AUG. 06 2016 IKUSMIRA TURISMOA ERREFUXIATUEN AZTARNEN ATZETIK, LESBOSEN Louisa GOULIAMAKI | AFP Dabid LAZKANOITURBURU Ia-ia atzeman ere ez dira egiten itsasertzean sakabanatuta dauden salbamendu jakek osatzen duten mendixkaren artean, baina han daude. Turista oro har kuxkuxeroa ei da eta hiru behintzat iritsi dira bertara ere, Lesboseko irlako bazter honetara, inork deitu ez badie ere. Zer ikustera, baina? Onar dezagun estetikoki ikusgarria dela aurrean dugun irudia. Baina, etikoki? Zertara etorri dira, errefuxiatuen sufrimenduaren aztarnen atzetik? Salbamendu jaka bakoitzak drama bat ezkutatzen duenez, morboaren bila agian? Baliteke. Hala ere, litekeena ere bada turistak erantzun baten bila iritsi izana. Izan ere, Mediterraneoko urek suntsitutako txalupen hondakinek berebiziko galdera egiten digute turista aberats europar garen orori. Hobea al da besteek bizi duten miseria sumatzea sikiera, edota hobe genuke ez ikusiarena egitea?, Kariben gustuko ditugun hotel erraldoietan bezala, igerilekuan blai, gintonika eskuan eta otarraina ahoan... Horra hor galdera.