Mugimendu baten, eta bere kideen, bertsiorik onena
Iragan den astean Irlandara egindako bidaian, Sinn Feinen Ard Fheis biltzarrean, mugimendu errepublikanoaren sasoi ona ikusi ahal izan genuen urteko konferentziara hurbildu ginen euskaldunok. Arnaldo Otegi bertan zen eta egin zioten harrera ikusgarria izan zen, bai zuzendaritza mailan bai oinarri sozialaren aldetik. Euskal independentismo ezkertiarraren eta irlandar errepublikanoen arteko anaitasun harremana aspaldikoa eta oso sendoa da, ideologikoki nahiz emozionalki. Gainera, bien imajinarioan preso politikoen auzia indar handiko auzia da. Berentzat Otegi, aldeak alde, kartzelatik atera berri den Gerry Adamsen pareko lider bat da. Han militanteek liderrei dieten estimua eta liderrek militanteei eta beren komunitateko kideei dieten errespetua oso deigarriak dira, benetan sakonak.
Aldeak egon badaude, ordea, eta ez dira bi lider horien artekoak, estiloak estilo, baizik eta ordezkatzen duten mugimenduen sasoiari dagozkionak. Jakina, ardurari dagokionez, Adamsek sasoi horren ardura osoa du, baita egiten ari den belaunaldien eta generoen trantsizioarena ere –arrakastaren gakoetako bat, nire ustez–. Otegiren kasuan, ordea, ardura hori oso baldintzatuta dago azken sei urteak, are, azken hamar urteetatik zortzi, kartzelan eman dituelako. Atera denetik erakutsi dituen indarra, gaitasuna eta onespen soziala bere meritua dira, noski. Aldi berean, kalean egon garenon ezintasunen seinale ere badira. Nolanahi ere, Irlandatik bueltan, Otegik ikusten duenetik ikasi eta hori bere pentsamenduan eta diskurtsoan txertatzeko duen gaitasuna azpimarratuko nuke. Entzute fasean omen dago, baina prozesatzeko duen gaitasuna deigarria da. Gaur Donostiako Kursaal jauregian horren beste adibide bat ikusi ahal izango da.
Joera kontrajarriak eta buelta emateko oinarri berriak
Ikuspuntu intelektual batetik, erkaketa guztiak gorrotagarriak omen dira, baina ikuspuntu politiko batetik galtzen ateratzen zaren konparazioak dira guztien artean gorrotagarrienak, zalantzarik gabe. Asko laburbilduz, Sinn Fein bere bertsiorik hoberena ari da erakusten bere praktika politikoan, irudian eta tonuan. Euskal independentismoa, ordea, motelago dabil, bere bertsiorik hoberenetik urruti. Halere, bere bertsiorik okerrenetik ere oso urruti dago, zorionez. Potentzialtasuna hartu behar da hemen erreferentzia gisa. Eta hogei urte atzera eginda, bi mugimenduon arteko erkaketan joerok kontrajarriak dirudite. Ñabardura eta baldintza askorekin, noski.
Joerok, nolanahi ere, ez dira ezker independentismoaren ondare, inondik inora. Testuinguru orokorrago baten parte dira. Azken garaian sarri aipatu dugu orriotan Euskal Herria mediokritate ziklo batean sartuta dagoela. Diagnosi horrek badu arazo nabarmen bat: badirudi ideia hori botatzen duenak bere burua hortik kanpo uzten duela, harrokeria handiz gainera. Tira, norberak jakingo du ziklo honetan egin duenaren balantzea zein den, baina harrokeria eta egozentrismoa mediokritate horren beste ezaugarri bat dira, ziur asko. Horregatik mediokritateaz irakurketa apalago bat ematea komeni da, joera horri buelta emateko aukerak ematen dituena.
Nire ustez, mediokritatearen ezaugarri nagusia inork hemen ez duela bere bertsiorik hobenera erakutsi da. Alegia, bere potentzialtasunetik behera ibili dela hemen jendea, ordezkariak eta hor nonbait ibili direla ere egiturak, erakundeak. Ibili garela. Definizio horretatik abiatuta, errazagoa da egoerari buelta ematea. Umiltasunetik, arduratik eta lanetik abiatuta. Nolanahi ere, irlandarrekin konparatuz, ez dut uste honezkero gurean iraultza hau isilpean eta antzinako leialtasunei jarraituz egin daitekeenik. Fariseuak eta zinikoak detektatu behar dira, baita golpistak ere, baina orokorrean esaten denari gehiago eta nork esaten duenari gutxiago begiratu behar zaiola uste dut. Alegia, kultura berria dialektika publiko baten ondorio izan daiteke soilik, diziplina berria sortuko duen eztabaida. Horretarako, ordea, kristalezko masailezurrik ezin da izan, ezta mina emateko gogorik ere.•