JUL. 09 2016 IKUSMIRA DENOK BUSTIKO BAGINA Amagoia Mujika Telleria Denok bustiko bagina, igual. Lasai ibiliko ginateke kalean gora eta behera, ezagun batekin hizketan geratu eta kuadrilla betirako galdu dugula konturatu arren. Eta lasai erretiratuko ginateke etxe aldera gorputzak eta gogoak hala agintzen digun orduan, berdin argi edo ilun, berdin zuzen edo balantzaka, berdin aukeratutako konpainian, aukeratutako bakardadean edota gertatutako bakardadean. Berdin lasai modu guztietara. Baina norbaitek emakume bat atari batean preso hartu eta taldean sexu erasoa egitea bere festaren parte dela ulertzen duen bitartean, ez dugu lortuko. Noren festa da hori? Denok bustiko bagina, igual. Baina uraren azpian orduak, egunak, hamarkadak eta mendeak eman beharko genituzke jendarte bezala gainean daukagun kraka matxista garbitzeko.