GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

ESKU BARRUAK ZABALIK EDO ITXITA


Esku barruak bistan jartzen dituzu, zabal-zabalik. Eta irria ere bistan eta zabal. Askotan ikusten zaitut, baina ikusi gabe. Ez naiz ausartzen begietara begiratzen, zer topatuko dudan beldurrez. Ez dakit noiz pasatu zenuen marra fin hori, esku barruak itxita eramatetik zabalik eramatera dagoen marra. Ogia erostetik edo harategitik ateratzean, artean txanponak ordenatu gabe nagoela, agertzen zara, parean, eskuak zabalik. Eta ni eskuak itxita, txanponei eta arnasari eusten. Oraindik ez dakidalako oso ondo zer egin, eman edo ez eman. Deseroso sentitzen naiz ematen dudanean, karitateak ez baitit aje onik uzten aho sabaian. Eta ematen ez dudanean ere presaka bezala egiten dut bidea, artega. Eta maiz iristen naiz etxera, eskuak indarrez itxita, eta eman nahi nizun txanpona izerdiz bustita.