JUN. 13 2015 Informatikaren irakaskuntza: Code.org Edurne Larraza Mendiluze EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria Txoko honetan lehenago ere hitz egin da lehen eta bigarren hezkuntzan informatika irakastearen garrantziaz (2014/12/13). Ez da erraza izaten zehaztea zer den irakatsi beharrekoa informatikako ikasgai batean. Izan ere, zer da informatika? Elhuyar, zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoaren arabera, informatika, «informazioaren tratamendu automatikoaren zientzia da». Hainbat pertsonari galdetuz gero ordea, jasoko genukeen erantzuna honakoa litzateke: «ordenagailua». Konputagailuen hasierako eginkizuna eragiketa matematikoak azkar egitea izan zen eta ikasketa aurreratua zuten pertsona gutxi batzuek baino ez zituzten hauek erabiltzen. Gaur egun, ordea, makina hauen eginkizuna zabaldu egin da. Konputagailuak guztion eskura daude eta une oro erabiltzen ditugu ofimatikarako, irudien tratamendurako, jolaserako, komunikatzeko, eta abar. Horrela bada, informatika jakitea edo ez jakitea, konputagailuak erabiltzen jakitea edo ez jakitearen baliokidea bihurtu ohi da. Autoekin, ordea, gidatzen jakiteak ez du pertsona bat autoetan espezialista bihurtzen eta berdina gertatzen da konputagailuekin. Beraz, “informatika erabiltzailea” terminoa erabili beharko genuke horrelakoetan. Konputagailuek ez dute baina beti ondo funtzionatzen. Horrelako kasuetan informatika erabiltzaileak ez du jakiten konputagailuaren sistema aztertzen eta akatsa non dagoen esaten. Arazoa konpontzeko, “informatika teknikaria” edo, konputagailua sarean dagoenean, “sistemen administratzailea” deitu behar izaten du. Gainera, merkatuan ez dagoen aplikazio bat behar duenean, informatika enpresa batekin kontaktuan jarri beharko du aplikazio hori gara dezaten. Enpresa horretan “informatika analistek” bere beharrak aztertu eta diseinu bat egingo dute. Azkenik, “programatzaileek” analistek diseinatutako programa garatuko dute eta horrela erabiltzailearen beharra aseko da. «Teknologia alda badezakezu, mundua alda dezakezu», dio Youtubeko zuzendaria den Susan Wojcickik. «Programatzeak sormena, inspirazioa eta berrikuntza pizten ditu, denak ezinbestekoak edozein lanbidetan», dio Floresa izeneko irakasle batek. Horrelako arrazoietan oinarritzen ari dira hainbat lurraldetan, Nafarroa bera barne, informatika lehen eta bigarren hezkuntzan ezartzeko. Bi adierazpen horiek Code.org ataritik hartuak dira. Atari horrek, programatzen ikasteko eta irakasteko tresnak eskaintzen ditu eta informatikaren inguruko hainbat pertsona ospetsuk (Bill Gates eta Mark Zuckerberg tartean) babestu egin dute. Ikasleen atala adinaren arabera banatuta dago. 4, 6, 10 eta 14 urtetik goragokoentzako ariketa multzoak eskaintzen ditu eta autoikaskuntzan erabiltzeko oso aproposa da. Sekuentziak, begiztak, algoritmoak, aldagaiak eta funtzioak bezalako kontzeptuak lantzen dira, umeentzat ezagunak diren bideo-joko edo pelikuletako pertsonaiekin jolastuz edo irudi geometrikoak marraztuz. Ez da, ordea, horretara mugatzen, saio bakoitza nola eraman behar den azaltzen duen irakasleentzako gidoiak ere eskaintzen ditu. Bestalde, curriculumaren atalean, lehen eta bigarren hezkuntzan zientzia eta matematika gisako irakasgaietan informatikako kontzeptuak nola landu daitezkeen ere azaltzen du, Ameriketako Estatu Batuetako curriculumean oinarrituta. Ataria sortzez ingelesez dago eta atal batzuk beste hemeretzi hizkuntzetara itzuli dira. Pena euskaraz ez egotea, ezta? Bada, UEUko Informatika Sailak, aurtengo udako ikastaroen bidez egoera bideratzeko aukera eskaintzen du: “Code.org: Programatzen ikasteko tresna baten erabilpena eta lokalizazioa” (ikus www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/792). Ikastaroan, Code.org erabiltzen ikasteaz gain, ataria euskarara lokalizatzeko dauden aukerak aztertu eta itzulpena bideratuko duen talde bat osatuko da. Animo! Ikasle euskaldunek merezi dute eta! •