OCT. 17 2015 Twitterretik espetxera Iratxe Esnaola Arribillaga - @puntueus Informatika ingeniaria Oraindik ez dute inor espetxeratu tuit bategatik. Oraindik ez dute inor espetxeratu 140 karakteretan «biktimak umiliatu» edota «terrorismoa goratzea» egotzita. Baina denbora kontua da ziur aski. Edo kalkulu kontua. Bidea ireki diote (Estatu espainiarrean), bederen, tuit bategatik espetxeratzeari. Bide hori Kode Penalaren azken erreformak ahalbidetu du. Zehazki, 578. artikuluaren aldaketak. Aurrez, artikulu horrek bi urtera arteko espetxe zigorra aurreikusten zuen, «biktimak umiliatu» edo «terrorismoa goratzeagatik». Horrek, epaileari, espetxera ez bidaltzea ahalbidetzen zion, zigorra esekita utziz. Orain, berriz, urtebetetik hiru urterako tartea ezarri dute (eta isun bat, 12 eta 18 hilabete bitartekoa), eta, hortaz, 578. artikuluan jartzen duenaren arabera, «biktimak umiliatu» edo «terrorismoa goratzea» kontsideratzen dituzten ekintzengatik, espetxea zapal dezakegu. Baina aldaketa ez da espetxealdiaren edo isunaren iraupenean soilik islatzen. Aldaketa kualitatiboa, benetako aldaketa, artikuluaren aplikazio eremuaren hedapenean dago. Orain, 578. artikulua Internet edota komunikazio elektronikoen zerbitzuetara ere zabaldu da. Are gehiago, bide horiek erabiliz «biktimak umiliatu» edo «terrorismoa goratzea» egozten diguten kasuetan, espetxe zigorra “goiko tartean” aplikatzen da, hau da, bi urtetik gora. Eta horrek, espetxeratzea dakar, zuzen-zuzenean eta halabeharrez. Artikulu horren gainean eraiki dira “Operación Araña” guztiak. “Operación Araña I” 2014ko apirilean eman zen eta 21 pertsona atxilotu zituzten. “Operación Araña II” 2014ko azaroan, 19 atxiloturekin. Eta azkena, “Operación Araña III”, aurtengo maiatzean, 19 atxiloturekin: zazpi Bizkaian, bi Gipuzkoan, hiru Araban, hiru Bartzelonan eta bana Madril, Valentzia, Segovia eta Pontevedran. Madrilen atxilotu zutena Def Con Dos taldeko liderra zen, Cesar Montaña Lehmann, Cesar Strawberry bezala ezagunagoa dena. Bere Twitter kontuan idatzitako edukiengatik atxilotu zuten. Tartean dira egun Vox alderdian kokatzen den Jose Antonio Ortega Lararen gaineko tuita, Esperanza Aguirreren faxismoa salatzeko GRAPO aipatzen duena eta “El Mundo” egunkariko albiste bat (zeinean ETAko presoek gobernuan Podemos nahi dutela baieztatzen zen) salatzekoa. Atxiloketa horien ondotik, Rafael Catala espainiar Estatuko Justizia Ministroak berak “Operación Araña III” operazioa zuzenbide estatuaren indar erakustaldi gisa definitu zuen, tartean, komunikazio elektronikoen gainean 578. artikuluan egindako erreforma goraipatu zuelarik (ordurako Kode Penala aldatuta zegoen, indarrean uztailaren 1ean sartu den arren). Mozal Legea bezalaxe, Kode Penalaren erreforma gure askatasunen kontrako eraso larria da. 571 eta 580 arteko artikuluek terrorismo delituak definitzen dituzte. 575. artikuluak webguneen kontsulta zigortzen du, bertan biltzen den edukia «terrorismoari» lotua badago. Ez edukien zabalkundea, edukien kontsulta baizik (mezuen zabalkundea 579. artikuluak zigortzen du). 577. artikuluak «erakunde terroristei» laguntzeko ekintzak zigortzen ditu, baita zerbitzu teknologikoak eskaintzea ere. 578. artikuluak, aurrez esan bezala, «terrorismoa goratzea» edo «biktimak umiliatzea» zigortzen ditu. Uztailaren 1ean sartu ziren indarrean, Estatu espainiarrean, Kode Penalaren erreforma eta Mozal Legea (delitu berriak gehituz eta zigorrak areagotuz). Biak ala biak, salagarriak. Hala diote NBEren Giza Eskubideen Batzordeak (instituzioen kontrako kritikak zigortzeagatik) eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (manifestazio baketsu ez baimenduak zigortzeagatik). Kode Penalaren erreforma eta Mozal Legea: aberrazio bat. •