AUG. 08 2015 Jatorrira buelta etxaldea salbatzeko ENEEK Erraza da jakitea Karrantzako Vista Alegre baserriaren izena nondik datorren. Matienzo auzoan kokatua, Karrantzako harana ia osorik ikus daiteke bertotik. Euskal Herriaren mendebaldeko muturrean kokatutako haran honek abeltzaintzan tradizio handia du. Azkenengo hamarkadotan intentsifikaziorako joera izan du, larreak alde batera utziz eta ukuiluratze intentsiboaren alde eginez. Cesar eta Jose Antonio, Valera anaiak, abeltzainak izan dira betidanik. Beraiek behiak ukuiluratzeko bidea egin zuten, baina baita larreetara bueltatzekoa ere. «Nahiz eta esne gehiago ekoizten genuen, ustiapenaren kontu ekonomikoak gero eta kaxkarragoak ziren; behiek pentsu gehiago kontsumitzen zuten, albaitaritza tratamendu gehiago eman behar genizkien eta esnea orain dela 30 urte bezala ordaintzen ziguten, gaur egun ere gertatzen den bezala. Ondorioz, itzulerako bideari ekin genion, desintentsifikaziora, helburua kalitatean jarriz kopuruan baino. Aldi berean, gure produktuaren balio gehigarria bilatzeari ekin genion. Ziurtagiri ekologikoaren lorpena hasieratik planteatu genuen, gurea bezalako kalitatezko produktu batek behar duen bermea izateko». Jada hamabost urte pasa dira desintentsifikazioaren bideari ekin ziotenetik. Emandako lehenengo pausua ganaduaren elikadura pentsuan oinarritzetik bazkan oinarritzera igarotzea izan zen. Orain dela bospasei urte behi kopurua murrizten joan ziren, jezten zituzten 45 behi frisoietatik 25 burura igarota. 2011ko apirilean ENEEK-ko ekoizleen erregistroan izena eman zuten, eta, urte bereko abuztuan, gaztandegia martxan zegoen. 2013tik, Vista Alegrek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria du. Talde lanaren garrantzia Prozesuan Helen Groome Cesarren bikotekidearen presentziak eragina izan zuen. Helenek hogei urte baino gehiago egin zituen EHNE Bizkaia sindikatuan lanean, non transgenikoen aurkako borrokan Euskal Herriko aurpegi ezagunenetarikoa bihurtu zen. Emakume ingeles honentzat oso pozgarria izan da etxaldeak bizitako desintentsifikazioa, gaztandegiaren eraikitzea eta zuzeneko salmentarako sarearen gauzatzea bertatik bertara ikustea. «Horrenbeste urtez eredu agroekologiko baten beharra sustatzen egon eta gero, laneko arropa jarri, ekintzara pasatu eta proiektuak funtzionatzen duela ikusteak poztasun handia sortzen dit». Vista Alegreko taldea Alexek eta Cristianek osatzen dute, hau da, Jose Antonioren semeek. Biak ala biak haraneko gazteek bizi duten langabezia egoera lazgarriaren ondorioz batu ziren egitasmora. Vista Alegren bokazioagatik ez daudela onartzen dute, baizik eta «zerbait egin behar delako». «Egia esateko ganadua oso esklaboa da, goizeko zazpietan hasten gara eta gaueko zortzietan bukatu. Hilabetean hiru egunez libratzen dugu bakarrik eta urtean bi asteko oporrak besterik ez ditugu. Lagunek egin ditzaketen gauza askori uko egitea suposatzen digu horrek. Hori bai, lana dugu behintzat, gure lagun askok ez bezala. Egia da ere gure produktua oso ona dela entzuteak poz handia ematen digula». Aldaketa Behien osasun egoera adierazten duen zerbait badago, hori beren esnea da. Vista Alegren hainbat analisi egiten dituzte hilero abelburuen garapena gertutik kontrolatzeko. Emaitzek (beraien web orrialdean kontsulta daitezkeenak) desintentsifikazioaren ostean esnearen ezaugarrietan emandako aldaketak islatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, oraindik bidea egiteke dutela adierazten dute, «maneiu erabat ekologikora pasatzean parametro aldaketaren bat ikusi dugu. Adibidez, zelula somatikoen presentzian [esnean ager daitezkeen zelulak] gorabeherak egon dira, nahiz eta maila egokietan mantendu diren. Behien organismoa elikadura berrira edota antibiotiko faltara oraindik egokitu ez delakoan gaude». Tratamenduen beharra aldatu den beste gauza horietako bat da. Ekologikoan ekoitzi baino lehen mamitiak oso ohikoak zirela onartzen dute; «oraindik ere ematen dira, baina ez dira han zitalak eta prozedura sinpleekin trata daitezke. Produkzio intentsiboa egiten genuenean, mamitiak askoz ere zitalagoak ziren. Nik uste mamitiak elikaduran proteina gehiegi egotearen ondorio direla». Abereen eguneko anoan gehiegizko proteina kopurua saihesteko, transgenikoak ekiditeko eta baita arrazoi ideologikoengatik ere Vista Alegreko pentsuak ez du sojarik. «Soja ekologikoa Amerikatik edota Italia ingurutik dator, urrutitik». Eraldaketa proiektua Gaztandegia Vista Alegre baserriaren proiektu berriaren zutabeetako bat izan zen. Bere diseinurako Jose Luis Martin aholkulariaren zerbitzuak kontratatu zituzten. «Proiektua zehazten asko lagundu zigun, baita behar ez ziren gastuak ekiditen ere. Esaterako, bere aholkuz erosi genuen pasteurizaziorako 400 litroko erabilera anitzeko upela, nahiz eta saltzaileak upel handiagoak saltzen saiatu. Martinek ere azpimarratu zigun esneak ahalik eta aldaketa gutxien jasan behar duela, eta, horregatik, homogeneizagailu bat erosteari uko egin genion. Zentzu berean, esnearen zirkuitu guztiak grabitateari esker funtzionatzen du, ponpa bakarra esne pasteurizatua ontziratzeko erabiltzen duguna da. Izan ere, lehengaiaren [esnearen] kalitatea gaztaren eta jogurtaren kalitatearen erantzule nagusia izango da. Gure behiek goi mailako esnea ematen dute, ez dauka zentzurik beharrezkoak ez diren prozesuak gehitzea, horiek esnearen kalitateari negatiboki eragingo bailiokete». Ez dute ezkutatzen gaztandegia eraikitzeko inbertsio gogorra egin behar izan zutela. «Gure aurrezkiak sartu ditugu hemen, bankuen zain egon gabe. EHNE Bizkaiak aholku onak eman zizkigun eta diru laguntza onak izan genituen. Oso garrantzitsua da, baita ere, esku trebea izatea [Cesar eta Jose Antoniok duten moduan], makinaria zure beharrizanetara egokitzeko». Beraiena bezalako proiektu batean produktu eskaintza zabala izatearen garrantzia azpimarratzen dute. «Guk lau gazta mota egiten ditugu [freskoa eta biguna, esne pasteurizatuarekin; leuna eta ondua, esne gordinarekin], jogurta hiru formatu ezberdinetan ontziratzen dugu eta esne pasteurizatua ere saltzen dugu. Zenbat eta produktu gehiago izan, salmentarako aukera gehiago dituzu, gustu ezberdinak dituzten pertsonengana hel zaitezkeelako». Vista Alegrek banaketa sarea oso landua dauka, Nekasarea eta Lurrekin moduko kontsumo taldeak barnebiltzen dituena, baita denda txikiak, azokak eta jatetxeak ere. «Gure produktuak Bizkaiko 75 dendatan, zazpi kontsumo taldetan, zenbait jatetxetan eta noizbehinkako azoketan banatzen ditugu. Gure esperientziagatik ikusten dugu merkaturatzeko bideak nahiko mugatuta daudela: gurea bezalako beste bost ekoizpen egongo balira antzeko esnekiak ekoizten produkzio hori guztia merkaturatzea zaila izango litzateke uneotan. Instituzioen aldetik hautu argia egon beharko litzateke produktu ekologikoak kontsumitzaileen artean zabaltzeko. Oraindik ezjakintasun handia dago». Kontsumo taldeen zeregina azpimarratzen dute, bereziki ekoizpen proiektu baten hasieran, gaztandegia prest dagoenean baina oraindik osasun baimenik gabe aurkitzen den bitartean adibidez. «Osasun baimena izateko instalazioa martxan jarri behar da, analisiak egin ahal izateko. Baina erregistrorik ez bada, ezin da produktua dendetara eraman, ezta merkatuetara edo azoketara ere. Zer egiten duzu produktu horiekin? Nekasareako kontsumo taldeek fase horretan asko lagundu gintuzten». Nahiz eta esperientzia bide onetik doan, ekoizpen ekologikoak salbuespena izaten jarraitzen du haranean. Batzuetan lupa baten begiradapean sentitzen direla onartu digute: «Jendea zain dagoen sentsazioa duzu, Vista Alegren zer pasako den zain. Kosta egiten zaigu ulertzea zergatik ez den ekologikoa bezalako kalitatezko ekoizpen baten alde egiten. Karrantzarentzat aukera egokiena izango litzateke». www.vistaalegrebaserria.com