MAR. 21 2015 IKUSMIRA UNEA BETIKOTU ALA BIZI, HORRA HOR AUKERA Oihana Llorente Arretxea Japoniarrak argazki kamera kolkoan gune turistikoak flasharekin metrailatzen ikusteak barregura eragiten zigun orain urte batzuk. Urteek aurrera egin ahala, baina, teknologiaren gurpil zoroak harrapatu gaitu gu geu ere eta zaila egiten zaigu parean tokatzen zaigun horri bi eskuak libre erreparatzen egotea. Txirrindularitza lasterketa batean, seme-alaben eskolako ikuskizunean edo preso baten kaleratze unean, txaloen lekua hartu dute tablet ala smartphonek. Ikusle gehienek paparazzi larruan sartu eta unea betikotzearen alde egiten dute. Ez al dugu, ordea, unea bizitzea ahazten? Txaloen, irrien, negarren, algaren edo besarkaden espazioa okupatu dute teknologia grisek, erretinan bizi bizi ditugun irudiak gure memorian altxorren pare gordetzen direla ahaztuta.