NOV. 22 2014 «Ez naiz gai inor jotzeko» Kattalin Miner Bart gauean izerditan esnatu naiz sabela lehertzear. Bihotzerrea nabaritu dut lehenengo eta komunera jo dut pilulen bila automatikoki. Asaldatu nauen ametsak kolpatu nau botikina miatzen ari nintzela eta eszena biolentoak, bortitzegiak akaso, etorri zaizkit burura. Bihotzerrea, ordea, hain da garratza, sarri pentsatzeko edo gogoratzeko aukera ere mugatzen duela, eta hala ahaztu ditut eszenak eta loari ekiten saiatu naiz berriro. Ohea etsai handiegia da, ordea, mamuei ihes egiteko, eta sabelak tregua eman ahala ametsa argitzen joan da. Izan ere, ametseko eszena biolento horiek guztiak ez ninduten ni neu biktimatzat, eta agian horrek berak asaldatu nau izerditan esnatzeraino. Arrazoia argia ez bazen ere, lehertzeraino kolpatu dut gizon bat ametsetan. Ametseko memoria erreparatuz, ordea, ikusi dut ez nintzela ni bakarrik hura lehertzen, eta ezagutzen ez nituen hainbat lagun nituela inguruan gizonari joka. Ez zait nire burua hor ikustea gustatu eta ametsean topatu nahi izan dut –inolako arrakastarik gabe– gizon hari halako jipoia ematearen arrazoia. Berriro lokartu naiz. Goizean goiz, lanera bidean hots egin dizut ametsa kontatzeko asmoz. Barre egin didazu, “zientzia fikzio” gehiegi ikusten dudala, edo behintzat amets horrek asko duela fikziotik, ez naizela ni gai inor jotzeko. Egoteko lasai, sinbolismo patriarkalen bat hiltzen ariko nintzela asko jota, eta barre egin dugu. Uneko lasaituak ez du luze jo, ordea. «Ez naizela gai inor jotzeko». Ez naizela gai. Izan ere, eta barkatuko didazue, baina aste honetan azaroaren 25a bueltan dugun honetan, pentsatu dut Emakumeonganako Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, nire buruari errepikatu diodan mezua ez ote den denon buruetan sarri kolpatzen. Indarkeria, maskulinitatea bezalaxe, ez da edonorentzat eskuragarri dagoen zerbait. Ez da “joan eta hartu” daitekeen zerbait. Gizon askori entzutea gustatzen ez zaien korrelazioa dutelako bi terminoek akaso (indarkeria eta maskulinitatea; edo gizontasuna edo artasuna, deitu nahi bezala), ez dira emakume bezala sozializatuak izan garenontzako terreno kolonizagarriak (edo ez gaitezen hain urrun joan, ez dira sarri, esploragarriak ere). Gizonek historikoki indarkeriaren erabilera zilegi izan dute. Emakumeok historikoki beldurrera kondenatuak izan garen modura, eta hala, gero eta arrotzagoa zaidan “biktima” paperera. Jule Goikoetxeak “Tractatus” poema liburuan erretratatu zigun bezalaxe: «Biolentziaren/ ordena sinbolikoa/ aita da. / Amaren/ ordena sinbolikoa/ biolentzia da». Eta nik, gaur, ez dut nire ordena sinbolikoa biolentzia izan dadin nahi, ez ditut gizonak biolentziarekin betierean harremandu nahi. «Ez naiz gai inor jotzeko». Edo patriarkatuak ez nau gai egin nahi izan. Edo ez du gai izan gaitezen nahi. Ez du defenditzen ikas dezagun nahi, ez duelako defenditu gaitezen nahi. Defentsatik ofentsibarako pausoak ematen dio beldur handiena ziurrenik; edo aspaldian esaten hasi ginen moduan, beldurrak eta beraz ahalduntze ofentsiboak bandoz aldatzeko garaia duela. «Ez naiz gai inor jotzeko» eta ametsera egin dut salto berriz. Ez dut irakurketa sakonegirik egin behar ametsaren inguruan, baina pentsatu dut agian nire subkontzientea neu baino azkarrago dabilela honetan ere, eta esan nahi izan didala, baietz, gai naizela. Eta pentsatu dut, ahalduntze momentu txiki batean, ez dudala a priori inor jotzeko asmorik, baina ez dela indar kontua, zeren jarriz gero, behar izanez gero, badudala ostia bi emateko zilegitasunik, eta batez ere, pentsatu dut, zientzia fikzioak errealitatea gainditu baino, sarriago izan ohi dela alderantziz. Gaur lo seko egingo dut. • Gizonek historikoki indarkeriaren erabilera zilegi izan dute. Emakumeok historikoki beldurrera kondenatuak izan garen modura, eta hala, gero eta arrotzagoa zaidan «biktima» paperera