Orlandoko astindua
Orlando hiriko Pulse diskotekaren aurkako erasoak 49 hildako eta 53 zauritu eragin zituen duela bi aste. LGBT komunitateak erabiltzen zuen lokalaren aurkako erasoari leku askotan ez zaio «homofobo» deitu ordea, bazter guztietako ekintzaileen haserrea eraginez.
Larunbat gaua AEBetako Florida estatuko Orlando hirian. Herritar ugari parrandan, ondo pasatzen. Goizaldeko ordu bietan, Euskal Herrian goizeko zortziak zirela, afganiar jatorriko Omar Mateen gazte estatubatuarrak, arazorik gabe erositako fusila eskuetan zuela Pulse diskotekara sartu ostean, bertan zeudenei tiro egin zien, tragedia ikaragarria eraginez: 49 hildako eta 53 zauritu. Erasoa egin aurretik ISIS Estatu Islamikoarekin bat egiten zuela esan omen zuen 29 urteko gazteak. Gainera, afganiar jatorrikoa zenez, lehen orduetan bazirudien Asiako herrialdeko gatazkarekin lotutako erasoa izan zitekeela. GARA egunkariko erredakzioan ere eguneko pauta aldatu behar izan genuen, hasiera batean talibanen agiri baten inguruko informazioa sartzeko asmoa baikenuen, eta Orlandoko erasoak gatazka harekin zerikusirik izan zezakeelakoan, talibanen mehatxuak beste baterako uztea erabaki baikenuen.
Haserretu eta platoa utzi
Pulse diskotekako erabiltzaile gehienak LGBT komunitateko kideak ziren, hau da, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak. Aldiz, lehen ordu haietan ia inork ez zuen esaten eraso homofoboa izan zenik. Owen Jones britainiar ekintzaileak nabarmendu du “The New York Times” egunkariak berak atentatuaren inguruan eskaini zuen lehen informazioan ez zuela aipatu ere egin lokala homosexualek erabiltzen zutenik.
Owen Jones Sky News telebista katera deitu zuten, tertulia batean esku har zezan. Beste tertuliakideek erasoaren izaera homofoboa ukatu eta «gizakien aurkako atentatu» moduan behin eta berriz aurkezten zutenez, berak platotik alde egitea erabaki zuen. Honela esplikatu zuen bere erabakia artikulu batean: «Komunitate juduaren aurkako gorrotoagatik ezaguna den terrorista bat sinagoga batera sartuko balitz eta 50 judu hilko balitu, arrazoi osoz esango genuke eraso terrorista eta antisemita bat zela. Eta ondoren, telebista kateren batean, judu batek gaiari buruz aritzean hitz horiek erabiliko balitu, lotsatu egingo ginateke norbaitek kontra egitean. Are gehiago, garrasika kontra eginez gero. Horixe gertatu zen Sky News katean, gizon gay bat LGBT komunitatearen aurkako sarraskiari buruz hitz egiten ari zenean». Britainiar ekintzaileak erantsi du Mateenek jendea ondo pasatzen ari zen lokal asko zituela Orlandon bertan erasoa egiteko, baina «LGBT klub bat aukeratu zuen. Homofobia eta terrorismo ekintza bat izan zen, aldi berean. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: zer eta zergatik gertatu zen ulertu behar dugu».
Homosexual musulmanak
Orlandoko sarraski izugarriak LGBT komunitatearen elkartasun mobilizazioak eta protestaldiak eragin ditu mundu osoan. Eta beraien mezuak hedabide askok jaso dituzte. Frantses Estatuko “Liberation” egunkariak elkarrizketa egin zuen Ludovic-Mohamed Zahed HM2F Frantziako Homosexual Musulmanen elkarteko sortzailearekin. Izenburuak ideia nagusia laburbiltzen du: «Faxismo guztiek, eta Estatu Islamikoa horietako bat da, gutxiengo sexualen aurkako jazarpena egiten dute».
Estatu Islamikoaren izaera faxistarekin lotzen du homosexualen aurkako jarrera, ez Abu Bakr al-Baghdadi ISISeko «kalifaren» jarraitzaileen erlijioarekin. «Erlijio homofoboa da islama?», galdetu zioten. «Profetak mukhannathun-ak –emakumeei atxiki ohi zaizkien forma edo keinuak dituzten gizonezkoak– babesten zituela diote hadith askok –Mahomak eta bere laguntzaileek esan eta egindakoen berri ematen duten kondairak–. Pertsona horiek hartzen zituen, gaur egun homofobia esaten diogun fenomenotik babesten zituen. Bere inguruko batzuek hil egin nahi zituzten gizonekin harreman sexualak izateagatik, emakumeek bezala janzteagatik edo eskuetan jenna emateagatik».
Elkarrizketa horretan Zahedek eransten du Koran musulmanen liburu sakratuak ez duela aipatu ere egiten homosexualitatea. Hala ere, onartzen du gaur egun homosexual izaera onartzea zailagoa izaten dela herrialde musulmanetan, baina esplikatzen du hori ez dela gertatzen Mahomak edo kalifek agindutakoaren eraginez: «Mende askotan kalifa otomandarrek homoerotismoa egiten zuten eta otomandarrek izan zuten azkenetako sultan bat bisexuala zen. Europako XIX. mendeko olerkari handiak Maroko eta Tunisiara joaten ziren beren homosexualitatea bizitzera, han posible baitzen, hemen ezinezkoa zen bitartean. 1750 arte Parisko Udaletxe plazan homosexualei su ematen zieten».
Edonola ere, Frantziako Homosexual Musulmanen elkarteko sortzaileak Orlandoko izugarrikeriaren alde positibo bat ere ikusten du: «Musulmanak behartuko ditu ISISen islamaren eta argien islamaren artean aukera egitera».
ISIS eta Turkia
Aukera hori egina dute ISIS erakundeko jihadistek. Esaterako, joan den asteartean Turkiako Poliziak atxilotu zituen hiru gizonek: bat Turkiakoa da, eta beste biak Errusiako Dagestangoak. Ankarak eman duen bertsioaren arabera, pertsona transexualen aurkako eraso bat prestatzen ari ziren.
Turkian homosexualitatea ez da delitu, baina oso gizarte homofoboa da oraindik eta azken urteotan atzera egiten ari dela esan daiteke, Istanbul hiriak Harrotasunaren Desfile jendetsuak hartu izan baititu 2003az geroztik, baina azken urteotan antolatu ezinik geratu izan baitira.
Ankarak atxilotutako bi jihadista Errusiako Dagestangoak ziren. Vladimir Putinen herrialdean homofobia aurrera egiten ari dela kontatu izan dugu GAUR8n bertan, orain urte batzuk. 2013an sinatu zuen errusiar presidenteak «propaganda homosexuala» debekatzen duen legea, eskuin muturreko homofoboei erasoen ateak zabalduz. Errusiako LGBT komunitatea ere astindu du Orlandoko sarraski izugarriak. Kevin Rothrock izeneko erabiltzaileak Globalvoices.org webgunean idatzi duenez, «Errusiako gayen aurkako indarkeria indartzen ari den momentuan, geure kalteberatasuna ekarri digu gogora erasoak».
Elena Kostiutxenko kazetaria LGBT komunitatearen eskubideen defentsan nabarmendu izan da. Oso garesti ordaindu du homosexualen eskubideak babestu izana: askotan atxilotu izan dute. Jipoitu ere egin izan dute. Orlandoko erasoaren ondoren, bi testu eman zituen argitara Facebooken.
Ekintzailearen ama, kezkatuta
Lehenean kontatzen du amarekin zela Floridako atentatuaren berri izan zuenean, eta amaren erreakzioaren berri emanez, Errusiako homosexualek egunero bizi duten egoera azaltzen zuen. Herritar askok erasoari homofobo izaera ukatzen ziotela ikusita, bigarrena idatzi zuen: «‘Hildakoen joera sexualak ez du garrantzirik’ eta antzekoak idatzi dituztenek, erailketa horien kausari begiak ixten dizkiote. Eta kausa hori homofobia da. Egia esan, ‘homofobia’ hitza ez zait gustatzen, oso abstraktua baita. Baina gutxienez azaltzen du zergatik azken bi urteotan nire hemeretzi lagunek erasoak jasan dituzten; zergatik bi lagun bortxatu zituzten eta beste bi, erail. Eta zer arrazoirengatik nik ezagutzen nituen hogeitik gora pertsona Errusia uztera behartuta egon diren. Hau guztia nire lagunen zirkuluan gertatu da, hain handia ez den zirkulu batean alegia. Gure kontrako legeak onartzen dituzte, berdinak izango ez bagina bezala tratatzen gaituzte eta askotan esaten digute gutxiago balio dugula, ez dugu ezkontzeko eskubiderik, ezta gure bikotearekin batera geure umeak zaintzeko eskubiderik ere. Espetxean edo erietxean gaudela, ez dugu bisitak jasotzeko eskubiderik. Azken hiru urteotan, talde neonazi batzuek LGBT komunitateko pertsonak jarri dituzte jomugan. Eta telebistak gorroto eta beldur giro hori puztu egiten du».
Moskuko atxilotuak
Kazetariak deskribatutako egoera horren ondoan badago beste Errusia bat, ordea. Errusia ofizialak (Putin presidenteak berak) berehala Etxe Zurira deitu zuen bere dolumina adierazteko eta Errusiako Atzerri Ministerioak adierazpen homofoboak egiten dituzten herritarrak salatu zituen. Aldi berean, dozenaka errusiar joan ziren AEBek Moskun duten enbaxadaraino Orlandon hildakoen alde lore eskaintza egitera. Baina Mosku hiriburuko Poliziak horietako bi atxilotu egin zituen, “Maitasunak irabazten du” zioen kartela zabaltzeagatik. Non geratzen da Obamari telefonoz bere dolumina azaldu zion agintariaren sinesgarritasuna?
Liliana Viola ekintzaileak Argentinako “Pagina 12” egunkarian argitaratutako artikulu baten izenburuak Orlandoko sarraskiaren beste alde bat nabarmentzen du: “Je suis latino, negro y puto”. Izan ere, Mateenen erasoaren ondoren ia ez da inon ikusi “Je suis Charlie” eta tankerako esaldirik (orrialde honetako Marokoko irudian “We are Orlando” irakurtzen bada ere) kartel eta pankartetan idatzita: «Kontzientzia zintzoaren adierazpenen katalogoan oraindik ez dute ‘Ni ere puto bat naiz’ esaldia sartu».
«Guztiok gara Mateen»
«Bitartean –eransten du egile argentinarrak–, lehen egunean, zauritu zituzten pertsonen lagun homosexualek odola emateko aukerarik ez zuten izan, legeak ezarritako kutsatu-presuntzioak elkartasuna adierazteko aukera hori gabe uzten baititu. Larrialdiak eragin zuen debeku hori behin-behinekoz altxatzea. Gizarteak martiriak behar al ditu oraindik mugak jasotzeko? Gizarte-ekuazio horretan, homofobiak oraindik duen tolerantzia kasu batzuetan ospakizunera iristen da. Gorrotoa –transfobia, lesbofobia, islamofobia, homofobia edo beste izenen bat emanda ere– desbideratze lotsagarri moduan borrokatzen ez dugun bitartean, guztiok gara Mateen».
Ezkertiarrak zein eskuindarrak astindu ditu Orlandoko sarraskiak. Bogota Kolonbiako hiriburuko Lourdes parkean egindako erasoaren aurkako protestaldian Cecilia Alvarez Correa Merkataritza ministro ohiak esku hartu zuen. Hain ezaguna izanda, zergatik nahastu ote zen manifestari anonimoekin galdetu zioten: «Gauzei datozen bezala aurre egin behar zaiela uste dudalako. Lourdes parkean zeuden gazteei beldurrik ez izateko adierazteko aukera ezin hobea zen, beraiek benetan direna izan daitezela esateko, sentitzen dutena adieraz dezaten, eta nor maite duten garbi esan dezaten, beldurrak ezin baitu gizarte osoa mendean hartu».
Bazterketa legezko egin
Eskuineko gobernuetan esku hartutako emakumeak uste du Kolonbiaren kasuan, orain arte lortu denari eutsi behar zaiola, atzera egiteko tentazioaren aurrean. Carlos Gaviria zena Auzitegi Konstituzionalaren buru izan zen garaian –1996tik 2001era– LGBT komunitatearen makina bat eskubide bermatu ziren. «Tristura eragiten du Estatuaren goi kargu batzuek oraindik epaileen erabakiak bete nahi ez izatea, homosexualitatea bekatu, gaixotasun edo delitu dela dioen ideia zabaltzen ibiltzea. Eta okerragoa dena, bazterketa berriz legezko egin nahian sinadurak biltzen ibiltzea».