JAN. 31 2015 Kuna indigenak, irlak galtzeko beldurrez Panamako Karibe aldeko koralezko artxipelago batean bizi diren 28.000 kunak kezkatuta daude itsas mailaren igoerarengatik. Arriskuak urrunekoa dirudi oraindik, baina noizbehinka uholdeak izaten dituzte eta lurrak oso eskasak dira denontzat: hirurehun familiak kontinentera aldatzeko plana egin dute honez gero. Kuna indigenen sorterria Ander Izagirre Bi zerriak uraren gainean bizi dira, bi zerri argal, ilaje beltz eta mutur arrosakoak, egurrezko kaiola batean itxita, itsaso barruan metro batera, itsasoaren gainetik metro batera. Gardi Sugdub irla Panamako Karibe aldeko koralezko pikor bat da, aldez alde lau minututan zeharka daitekeen uhartetxoa, itsas azaletik metro bakar batera dagoena eta 927 biztanleen txabolek erabat betetzen dutena. Ez dago lekurik zerrientzat. Uhartearen mendebaldeko ertz honetan, zerriak egurrezko plataformatan jarri zituzten uraren gainean, eta txabolak itsasoari irabazitako eremuetan daude, koralez, arrokaz eta lurrez bete zituzten sailen gainean. Azaroan eta abenduan, haizete eta olatu handien sasoian, itsasertz hau urpean gelditzen da batzuetan. Larrialdirik estuena 2008an izan zen, itsasoa irlara amorruz sartu zenean. «Goizeko ordu bietan hasi zen ekaitza», dio Delfino Daviesek. «Hasieran, trumoiak lehertu ziren, bai? Gero euria bota zuen, oso gogor, oso gogor, oso gogor, teilatuko zinkaren gainean danborra jotzen arituko balira bezala. Ikaraz esnatu ginen. Haizeak txabolak astintzen zituen. Irlaren erdian geundenok ez genekien, baina mendebaldeko ertzean askoz ere okerrago zeuden. Marea gora zetorren eta goizeko lauretan itsasoa etxoletan sartu zen. Hango familiak korrika etorri ziren, olatuak mendiak bezain handiak zirela esanez, banbuzko hormak erortzen ari zirela, palmondo-zuntzezko teilatuak uretan flotatzen zihoazela… Hamar bat etxe galdu ziren. Okerragoa izan zen beste irla batzuetan, kanporago daudenetan. Coibitatik laguntza eske etorri ziren, itsasoa irla erabat estaltzen ari zelako. Ontziekin joan ginen Coibitakoak handik ateratzera». Daviesek bere familiak, ozeanoari metro batzuk irabazteko, etxolaren atzeko aldean egin dituen betelanak erakutsi ditu. «Hasteko, harkaitzekin horma bat egiten dugu uretan, itsasertza baino bost metro harago. Gero, harkaitz gehiagorekin eta lurrarekin betetzen dugu tarte hori, eta dena ondo zanpatzen eta trinkotzen dugu. Gure seme-alabak ezkondu egiten dira, umeak dauzkate, etxola bat behar dute familia berriarentzat. Eta hortxe eraikitzen dugu, betelanaren gainean, lehen itsasoa zegoen lekuan». Duela gutxi arte, kunek koral puskak erabiltzen zituzten irlak handitzeko. Sei hektarea irabazi zituzten denera. Baina erremedioa gaitza baino okerragoa izan zen: arrezifeak desegiterakoan, olatuak gelditzeko harresi naturala galtzen zuten eta uholdeak are eta larriagoak ziren. Herri anfibioa Daviesek 44 urte dauzka, baina Gardi Sugduben galtza motzetan eta sandaliekin paseatzen den mutiko bat dirudi. Liraina da, bizargabea, kanela koloreko azalekoa, almendra-itxurako begiak dauzka, sudur zabala eta ezpain-ertzetan soilik hazten zaion bibotetxoa. Itsasoan txitxarroak arrantzatzen ditu eta lehorrean turistak, Kuna Kulturaren Museo txiki bezain betera eramateko –jantziak, txirulak, totemak, tapirren burezurrak, kunen 1925eko iraultza garaian polizia panamar batek hautsitako tina. Urte hartan, kuna indigenek eskualdetik egurketari, banana landatzaile, kautxu biltzaile eta urre bilatzaile arrotzak bota zituzten, polizia panamarrak ere egotzi zituzten, eta 1938tik aurrera autonomia indartsua lortu zuten. Kuna Yala eskualde autonomoak San Blas artxipelagoko 371 irla koralezko hartzen ditu, eta kostalde menditsu eta oihantsuaren puska bat. Duela lau urte asfaltatu zuten errepide bakar batek zeharkatzen ditu mendiak kostaraino. Kostan sakabanatuta 11 komunitate bizi dira, irletan beste 38. Panamak 2010ean egin zuen erroldaren arabera, 30.000 kuna bizi dira eskualde autonomoan… eta 40.000 Panama Hirian. Emigrazioa aspaldi hasi zen. Kunak duela mende eta erdi iritsi ziren Karibeko artxipelago honetara, eltxoetatik ihesi: mendietan bizi zirenean, malaria eta sukar horiaren mehatxupean zeuden. Ozeanoa apaintzeko harea zuri eta kokondoz betetako loreontziak diruditen uharte zapal hauetara etorri ziren. Irlek ez dute ur gezik, ezta landu daitekeen lurrik ere. Kunek, beraz, bizimodu anfibioa daukate: itsasoan bizi dira, kanoan joaten dira barboak, txitxarroak eta zerra-arrainak arrantzatzera, urpean birika hutsez murgiltzen dira txangurru, olagarro eta otarrainak harrapatzera, irla hutsetako paradisu txikietara turistak eramaten dituzte; baina kontinentera ere maiz pasatzen dira, artoa, juka, bananak eta barazkiak landatzera eta ibaietatik ura hartzera, baita hamaketan bildutako hildakoak lurperatzera ere. «Bihar auzolana daukagu. Kostara joango gara, familia bakoitzeko pertsona bat, hilerria garbitzera», esan du Daviesek. Gardi Sugduben ez daukate hilobietarako lekurik. Etxolak –eta porlanezko etxe batzuk– errenkadan kokatuta daude, irlaren alde batetik bestera. Eskola dago, liburutegia, osasun zentroa, biltzar aretoa, Panamako muga-poliziaren postua, bi telefono kabina, antena parabolikoak, eguzki plakak, argi elektrikoa arratsaldeko seietatik gaueko hamaikak arte, eta kontinentetik ura dakarren ubide bat. Irlaren perimetroa erabat bete dute, ontziralekuz, uraren gainean eraikitako komunetara joateko egurrezko pasabidez eta zerriak gordetzeko kaiolez. Kaleak –hondar ilun eta zanpatuzko bidezidorrak– beti mukuru daude, haurrak, katuak, telefonoetan musika entzuten duten nerabe kuadrillak, koloredun oihal, sudurretako uztai eta oinetatik belaunetarainoko orkatiletakoak daramatzaten emakumeak, mahaia kalera atera eta dominoan jokatzen duten gizonak, eta haur gehiago, eta katu gehiago. Pertsona hauetako gehienek uhartetik alde egiteko izena eman zuten. Gardi Sugdubeko berrehun familiak, eta aurretik Panama Hirira emigratu zuten beste ehunek, kontinentean komunitate berri bat osatu nahi dute. Ez dute 2008ko azaroa ahazten, irlak bi astez urpean egon zirenekoa, ez dituzte ahazten janaria airetik botatzera etorri ziren helikopteroak, ezta larrien zeuden uharteetako biztanleak salbatu zituzten itsasontziak ere. Hainbat eztabaida eta negoziazioren ondoren, komunitateak kostan duen lursail bat aukeratu zuten, 17 hektareakoa, eta Panamako Gobernuak ospitale baten eta eskola baten porlanezko eskeletoak eraiki zituen, 65 etxebizitzaren planoak ere marraztu zituen, baina gero lekuz aldatzeko proiektua bertan behera utzi zuen. Aurrekontuko dirua katastrofe naturalek beste eskualdeetan eragindako kalteak ordaintzeko erabili zuen Gobernuak. Kuna Yalan arriskua ez da hain gertu ikusten. Itsasoaren maila igotzen ari da, baina oso mantso. Oso mantso, baina itsasoaren maila igotzen ari da. Panaman, Kanalaren eraikuntzari esker, mareak 1907az geroztik erregistratuta dauzkate. Ordutik 2000ra arte, Panamako Karibe aldearen maila urtero 2 milimetro igo zen. Azken hamarkadetan, igoera hori azkartu egin da: 1970 eta 2000 artean, batezbestekoa 2,4 milimetrokoa izan zen; 1993 eta 2010 artean, ozeanoen maila 3,2 milimetro igo zen. Guzmán, Guevara eta Cartillo itsas biologoek neurtu zutenez, Kuna Yalan biztanlerik ez dituzten irlek 50.363 metro karratu galdu dituzte azken hogeita hamar urteetan. Eta biztanleak dituen irla bakoitzak 1.105 metro karratu galdu ditu batez beste, betelanak egin arren. Gardi Sugdubeko biztanleak kontinentera joateko lanekin hasi ziren. Beste lau edo bost uhartetako biztanleak ere lekualdaketaren alde agertu ziren. Baina ez dirudi kunak kezkatuegi daudenik: «Itsas mailaren igoeraz hitz egiten badiezu, zenbaitek barre egiten dute. Batez ere zaharrek», esan du Atencio Lópezek, Kuna Yalako Ikerketa eta Garapenerako Institutuko presidenteak, Panama Hirian duen egoitzan. «Beti bizitu gara horrela: azaroan haize bortitzak datoz, itsasoaren maila igo egiten da, irla txiki batzuk urpean desagertzen dira, noizean behin bat edo beste berriz azaleratzen da… Gure kondaira zaharretan maiz aipatzen da uholde handiaren mehatxua. Txikitatik entzun dut nik uholdearen beldurra». Alarmismoa al da? López duela 54 urte jaio zen, Dad Naggue Dubbir irlan. Panama Hirira joan zen ikasketak egitera eta bertan jarraitzen du lanean, abokatu bezala. Kuna askok hirira emigratu zuten ikastera, lanbide bat eta zerbitzu hobeak bilatzera, baina horrez gain, irlak uzteko arrazoi nagusia espazio falta dela dio. «Ez daukagu lur nahikorik. Aldaketa klimatikoarena erantsitako arazo bat da. Edozein kasutan, nik nire familiarekin izena eman dut: kontinentean herri bat eraikitzen badute, erosoago bizitzeko, hara joan nahi dugu». Itsas mailaren inguruko kezka alarmista al da? Casilda Saavedra ingeniari zibilak Panamako Unibertsitate Teknologikoan lan egiten du eta Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldean Panamaren ordezkaria da: «Beroaldi globala oso fenomeno konplexua da, eta zaila da aurreikuspenak egitea», dio. «Baina itsas mailaren igoera eraginik seguruena da. Erregistroek hala baieztatzen dute. Gertatzen dena da oso aldaketa mantsoa dela eta inork ez duela neurriak hartzeko premiarik sentitzen». Panamako kosta lurra galtzen ari dela frogatzen dute Saavedraren azterketek, zenbait hondartza eta azpiegitura turistiko mehatxupean daudela eta komunitate arrantzale batzuek mugitu behar izan dutela, marea altuekin etxeak galdu zituztelako: «Panaman desplazatu klimatikoak dauzkagu honez gero». Kuna Yalako kasuak ikerketa sakonagoak behar ditu, Saavedrak dioenez: «Badakigu itsasoak gora egiten duela, baina irlen mugimendu bertikala ere ezagutu beharko genuke. Izan ere, lur batzuk altxatzen ari dira eta beste batzuk jaisten». Ikerlariek susmo bat dute: atmosferan karbono dioxidoa pilatzen ari da, ozeanoek xurgatu egiten dute eta ondorioz azidoagoak dira, eta azidotasun horrek koral arrezifeak disolbatzen ditu. Baliteke, beraz, klima aldaketak artxipelago honetan eragin bikoitza izatea: urak gora doaz eta lurra behera. Klima aldaketari aurre egiteko planek denbora eta dirua eskatzen dute. «New Yorken, Seattlen edo San Frantziskon itsas mailaren igoerari erantzuteko oso proiektu aurreratuak dauzkate», esan du Saavedrak. «Baina beste herrialde batzuek zailtasun handiagoak dauzkagu. Panamak erru txikia dauka beroaldi globalari dagokionez, baina ondorio okerrenak jasango dituen herrialdeetako bat da. Pazifikoan 1.800 kilometroko kosta daukagu eta Atlantikoan 1.300ekoa. Datorrenera egokitzeko ahalegina egin behar dugu, baina ez daukagu baliabide nahikorik». «Herrialde garatuen konpromiso sendoagoak nahi ditugu», dio Rosilena Lindok, Panamako Gobernuko Klima Aldaketaren Unitateko buruak. «Nazioarteko dirua beroaldiaren kalteak ordaintzeko erabiltzen da, eta berotegi-efektua sortzen duten gasak murrizteko, baina karbono dioxido isurpenak gaur bertan etengo bagenitu ere, eragina luzaroan jasango genuke. Horregatik, ezinbestekoa da nazioarteko dirua aldaketara egokitzeko proiektuetan gastatzea, prebentzioan. Ez dakigu noiz etorriko zaizkigun muturreko gertakariak, ekaitzak, uholdeak, eta prest egon behar dugu». Ez dago planik Azaroa da, euri-jasa itzela ari du Gardi Sugduben. Blas López batzarraren egoitzan babestu da, sailek –kunen buruzagi espiritualek– kontakizun sakratuak kantatzen dituzten aretoan. Zaparradak ordu bat iraun du. Hodeiak kostako mendietarantz doaz, eguerdiko eguzkipean itsasoak distira egiten du, irlak garbitu berri balute bezala usaintzen du. Txalupa motordun batek sei turista daramatza harea zuria eta palmondoak besterik ez dituen uhartetxo batera. «Ondo bizi gara hemen», dio Blas Lópezek, «baina ez dugu leku nahikorik». «Eta klima aldaketarekin, etorkizunean arazoak izango ditugu. Familia batzuek berehala joan nahi dute kontinentera eta inori ezer esan gabe basoa garbitzen hasi ziren, soroak prestatzeko. Baina ezin ditugu gauzak edozein modutan egin. Kontinentera joan aurretik, higiene plan bat behar dugu, malaria eta sukar horia saihesteko, hondakin-urak bideratu behar ditugu, zaborrekin zer egin erabaki, lurrak banatu». Rosilena Lindok, Klima Aldaketaren Unitateko buruak, antzeko kezkak dauzka: «Herri berria eraikitzeko aukeratu zuten eremua, Gobernua eskola eta ospitalea eraikitzen hasi zen lursail hura, itsasoak estal dezakeen kosta zati batean dago. Etorkizuneko mehatxuak ondo aztertu behar ditugu». Eta bitartean beste uholde bat etorriko balitz? «Kunak ez gaude prest larrialdi baterako», esan du Lópezek. «Ez daukagu ez babes zibileko zerbitzurik, ez ebakuazio planik eta ez ditugu uholde-simulazioak egiten. Inork ez du ezer pentsatu». Teonicio Daviesi erantzun bat bururatu zaio. Delfino Daviesen iloba da, 25 urtekoa, eta osabak bezala, turistei Kuna Kulturaren Museoa erakusten die. Bernizatutako maskor erraldoi bat hartzen du, futboleko baloi baten tamainakoa, eta altxor bat balitz bezala eusten dio. Museoaren ondotik pasatzen den jendeari irribarre egiten dio. Birikak puztu, maskorraren zulo batetik putz egin eta Gardi Sugdub irla osoan durunda egiten duen marruma indartsu bat igortzen du. «Ekaitzak zetozenean, gure arbasoek maskorrarekin orroak botatzen zituzten, hodeiak uxatzeko. Horregatik, lasai gaude. Ez zaigu ezer gertatuko uholdeekin». Laster, beste maskor-orro bat entzun da urrunean, eta gero beste bat. Jende gehiago ari al da Kuna Yalako atmosferan hodeiak bideratzen? «Ez, ez», dio Teoniciok, «horiek arrantzaleak dira, portura datoz eta eguneko arraina iragartzen ari dira». Irlek ez dute ur gezik, ezta landu daitekeen lurrik ere. Kunek, beraz, bizimodu anfibioa daukate: itsasoan bizi dira, kanoan joaten dira barboak, txitxarroak eta zerra-arrainak arrantzatzera Ikerlariek susmo bat dute: atmosferan karbono dioxidoa pilatzen ari da eta azidotasun horrek koral arrezifeak disolbatzen ditu. Baliteke klima aldaketak eragin bikoitza izatea: urak gora doaz eta lurra behera Ez dute 2008ko azaroa ahazten, irlak bi astez urpean egon zirenekoa, ez dituzte ahazten janaria airetik botatzera etorri ziren helikopteroak, ezta larrien zeuden uharteetako biztanleak salbatu zituzten itsasontziak ere «Panamak erru gutxi dauka beroaldi globalari dagokionez, baina ondorio okerrenak izango dituen herrialdeetako bat da. Pazifikoan 1.800 kilometroko kosta daukagu eta Atlantikoan 1.300ekoa»