Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

ZORIONEKO AMAIERA IZANGO AL DU MYANMARKO TRANTSIZIOAK?

Myanmarko Armadak onartu egin omen du Aung San Suu Kyi hamabost urtez etxean preso izan zuten oposizioko buruzagiaren alderdiak hauteskundeetan lortutako garaipen ukaezina. Boto kontaketa mantso doa baina iturri guztien arabera gehiengo osoa lortuko du NLDk. Alderdi horrek aise irabazi zituen bozak 1990ean ere, baina militarrek kolpea eman eta atxilotu egin zuten Suu Kyi. Oraingoan, Parlamentuko eserlekuen %25 aurrez militarren alderdiaren esku baziren ere, PUSDek ez du antza nahikoa izango gehiengoa mantentzeko. Duela bost urte Myanmarrek hasitako trantsizioa ondo amaituko al da behingoz, berri txarrak nagusi diren mundu eta garaiotan? Agian. Izan ere, Armadak izendatuko ditu ministro inportanteenak eta beto-eskubidea mantenduko du Konstituzioa aldatzeko orduan. Gainera, Myanmarko gutxiengoak, musulmanak barne, ez dira fio Suu Kyi berataz, batez ere azken urteotan izan duen bilakaera politikoa dela-eta.