Iñaki Soto

Esperimentazio taktikoa eta pazientzia estrategikoa

Garaipen bat lortzen dugun aldiro, ez da horrenbeste behin betiko aldaketa ziurtatzea, baizik eta borrokarako esparru berriak irekitzea». Angela Davisen hitzak dira, “Democracia de la abolición” liburuan Eduardo Mendietak egiten dion elkarrizketan azaltzen direnak. Davisen bisitak bere pentsamenduarekiko interesa berpiztu zidan eta liburua aproposa da, idazlanaren ardatza kartzela bada ere –ziur asko Davisen bizitza militantearen eta pentsamenduaren ardatza ere bada–, elkarrizketa horretan bere pentsamenduaren ildo nagusiak azaltzen baitira. Elkarrizketaren ikuspegia orokorragoa da. Formatua ere lagungarria da, gai desberdinak hari baten barruan sartzeko aukera ematen duelako.

Orokorrean, elkarrizketa intelektual hauek gogoko ditut. Jakina, filosofia eta kazetaritza jarduera zeharo desberdinak dira. Lehendabizikoak ozeanoaren sakontasunean murgiltzea eskatzen du, bigarrena hondartzan hankak bustitzearen parekoa da. Adi, ez da mailaketa bat. Printzipioz biak dira ekintza gustagarriak, interesgarriak. Pertsonen eta gizarteen aberaste eta askapenerako bitarteko eta funts desberdinak erabiltzen dituzten jarduerak dira, ordea. Davisek berak dioen bezala, «filosofiak abantailazko posizioa ematen dizu, bertatik gure mundu soziala ulertzeko duen gaitasunaz hain harro agertzen den diskurtso zientifikoan egin ezin diren galderak egin daitezke-eta».

Sektorean Swarovskiekin lilura sortzeko gaitasuna duen jende ugari egon arren, filosofian perlak topatzeko gai diren pertsonak ez dira hainbeste. Davis horietako bat dela uste dut. [Aldi berean, kazetaritzan gehiegi dira beren hankak busti ordez txakurra pilota bilatzera bidaltzen dutenak. Gurean, zorionez, kazetari bikainak ditugu eta gure medioak batez bestekoaren gainetik daudela uste dut]. Davisen hitzei sistema bat darie, pentsamenduaren eta ekintzaren arteko elkarrekintzan, borrokaren testuinguruan osatu den sistema. Gertaera sozial oro eta posizio ideologiko guztiak irentsi eta zentzu interesgarrian aztertu eta birformulatzeko gai den sistema. Gainera, bai Guggenheimeko hitzaldian bai elkarrizketa honetan, sistema horretan heldutasuna nabari da.

Kezkak eta iradokizunak: antolakuntza eta esperimentazioa

#BasqueSelfieFeverExperience-az harago (barkatu, esan behar nuen), baina batez ere «Angelak nik pentsatzen dudan berdina pentsatzen du» haur-joera ekiditeko (irakurri, irakurri, mesedez), testuetan, ideiez gain, bere kezkak eta iradokizunak ere azaltzen dira, inspirazio iturri izan daitezkeenak.

Berdintasunaz, aldaketa politikoaz, kartzela sistemaren abolizioaz, feminismoaz, multikulturalismoaz, borroken arteko aliantzez… ikuspuntu oso interesgarriak uzten ditu Davisek, baina nik gaur egungo praktika politiko zehatzei buruz egiten dituen bi aipamen aipatu nahi ditut hemen. Lehendabizikoa kezka bat da, mobilizazioaren eta antolakuntzaren arteko aldeari buruzkoa, hain zuzen ere. Iraganeko garai loriatsuez nostalgia ekiditea eta pazientzia estrategikoa lantzea gomendatzeaz gain, gaur egungo politizazio formak eta aktibismoa aipatuz, mobilizazioak hartu duen zentraltasuna aipatzen du, epe luzeagorako eta aldaketa sakonetarako ezinbestekoa den antolakuntzaren kalterako. Guri, euskal ezkertiarroi eta independentistoi aplikagarriak diren esaldi eta galdera borobilak uzten ditu hemen. Adibidez: «Antolakuntza mobilizaziora subordinatzen denean, zer egiten dugu mobilizazio arrakastatsu baten ostean?». Besteak beste, teknologia berriak horren mesederako erabiltzea iradokitzen du. Horrekin batera, esperimentazioaren defentsa sutsua egiten du, akatsetatik ikasiz, bide berriak urratuz eta eskeman apurtuz.

Davis “Free Otegi, Free Them All” nazioarteko kanpainaren harira heldu da Euskal Herrira. Asteartean kanpaina hau beste fase batean sartuko da. Presoen auzian Davisek esaten dituenetatik batzuk aplikagarriak izan daitezke. Bitartean, «welcome to the jungle, brother!» •