Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ATERPERIK GABEKO AULKIAN LO EGITEN DUTENAK ETA ETXEKO EPELEAN HUTSIK DAUDEN AULKIAK

Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS
Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS

Gabon sasoia ez da iragarkietan margotzen duten bezain perfektua. Ez dauka perfume usain zoragarririk, gorriz margotutako irribarre infiniturik, argizariz gozatutako mahai eder eta ordenaturik. Gabon sasoian bada aterperik gabeko aulkian lo egiten duenik, eta bada etxeko epelean hutsik dagoen aulkirik.

Eta zergatik dira zorrotzagoak eta nabarmenagoak hutsuneak etxeak beteago dauden garaian? Eta zergatik bihurtzen dira ikusezin kalean bizi direnak Gabonetako argi distiratsuen parean jartzen direnean? Goiko argazkiak baditu, behintzat, Gabonetako kolore ofizialak; Gasteizko banku hotz horretan etxea duen Santa Clausen gorria eta dispertsioaren gordina salatzen duten zapien zuria.

Egoera guztiek dute konponbidea horretarako borondatea baldin badago. Olentzerori eskatuko diogu, baita Santa Clausi ere. Eta horiek baino gehiago agintzen duen bizardunik bada, baita hari ere.