GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Soroa, Asteasu, Agustina, Emilieta Txikita de Aizarna
raketista profesionalak

«Jaioterrian ez nuen inoiz nire lanbideaz hitz egiten; inori ez zitzaiola interesatzen iruditzen zitzaidan»

Bost emakume hauek kirolari profesionalak izan dira. Ibilbide desberdinak marraztu dituzten arren, beren belaunaldiko emakume gehienen bizimoduaren oso bestelakoa bizi eta gozatu izana partekatzen dute.


Mahaiaren bueltan eseri ditugu Maria Rosa Soroa Soroa, Miren Uzkudun Asteasu, Agustina Otaola Agustina, Emilia Gomez Emili eta Gloria Agirre Txikita de Aizarna. Guztiak raketista profesional izandakoak.

Soroa elduaindarra da izatez eta Madrilen aritu zen, Fronton Madrid izenekoan, hamasei urtez, 1961etik 1977ra bitartean. «Elduaindik Tolosara joaten ginen entrenatzera, Beotibarrera. Tarteka Madrilgo enpresario bat etortzen zen raketista berriak kontratatzera. Bi urtez aritu nintzen entrenatzen eta 16 urte besterik ez nituela eraman ninduten Madrila. Ni joan nintzenerako raketan jokatzen zen pilotaleku bakarra zegoen Madrilen eta han aritu nintzen. Oso urte onak izan ziren. Aurreneko urteetan arratsalde eta gau jokatzen genuen, eta, geroxeago, gauez bakarrik. Ni atzelaria nintzen», kontatu du. Pilotari familiakoa da Soroa, osaba eskuz aritzen zen, baita bere anaia bat ere. Eta beste anaia batek zesta puntan jokatzen zuen Miamin. «Amaren babes osoa izan nuen beti, hark beti lagundu zidan. Aita, berriz, mesfidatiago agertzen zen, ez zitzaion asko gustatzen ni raketista izatea».

Miren Uzkudun Asteasu asteasuarra da. Hogei urtean hamahiru pilotalekutan aritu zen. «Madrilgo Iberia pilotalekuan debutatu nuen. Gero Donostia, Bartzelona, Logroño, Valentzia, Tenerife, Las Palmas, Mexiko, Kuba, berriz Bartzelona eta, azkenean, Madrilen bukatu nuen, 1960. urtean».

Miren Uzkudunek 18 urte zituela debutatu zuen. Umetan beti ibiltzen omen zen pilotalekuaren bueltan eta 1936ko Gerrak ere parte handia izan zuen bere erabakian. «Gu hamar senide ginen. Lehenbiziko bostek Frantziara alde egin zuten. Osaba genuen bertan eta han bizi izan ziren, bueltatzerik ez zuten-eta. Beste anaia bat gudari joan zen eta familia osoa erabat sakabanatuta egon ginen urte askotan. Guk Asteasun denda genuen, denetarik saltzen zen bertan. Aita udaletxeko idazkaria zen eta kartzelan sartu zuten. Eta horrelaxe geratu ginen, sakabanatuta eta lanik gabe. Zerbait egin beharra zegoen eta niri ikastea ez zitzaidan asko gustatzen. Eta Tolosara raketan entrenatzera joaten hasi nintzen. Bi hilabetez entrenatzen aritu eta Madrila eraman gintuzten, Iberia izeneko frontoi berri batera. Bi urtez aritu nintzen Madrilen eta, handik, esandako toki horietara mugitu nintzen».

Emili valentziarra da. Baina urtero etortzen da Euskal Herrira bisitan, Asteasura. Asteasu eta biak elkarrekin aritu ziren raketista jardunean eta orduan sortutako laguntasunak bizirik segitzen du. Horregatik etortzen da urtero lagunaren etxera. Euskal Herrian zegoela-eta, gure mahaira eseri da kasik 40 urtetan raketista profesional izandakoa. 1944an debutatu zuen eta 1980an erretiratu.

«Haurra nintzela Valentzian pilotaleku bat inauguratu zuten eta beti haren bueltan ibiltzen nintzen aitarekin. Nire anaia zaharragoek ikasi egiten zuten, baina nik ez neukan batere garbi zer egin nahi nuen. Behin aitak makiltxo batekin harri bat jotzen nola nenbilen ikusi zuen. Eta orduan esan zidan bazekiela ni zer izango nintzen: pilotaria. Hasieran pilotak jasotzen aritu nintzen tita bezala, oso txikia nintzelako. Baina garai hartan Moscardo ministroak esan zuen ez zela fitxa gehiago egingo, raketa jokoak desagertu egin behar zuela, ez omen zen-eta batere dotorea emakumeak hain joko ‘bortitzean’ aritzea. Gainera, raketistak ama ezin zirela izan ere bazioten... Orduan, nahiz eta entrenatzen aritzen nintzen, zaila nuen debutatzea. Gainera, nik 13 urte nituen eta 14 urtera arte ezin zen lanik egin. Azkenean, baina, tranpa bat hemen eta beste bat han, lortu nuen debutatzea. Hain txikia nintzenez raketaren kirtena moztu egin behar izan zidaten pixka bat, bestela lurra jotzen zuen-eta!».

Agustina Otaola lehen emakume pilotarien ondorengoa da. «Nire izeba izan zen kantxa bat zapaldu zuen lehen emakumea, 13 urte zituela. Guztira nire lau izeba aritu ziren raketista, lehenengoak izan ziren. Nik anaiarekin jokatzen nuen, eskuz oso ondo jokatzen zuen hark eta harekin entrenatzen nuen. Enpresario bat etorri zen neska batzuk entrenatzera eta ni ere tartean izan nintzen, nire izebek hala eskatuta. Eta horrelaxe joan nintzen Madrila, izeben etxera. Pilotaria izatea gustatzen zitzaidan, baina ez zitzaidan batere gustatzen etxetik urrun joan beharra. 14 urte nituen, sekula ez nintzen herritik atera eta ez zen erraza izan. 1942ko otsailean debutatu nuen, 15 urte egin berri».

Agustina 1967 bitartean aritu zen pilotan, ibilbide distiratsua marraztuz. Bere sakea famatua izan zen Madrilgo eta Bartzelonako frontoietan. Habanara ere joan zen 1957. urtean, Habana-Madrid frontoian jokatzeko fitxatu zutelako. Baina, Kubako giro politikoa gori-gori zegoenez, espero baino lehenago bueltatu zen.

«Etxean lata eman nuen»

Gloria Agirre, Txikita de Aizarna, herriko pilotalekuaren ondoan jaioa da eta orduak eta orduak ematen zituen haren bueltan, pareta haien sekretu guztiak ondo ezagutzeraino. Aita pilotari bikaina zen eta etxeko guztiek jokatzen zuten pilotan. «Zumalaberen raketa bat oparitu zidaten eta nik gero eta grina handiagoa nuen jokatzeko. Euskal Herrian ez zegoen aukera handirik eta nik banekien Madrilen aritzen zirela emakumeak raketarekin. Etxean sekulako lata eman nuen eta azkenean Madrila joan nintzen 18 urte nituela». 1963tik 1980ra bitartean aritu zen.

«Akordatzen naiz nola esan zidaten Aizarnako neska batek debutatu zuela eta nire antz handia zuela, eskuz asko jokatutakoa zelako ni bezala», gogoratu du ondotik Asteasuk.

Aurrera egiteko modu bat

Alaba Raketista profesionala izatea etxe askotan aurrera egiteko aukera moduan ikusten zen. «Gure etxean dena kendu ziguten eta zerbait egin beharra zegoen. Ez zegoen beste erremediorik. Nik ahizpa jostuna nuen eta lagun asko zeuzkan han eta hemen. Ahizparekin joan nintzen Madrila. Iberia frontoia berri-berria zen eta gustura hasi nintzen han. Lehen urtetan ez, baina gerora beti saiatzen nintzen etxera diru pixka bat bidaltzen. Baina guk gastuak ere bagenituen, pentsioak eta... Toki batzuetan pisua hartzen genuen eta lauzpabost raketista bizi ginen elkarrekin. Baina, normalean, pentsioetan bizi ginen», kontatu du Asteasuk. Madrilen zegoenean Vespa motor batean mugitzen zen; «ikaragarri gustatu izan zaizkit motorrak!», aitortu du. Eta, Mexikon, berriz, kirol-auto bat ibiltzen zuen. Mexikon, era berean, astero argitaratzen zituzten aste horretan pilotalekuan lehiatuko ziren raketisten kromoak eta jendeak kromoak sinatzeko eskatzen zien. Detaile horiek erakusten dute zer-nolako bizimodua izan duten kirolari hauek, bere garaiko emakume askoren bizimoduaren oso bestelakoa.

Garai hartan raketista batentzat maila gorena Mexikon zegoen. «Mexikon asko jokatzen zen, zaletasun handia zegoen eta raketistek fama handia genuen. Bi urte eman nituen Mexikon. Hango urak txarrak dira, baina nik berdin-berdin edaten nuen ura iturritik eta sekulako kaltea egiten zidan. Medikuak esan zidan ‘parke zoologikoa’ neukala sabelean eta ebakuntza egin behar izan zidaten. Pixka batean lasai egon nintzen eta osasuna berreskuratu nuenean Valentziara joan nintzen, eta handik, Kanaria uharteetara. Eta, gero, Kubara. Bi urteko kontratua egin ziguten, kontratu ona gainera, baina Fidel etorri zen eta handik atera ginen. Bizpahiru hilabete bakarrik eman genituen azkenean Kuban», segitu du Asteasuk.

Partidetan dirua jokatzen zen, eta asko gainera. Eta dirua tartean denean, pozak eta haserreak muturrekoak izaten dira askotan. Horregatik, raketistei «denetarik» entzutea egokitu zaie. «Dirua galtzen zuena gurekin haserretzen zen eta ‘coger el trapo’ eta horrelakoak esaten zizkiguten batzuetan. Astakeria batzuk entzutea egokitzen zitzaigun, bai». Kantxan emakumeak ziren nagusi, baina harmailetan apenas ikusten zen emakumerik. «Gizonak joaten ziren pilotalekura, eta, gainera, dirua zeukatenak, han diru asko jokatzen zen-eta», jarraitu du asteasuarrak.

Normalean ez zuten entrenamendurik egiten, egunean behin eta askotan bitan jokatzen baitzuten; «nahiko entrenamendu bazen», esan du Agustinak. «Hori bai, pilotalekua aldatzen bagenuen entrenatzen genuen, baita sasoi txar batean sartuta geundenean ere. Baina normalean ez genuen entrenatzen, nahiko entrenamendu bazen-eta egunero-egunero jokatzea», jarraitu du.

«Tira, beti pilotaleku berean jokatzen zuenak ez zuen entrenamendu beharrik akaso, baina pilotaleku batetik bestera ibiltzen zinenean ezberdina zen, alde handia baitzegoen pilotaleku batetik bestera. Ni pilotaleku desberdin askotan aritu izan naiz eta badakit hori», gaineratu du Emilik. Mahaian eserita dauden artean, Asteasu eta Emili izan dira gehien bidaiatu dutenak.

«Oso ondo pasatzen genuen»

Kirolari profesionalak izateak eta kirol jarduera horri esker hara eta hona bidaiatzeak bizimodu klase bat ekarri zien raketistei, bere garaiko emakumeen bizimoduaren oso desberdina. «Raketistaren bat hiltzen zenean, bazekiten hileta ahalik-eta beranduen jarri behar zela. Izan ere, gu gauean berandu arte aritzen ginen jokatzen eta goizean lo pixka bat egin beharra genuen. Gainera, maiz partida bukatu eta gero trago batzuk hartzera ere joaten ginen. Gu pilotalekuan jokatzen ari ginen bitartean, aldageletan emakume batzuk egoten ziren behar genuenerako; jatekoa eta edatekoa prestatzen ziguten. Azken partida jokatzen genuenek bagenuen ohitura amaieran trago batzuk elkarrekin hartzekoa. Egia esan, oso ondo pasatzen genuen», kontatu du Agustinak.

«Hiletena kontatzen hasita, hiletak bukatzean bagenuen ohitura elkarrekin zerbait jatera joateko. ere Ezkonduta zeudenak etxera erretiratzen ziren eta ezkongabeak elkarrekin buelta bat egitera joaten ginen. Gehienak ezkongabeak ginen eta hala segitzen dugu. Nik esaten diet hauei ni hiltzen naizenean mesedez gero elkarrekin ondo pasatzera joan daitezela», esan du Emilik umorez.

Soroa, esaterako, ama izan zen raketista profesionala izan zen bitartean. Alaba txikia saskitxo batean eramaten zuen entrenamenduetara eta denen artean zaintzen zuten. «Saskitxoa edozein modutan uzten zuen; haurrak gau txarra eman ziola-eta kexaka etortzen zen entrenatzera. Denon artean zaintzen genuen han pilotalekuan bertan. Egia esan, ederki pasatzen genuen», segitu du valentziarrak.

Raketistak kirolari profesionalak ziren eta Madrilgo eta Bartzelonako gizartean ezagunak eta prestigiodunak ziren, garaiko torero eta aktoreen pare ibiltzen zirenak. Kuban eta Mexikon, berriz, are ezagunagoak ziren oraindik, izarrak. Sari banaketa garrantzitsuetan ohikoa zen raketistak sariak banatzen ikustea. «Manoletek berak esan zuen ni ikustera etorriko zela, neskak», esan du Agustinak txantxetan lagunak zirikatuz. Emili oso garbia izan da: «Ez zuenak ligatzen ez zuelako nahi zen».

Kanpoan asko maitatu eta miresten zituzten raketistak, baina, etxean, Euskal Herrian, apenas hitz egiten zen haiei buruz. «Nik hemen ez nuen inoiz hitz egiten nire lanbideaz, ez zitzaidan iruditzen inori interesatzen zitzaionik. Gogoan dut nire anaia joaten zen ile-apaindegian egun batean nola erakutsi zioten egunkari bateko orrialde bat, gordeta zeukatena. Nire partida baten berri ematen zuen egunkariak eta ‘Agustina, la maravillosa delantera’ jartzen zuen. Anaiari erakutsi eta ‘zure arreba apalegia da’ esan zioten», kontatu du Agustinak.

Euskal Herriko etxe askotan ez zen begi onez ikusten raketisten jarduna; plaza publikoan, apustu giroan, gauez... Garaiko euskal jendarte itxiaren begietara ez zen ofizio duina kirolari haiena. «Etxe askotan lotsa ematen zien alaba raketista zela esatea eta neskame joan zela esaten zuten», gogoratu du Asteasuk.

Itxura, espektakuluaren parte

Raketistek gonarekin jokatzen zuten. Garaiaren arabera ezaugarri desberdinak zituen, baina beti itxura dotorearekin. Izan ere, jokalarien itxura espektakuluaren parte zen. Beste datu esanguratsu bat kaskorik gabe jokatzen zutela da, larruzko pilotarekin eta sekulako abiadan jokatzen zuten arren. Jardun arriskutsua zen raketistena eta bat baino gehiago larri zauritu zen buruan pilotakadaren bat jasota. Areso raketista buruan pilotakada bat jaso ondoren hil zen. «Areso aurrelari bikaina zen, beldurrik ez zuena. Eta pilota guztietara itsu-itsuan sartzen zen. Askotan sakatzera gindoazenean ere aurrean jartzen zitzaigun. ‘Kendu paretik buruan emango dizugu-eta’ esaten genion, baina hark lasai sakatzeko erantzuten zigun», kontatu du Soroak. Aresok pilotakada ugari jaso zituen buruan bere kirol ibilbidean eta horietako baten ondorioz hil zen. «Nik eman nion pilotakada hura», gogoratu du Emilik. Medikuen esan zutenez, «burua kristalezkoa bailitzan zeukan» jaso zituen kolpe guztien ondorioz.

Raketisten bertuteak

Agustinaren sakea goraipatzen dute garaiko kronikek. Gaia mahaian gainean jarri eta Soroa izan da hizketan lehena. «Agustinaren sakeaz hobe ez badugu hitz egiten. Ni atzelaria nintzen eta Agustinak sake guztiak sartzen zizkidan nahi zuen moduan. Oraindik ere haserretu egiten naiz gogoratze hutsarekin!», esan du umorez.

Soroaren esku indartsua eskuina zen, «ezkerrarekin ezdeusa nintzen». Airez oso ondo sartzen omen zen Soroa, nahiz eta emakume hauei asko kostatzen zaien beren bertuteen gainean hitz egitea, errazago famatzen dituzte adiskideenak.

Txikita de Aizarnaren sakeak ere eman du zeresana elkarrizketan. «Sakea puntu sendoa zen niretzat. Eta horrekin batera nire jokatzeko estiloa nabarmentzen zuten, eskuzkoaren oso parekoa. Lotsa pixka bat ematen dit esatea, baina, inoiz piropo ederrik esan badidate, hori Bilboko pilotari batek esan zidana izan zen: ‘Zuk balleta egiten duzu pilotarekin’. Zalantzarik gabe inoiz esan didaten gauzarik politena da».

Emilik errebotea eta errebesa maite zituela gogoratu du. Gehiago kostatu da Asteasuk bere bertuteen gainean hitz egitea. Bere esanean, «lotsa gero eta handiagoa» izatea da adinak utzi dion aje bakarra. Egia esan, sasoi beteko dago 93 urte bete bezperatan. Gainontzekoek aho batez nabarmendu dutenez, «pilotari oso-osoa zen Asteasu, alor denetan bikaina».

Kirol bizitza zoragarriak izan dituzte, kirolari profesionalak izan dira –Estatu espainolean lehen emakume kirolari profesionalak–, beren garaiko emakume gehienen aldean ibilera oso desberdinak ibili dituzte Euskal Herritik kanpoko pilotaleku eta kaleetan. Eta, hemen, beren herrian, apenas dakigun ezer gure raketisten inguruan.