Iratxe Esnaola

Spotify: artistak aurka

Gaur arte, asko dira Spotify musika plataformatik euren abestiak kentzeko erabakia hartu duten artistak: Adele, AC/DC, El Último de la Fila, Placebo edota The Beatles (euren eskubideak dituzten erakundeen erabakiz). Guztiek, Spotifyk ez diela nahikoa diru ematen adierazten dute, Spotify euren kontura aberasten ari dela baieztatzen duten bitartean.

Bataila horretan sartu den azkenetakoa Taylor Swift abeslari, konpositore eta aktore estatubatuarra da. Bere abesti guztiak Spotify plataformatik desagertzea eskatu du, hain zuzen ere, “1989”izenburupean bere azken diskoa argitaratu orduko. «Musikak ezin du doakoa izan», nabarmendu du, baita honakoa gaineratu ere: «Ez dut nire lanarekin Spotify bezalako esperimentu bat finantzatuko, sortzaile, konpositore, ekoizle eta artistei ez dielako dagokien konpentsaziorik eskaintzen».

Spotifyk berehala erantzun dio, bertako sortzailea eta zuzendari exekutiboa (CEO) den Daniel Ek suediarraren eskutik. Bere ustez, Spotify eta gisako plataformek musikaren merkatuan abestiak doan banatzeak (“pirateria” gisa ezagutzen dena; baina kontzeptua ez da egokia) sortu dituen arazoei soluzioa ematen diete. Hori da, orokorrean, iTunes eta Spotify plataformen alde nagusia: lehenengoan abestiak eskuratu edo erosi egiten dira, bigarrengoan abestia streaming bitartez entzuteko aukera dugu, abestia bera eskuratu gabe. Spotifyren argudioen artean, Taylor Swiftek urtean, gutxi gorabehera, 6 milioi dolar jasotzen dituela plataformaren eskutik. Eta 500.000 erreprodukziok 3.000-4.000 dolar sortzen dituztela. Aitortu dute, hori bai, Taylor Swiften kontura diru asko irabazi dutela.

 

Spotify 2006an Suedian sortu eta 2008an publiko egindako enpresa bat da, bere egoitza nagusia Londresen duena. Zenbakitan: 1.200 langile baino gehiago ditu, 40 milioi erabiltzaile baino gehiago eta 50 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri. Erabiltzaileak erregistratu egin behar du musika streaming bidez entzuteko eta kategoria ezberdinak daude. Guztiz doakoa den kontua sortzen bada, abestien artean iragarki laburrak sartzen dira. Hilean 10 euro ordainduz, batetik iragarki laburrok desagertu egiten dira, eta, bestetik, abestiak Interneteko konexiorik izan gabe ere entzuteko aukera dago.

 

Bere zerbitzuak eskaintzeko eskubideen banaketa bat planteatzen du Spotifyk hitzarmenean. Artistek ez dute guztiz gustuko. Baina, ulertzekoa denez, zaila edo ezinezkoa ere bada eskubideen banaketa batekin artistak guztiz gustura egotea. Zentzu horretan, egia da artista eta taldeen zabalkundean laguntzen duen plataforma bat dela. Baina, era berean, musika streaming bidez entzuteko ohitura ere sortzen ari da jendartean, abestiak erosi baino entzuteko aukera baliatuz. Musika kontsumitzeko beste modu bat da, argi dago, baina zenbait artistek euren diskoen salmentek egundoko jaitsiera izan dutela egiaztatu dute. Eta Spotify diskoetxe handiekin dituen hitzarmenetan babesten dela diote, horientzat benetan onuragarria delako akordioa, bestelako artistentzat onura askoz ere txikiagoa den bitartean. Egia da publiko orokorrarentzat Spotify oso praktikoa eta aberasgarria den plataforma bat dela, baina egia da ere Spotifyk ezartzen dituela baldintza guztiak eta artistek ezin dutela ez euren sorkuntza-lanak zabalduko diren moduaren gaineko proposamenik egin, ez erabakirik hartu.

Hori guztia horrela, nire ustez, eduki kulturalak sarean modu azkar eta kasik doakoan banatzen diren garai honetan, Spotify baino malguagoa den sistema bat behar da. Negozio-ereduan Spotifyren norabide berean koka daitekeena, baina artisten eta sortzaileen unean uneko beharretara egokitzeko jarrera izango duena. Spotify desagertzea baino, hobe da existitzea, baina oraindik ez da artistak, erdizka bada ere, pozik egotea lortuko duen formularekin asmatu. •