SEP. 24 2016 ETIOPIA Tragedia etnikoa saihestu nahi duten kirolarien keinu eta hausnarketak Feyisa Lilesa maratoilariak Olinpiar Jokoetako foku guztiak Etiopian ezkutuan (guretzako ezkutuan, hedabide nagusiek ez baitute gustuko gaia) gertatzen ari den tragediari begira jarri zituen. Bere herrialdeko manifestariek askotan erabiltzen duten keinua egin zuen helmugan: bi besoak gurutzatu zituen eskuburdinak jarrita izango balitu bezala. joseangel.oria@gaur8.info Herritar asko poztuko zituen keinua oso garesti ordainaraziko diotela-eta, Brasilen asilo politikoa eskatuko zuela zabaldu zen, baina gero atletak berak AP agentziari adierazi zion asiloa eskatzeko asmorik ez duela. Berak egindakoa egin ondoren Etiopiara itzultzea baztertuta, Lilesak luzatu egin zuen Rion egin beharreko egonaldia. Bi aste pasatxo egin zituen Hego Amerikako herrialdean, irailaren 6an AEBetara joan zen arte. Bisa berezi bat eman diote. Urtarrilera bitartean ez du arazorik izango ez entrenatzeko ez txapelketa eta proba ezberdinetan esku hartzeko. Baina emaztea, eta hiru eta bost urteko seme-alabak ikusi gabe jarraitzen du. Abuztuaren 17an ikusi zituen azken aldiz. «Domina hartu eta Etiopiara itzuli izan banintz, ederki damutu beharra izango nuke. Inolako jarraipen informatiborik ematen ez zaion historia baten ahotsa izan nahi nuen», esan dio AEBetako AP berri agentziari Lilesak. Eta Washington bertaraino joan zen Etiopian gertatzen ari denaren berri eman eta munduari iragarritako tragedia saihesteko mugi dadin eskatzeko. Horma ikusezina gainditu Afrikako giza mugimenduen inguruko informaziorik ia ez zaigu iristen, Mendebaldeko berri agentzia nagusiek bestelako lehentasunak baitituzte. Lilesaren ausardiak horma ikusezin hori gainditzea lortu du, neurri batean bederen, eta berari esker jakin dugu Afrikako ekialdeko herrialde handi hartan (ia 100 milioi biztanle) ehunka milaka manifestari kalera irten izan direla beren eskubideak defenditzeko, inolako armarik gabe, eta erregimenak tiroka hartu dituela, mila hildako eraginez. Gure gizartean dugun uste ustel horietako bat hankaz gora bota du: afrikarrak beren burua antolatu eta eskubideak defenditzeko gauza ez direla dioena. Lilesak oso prentsaurreko jendetsua eskaini zuen hilaren 14an Washingtonen. AEBetan errefuxiatu den 26 urteko kirolariak esan zuen nazioarteak Etiopian gertatzen ari denari jaramon egin ezean, «tragedia izugarria» gerta daitekeela: «Gatazkak ezaugarri etnikoa hartzeko aukerak beldurtuta nauka. Ruandan izan zuten egoeraren tankerako zerbait aurreikus daiteke: talde etnikoak elkarren artean borrokan». Ruandako 1994ko genozidioa zuen buruan, hiru hilabetetan ia milioi bat hildako eragin zituena. «Zuekin hizketan ari naizen une honetan, Etiopiako Gobernuak bere herritarrak zapaldu, espetxeratu eta hil egiten ditu. Beren eskubideak kalean defenditzen ari ziren manifestari baketsuei tiro egiteko agindu du Gobernuak. Manifestazioetan milatik gora lagun erail dituzte. Beste askok herrialdea uztea erabaki behar izan dute. Batzuk Libiako basamortuetan sarraskitu dituzte. Beste askok Mediterraneoko arrainak elikatzen bukatu dute», esan zuen atletak. Oromia izeneko eskualdeak oso mobilizazio jendetsuak ezagutu ditu azken hilabeteotan. Herritarrak haserre eta Gobernuaren proiektuak jomugan: Exekutiboak agindu du ustelkeriaren eta kudeaketa ezegokiaren aurkako muturreko neurriak hartuko dituela, baina oposizioarekiko jarrera aldatzeko asmorik ez du. Tamiru Demisse paralinpiarra Aldi berean, sarean, gero eta erabiltzaile gehiagok Lilesaren irudia ipintzen du profilean, bi besoak gurutzatuta, beren heroi nazionalarekin bat eginez. Eta Tamiru Demisse atleta paralinpiarrak Lilesak egin zuen gauza bera egingo zuen irailaren 12an Rion bertan, T13 kategoriako 1.500 metroko lasterketan bigarren postuan helmugaratzean. Oromo herria Etiopiako etnia nagusietako bat dela dio euskarazko Wikipediak, baina Amhara herriak menderatuta bizi izan dela. Oromoek diotenez, gaurko Etiopiaren parte handi bat Oromia da izatez (600.000 kilometro koadro), eta Etiopiako ia 100 milioi biztanleetatik 40 milioi oromoak dira. Hiriburua bera, Addis Abeba, izatez Oromiako hiriburua dela diote (Finfinnee beren hizkuntzan). Entziklopediatik hedabideetara jaitsiz gero, nabarmentzekoa da arlo batzuetan aurrerapen handiak lortzen ari den Etiopian (hazkunde ekonomiko ikaragarria), gero eta mobilizazio gehiago dagoela kalean. “Jeune Afrique” aldizkariaren txosten baten arabera, uztailaz geroztik izan diren protestaldiek eta borrokek ez dute parekorik azken hamar urteotan. Amnesty International erakundeak egin duen salaketaren arabera, berriz, Bahir Dar eta Gondar hirietan eta Oromia eskualdean gutxienez 97 pertsona hil ziren manifestarien eta polizien arteko borroketan. Manifestariak ahuldu nahian, agintariek Internet gabe eduki dute herrialde osoa. Addis Abeba hiriburua da arrakasta ekonomikoaren irudia. Afrikako diplomaziaren hiriburuan eraikin bertikalenak eta egiturarik ikusgarrienak zutitzen dira, Gobernuaren egitasmoek agindutako erritmoan. Aldi berean, hazkunde ekonomikoa baino garrantzitsuagoa lehortea den lekuetan, frustrazioa da nagusi. Nekazari eta gazte askoren frustrazioa erabatekoa da. Hamar urtez jarraian %10eko hazkunde ekonomikoa lortu izana ez da nahikoa izan etiopiar horiek erregimenaren alde jartzeko. Garapen programek eta gizarte adierazleek nazioarteko sozioak liluratu badituzte ere, herritar askoren ustez egungo agintariek ez dute zilegitasunik. Haserrea areagotu egin da hazkunde ekonomikoa zertxobait moteldu denean (%4,5era jaitsi da, Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera), batez ere aparteko lehorte baten eraginez. Oso herrialde gaztea da Etiopia: urtean bi milioi gazte iristen dira lan merkatura. Eraso armatuak Oromian Oromiako herritarren mobilizazioen aurkako errepresioaren harira, iaz HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuen 400 hildako izan zirela protestaldietan. Baina Giza Eskubideen Etiopiako Batzordea izeneko erakunde ofizialaren arabera, 173 hildako baino ez ziren izan, eta horietako 14 segurtasun indarretako kideak ziren. Lekuko batzuek esan dute manifestariek segadak prestatu zizkietela uniformedunei. Begiraleek nabarmendu dute azken mobilizazioen ezaugarri nagusietako bat horixe izan dela, protesta armatuak izan direla, fenomeno berria. Nabarmendu dute protestak egin direla Oromian (populazioaren %35), Amharan (%27), eta, neurri apalagoan, hiriburuan bertan (3,2 milioi biztanle). Etiopian talde etniko bakoitzak bere nortasunari eusten dio, nahiz eta mendeak daramatzaten elkarrekin bizitzen. Hori bai, talde bakoitzak bere eremua du eta, oromaek, euren eremua mehatxupean ikustean, protesta egitea erabaki zuten. Addis Abebako lurralde-antolamendu planaren aurkakoak izan ziren lehen manifestazioak. Proiektua AFD Garapenerako Frantses Agentziak ordaintzen zuen eta ez zuen aurreikusten hiriburuaren mugak aldatzea, Gobernuak bazekielako horrelako zerbait egiteak herritarren haserrea eragingo zuela. Hala ere, planak Oromiako herri batzuk hartzen zituen kontuan: errepideak, garraio publikoa, industriaguneak… Adituek diote horrelako planifikazioaren bat izatea ezinbesteko dela Afrikako hiriburuetako bat izan nahi duen metropoliarentzat. Baina akats larri bat zuen planak: gauza asko Oromian egin behar ziren, eta, plana erabat garatuz gero, Oromia bi zatitan banatuta geratuko litzateke. Hori esaten zuten manifestariek, nekazariek batez ere. Uste zuten lurrik gabe utziko lituzketela. Agintarien «dirigismoa eta ustelkeria» salatu zituzten. Azkenean Gobernuak atzera egin eta bertan behera utzi zuen lurralde-antolamendu plana, baina herritar askoren haserrea ez da desagertu. Amhara ere, zutik Amharako herritarren haserrea ere komunitatea mehatxupean ikustetik sortu da. Ofizialki Wolkait lurraldea Tigray kililoch edo eskualde etnikoko zati da, baina azken bolada honetako manifestariek diote Amhara dela. Etiopiar askorentzat agintea eta tigre etnia gauza bera dira gaur egun. Haile Selassie enperadorearen garaian aurrena, eta Mengistu Haile Mariamen erregimenarekin ondoren, tigreak baztertuta egon ziren, baina gaur egun beraienak dira Administrazioko, Armadako eta ekonomiako kargurik garrantzitsuenak. Izan ere, TPLF Tigrayren Askapenerako Herri Fronteak sekulako pisua izan zuen 1991n agintea eskuratu zuen matxinadan eta gaur egun Gobernuan dagoen koalizioan ere herri horrena da ahotsik garrantzitsuena. Oromo eta amhara askoren ustez, tigreek horrenbesteko eragina izatea ez da bidezkoa. Gainera, Etiopiako sistema oposizioko indarrak Parlamentutik kanpo edukitzeko diseinatuta dago. Iaz, esaterako, EPRDF Etiopiako Herrien Fronte Demokratiko Iraultzaileak (agintean dagoen koalizioa) eserleku guztiak eskuratu zituen. Hala ere, badirudi agintearen oinarriak ahultzen hasita daudela. 2005eko hauteskundeetan oposizioak hiri garrantzitsuenetan irabazi zuen. Egoera bere onera ekartzeko egurra erabili zuen aginteak, eta hortik aurrera arlo ekonomikoak ematen zituen datu pozgarrietan oinarritu du bere agintaldia. Baina oraingo honetan protestak inoiz baino gehiago luzatzen ari dira. Elkarri bizkarra emanda Aginteari aurre egiten dioten indarren arteko elkarlanik ez dago, Rene Lefort “Etiopia, iraultza heretikoa” liburuaren egileak “Jeune Afrique” aldizkariari esan dionez. Idazleak nabarmendu du 2005eko hauteskundeen ondorengo protestak batez ere hiriburuan egin zirela, baina azken bolada honetakoak Oromia eta Amharara ere zabaldu direla, hau da, populazioaren bi heren hartzen dituzten estatuetara. «Eta norabide berean doazela dirudi, autoritarismoaren, zentralismoaren eta etniaren araberako aurreiritzien aurkakoak baitira, alegia, tigre etniakoen nagusitasunaren kontrakoak», esplikatu du Lefortek. Mendebaldearen jarrera Tankerako helburuak eta etsai bera izanda ere, oromo eta amharak ez daude koordinatuta, adituaren arabera. «Merera Gudina Oromiako oposizio talde garrantzitsueneko buruak berak onartu du manifestazioak espontaneoak izaten direla», dio Lefortek. Manifestarien arteko koordinaziorik ez izateak erregimena indartzen du, jakina. Erregimena bera ere ez dago Meles Zenawi (2012an hil zen tigre etniako politikari eta gerrillari ohia) lehen ministro zen garaian bezain indartsu. Haile Mariam Desalegn gaur egungo lehen ministroak ez du Zenawiren karismarik eta agintea duen alderdia zatituta dabilela diote begirale batzuek: kontserbadoreenek egurra ematen jarraitu nahi dute, manifestariei jaramonik egin gabe, eta erreformazaleek erregimena zertxobait irekitzea nahi dute. Testuinguru horretan, ez Washingtonek ez Londresek ez Parisek ez dute Etiopiako errepresioa salatzeko asmorik. Edo ausardiarik. Nahiago izan dute beste aldera begira geratu. Barack Obama AEBetako presidentea bera iaz Etiopiako «demokrazia» goraipatzera iritsi zen, nahiz eta alderdi politiko bakar batek Parlamentuko eserleku guztiak lortu berriak zituen. Begiraleek diote Mendebaldeko potentziek oso garrantzitsutzat jotzen dutela Etiopiako erregimena beraien interesei eusteko, eta horregatik nahiago dutela errepresiorik basatienaren konplize izan, egoerak exijitzen dituen neurriak hartu baino. AEBetan errefuxiatu den 26 urteko kirolariak nazioarteak Etiopian gertatzen ari denari jaramon egin ezean «tragedia izugarria» gerta daitekeela nabarmendu du Tamiru Demisse kirolari paralinpiarrak Lilesak egin zuen gauza bera egin zuen irailaren 12an, T13 kategoriako 1.500 metroko lasterketan bigarren postuan helmugara iristean