa izango da, ziur naiz. Hauteskundeak hurbildu ahala serioagoa izango da gatazka, hala uste dut bederen, eta ordurako Gasteizko jendartea hobeto antolatuko da. Honek eduki dezakeen abantaila, bat baldin badauka bederen, herritarrak elkartuko dituela da, aglutinatu egingo ditu.

«PornoBurka» izenburua du zure azken nobelak. Nondik dator egitasmoa?

Naturalizatuak ditugun eta erabat kaltegarriak diren jarrerak desnaturalizatzeko asmoa du liburuak. Ikuspegi disidente eta hizkera esperpentiko batetik betiere. Liburuak nire obsesio guztiak biltzen ditu, muga fisiko eta kontzeptualak, generoa, arrazakeria eta islamofobia. Hori guztia, gainera, Bartzelonan bizi dugun hirigintza biolentziaz blaituta.

Emakume arabiarrak izan ohi dira musulmanen aurkako ezinikusi eta mesfidantza gehien pairatzen dutenak.

Bai, inpaktu handiagoa sufritzen dute emakume arabiarrek, baina kuriosoa iruditzen zaidana zera da: generoak ezartzen dituela diskriminazio batean zein bestean eragiten duten bide desberdinak. Begirada islamofobikoaren bidez ikusten ditugun gizon musulmanak, edo hala direla uste dugunak, bortitzak, matxistak eta gatazkatsuak direlakoan gaude. Europa osoan eta batik bat Estatu espainolean eraiki den “moroaren” arketipoa da hori. Finean, islama, moroa, “bestea” da, nahi genukeen baina ez garen Europa estereotipatuaren kontrakoa, alegia: eskubideen eta askatasunen Europaren antonimoa.

Ez gara inolaz ere nahi dugun Europa hori, baina “bestea” aipatu ahala gure iruditegia eraikitzen dugu. Biko aurkaritzako jolas bat da azken finean: beltzak, kolore iluna definitzen duen modu berean zehazten du zuria zer den, nahi edo ez. Haiek matxistak direla esaten dugun bakoitzean, gu ez garela esaten ari gara. Edo ez garela horrenbeste.

Emakume musulmanekin antzera gertatzen da. Europako identitate femeninoaren pantomima handiaren aurrean, gure bizitzen eta gorputzen jabe garen emakume askeen gezurraren aitzinean, haiek kontrako egoera bizi dutela ondorioztatzen dugu. Administraziotik eratortzen den indarkeria eta emakume guztiok sufritutako indarkeria sexuala eta ugalketari lotutakoa jasateaz gain, testuinguru islamofobiko batean ala islam patriarkala nagusi den testuinguru batean biziz gero, –ez da Islamaren ikuskera bakarra, bai, ordea, zabalduena, patriarkatuak bizi duen egoera osasuntsuaren seinale–, emakume hauek musulmanak izateagatik ere badira diskriminatuak. Musulmanak izateagatik, euren bizitzen eta gorputzen gainean duten erabakitzeko gaitasuna zalantzan jartzen da etengabe. Gure begirada kolonial eta etnozentrikoak bortizkeria dakar, lotsarazi beharko gintuen indarkeria; bereziki, gainera, gure burua feministatzat jotzen dugunak lotsatu beharko ginateke.