Whatsapp, Facebook... Telegram!
Osteguneko GARAko zutabean aipatu nuen Whatsappen erabilpen-baldintzen aldaketaren gaia. Nioen, ezin dugula Whatsapp eta Facebook-en arteko informazio-trukea saihestu. Are, hedabide gehienetan kontrakoa adierazi zaigun arren, telefonoa eta gure mezuen metadatuak Facebookekin partekatuko dituela. Ez digutela hori saihesteko aukerarik eman. Eman diguten aukera bakarra, informazio-trukaketa horren erabilpen konkretu baten gainekoa dela. Hau da, saihestu dezakegun bakarra, oraingoz, informazio-trukaketa horren erabilpen publizitario eta komertziala dela, nolabait esatearren. Ez informazio-trukaketa, bere horretan.
Nioen ere, ulertzekoa dela. Facebook eta Whatsapp, finean, enpresa handi berberaren zati direlako. Eta baita Instagram eta beste ia 60 filial ere. Eta ulertzekoa da euren arteko informazio-trukaketa. Euren integrazioa, finantzarioa eta teknologikoa. Enpresa handi bat dira, eta euren buruaz arduratzen dira, ez erabiltzaileez. Negozio-ikuspuntu soiletik hartutako erabakia dela, alegia.
Eta, horretxegatik, nioen ere, hausnarketa garrantzitsuena erabiltzearen ikuspuntuan dagoela. Zer erabiltzen dugun, eta nola. Edota hobe, nola eta zertarako erabiltzen gaituzten. Izan Facebookek, Whatsappek edo gisako doako zerbitzuak eskaintzen dituzten mota horretako enpresek. Erabili egiten gaituztelako. Euren negozio-eredua, gure bizitzen gaineko informazioaren biltegiratzean, prozesamenduan eta analisian oinarritzen delako.
Eta azkenik, nioen, aukera paregabea dela Telegram bezalako alternatibei aukera bat emateko. Seguruagoa, pribatuagoa eta dibertigarriagoa dela. Eta gainera, kode irekikoa dela eta euskaraz erabil daitekeela. Whatsappekiko alternatiba erreal bat izateko osagai guztiak dituela, alegia.
Segurtasuna eta pribatutasuna dira Telegramen bi ezaugarri indartsuenak. Ezkutuko elkarrizketa edo kalaken aukera da horren adibide. Denbora tarte bat ezartzen zaie, eta gero ezabatu egiten dira. Taldeetan, esaterako, nire kontaktuen zerrendan ez dauden kideak baldin badaude, ezingo dut euren telefono zenbakia ikusi. Baina idatzi ahalko diet, bai taldean eta baita pertsonalki ere, euren telefonoa ezagutu gabe. Eta arestian aipatu bezala, kode irekikoa da, eta, horregatik, euskarara ekarri ahal izan da (Bitarlan enpresak euskaratu zuen).
Bidal daitezkeen artxiboei dagokionez, Telegramek edozein motatako artxiboak bidaltzea ahalbidetzen du, edozein formatutan daudenak (1,5 GB arteko pisua dutenak). Whatsappek, argazki, bideo eta gisakoez gain, PDF dokumentuak bidaltzeko aukera ematen du soilik. Aitortu behar da Telegramek bideo-deiak ez eskaintzeko erabakia hartu zuela, mezularitzan zentratzeko helburuarekin. Baina ez dut uste Whatsappen ezaugarririk miretsiena denik bideo-deiena.
Entretenimenduari dagokionez, Telegramek GIFak bidaltzeko eta jasotzeko aukera eskaintzen du. Baita sarean GIFak bilatzeko bilatzaile integratu bat ere. Era berean, sticker deitzen diren marrazkiak bidaltzeko eta sortzeko aukera dago, emotikonoetatik harago joanez. Eta Interneteko loturak edo linkak, Telegram barruan irekitzen dira, nabigatzaile baten beharrik gabe.
Eta jarrai nezake, Telegramen defentsa sutsua egiten. Kontua da Telegram erabiltzeko, guk geuk erabakia hartzeaz gain, gure ingurune sozialean ere eragin behar dugula. Gure inguruneak Telegram erabiltzen duen unean, ziur aski, aldatuko delako Whatsappekin dugun lotura (edo menpekotasuna). Telegram iritsi zenerako, Whatsapp modu masiboan erabiltzen baitzen.
Baina inoiz ez da berandu aldaketarako. Inguruan eragiteko. Eta gure erabaki pertsonal txikiekin, mundua apur bat aldatzeko. •