GAUR8 - mila leiho zabalik
«ISILEAN» PROIEKTUA

Etxeko lanak jarduera duin eta eder gisa, baita gizontzeko eskola gisa ere

Pello Ulaziak hamar urtez etxeko gizon gisa bizitako esperientzia islatu du artearen bidez. «Isilean» izenburua jarri dio erakusketari, inork pentsa ez dezan gizonezko batek hasi behar izan duela jarduera hauetan duten balioa aldarrikatzeko. Esker txarreko lanotan isil-isilik aritu direnak eta ari direnak omendu, eta isil-isilik etxean sartzera animatu ditu gizonak.


Aurrena Andoainen eta orain Mutrikun (azaroaren 6ra arte) irekitako “Isilean” Pello Ulaziaren erakusketa bisitatu dutenen artean denetariko komentarioak aditzen dira. Batzuek diote beraiek ez direla gai etxe barrenean halako gauza ederrak ikusteko. Bertzeek, emakumeek, erraten diote inoiz ez diotela aitortu egin duten lan guztia eta aunitz pozten direla behingoz baten batek baloratu dituelako.

Beldurrak ere azaldu dizkiote, neskek ere bai, karrera bat ikasi eta ez dagoelako ongi ikusia etxean gelditzea. Zenbait gizonezkok aipatu dio bere egoera bera bizi izan duela eta kanpoan erdi-isekak, erdi-txantxak jasan izan dituela.

Guk, garbi usaina sumatu dugu. Argazki, eskultura eta ikus-entzunezkoekin, giro txukuna eta intimoa lortu du artista mutrikuarrak, Jabier Muguruzaren “Aitarekin bidaian” abestiarekin girotua.

Lanez lan itzulia egin aitzinetik, proiektuaren sorburua esplikatu digu Ulaziak: «Orain ez hainbeste, baina lehen oso bereizita zegoen gizartea: publikoa gizonena zen eta beren lana ikusi egiten zen; pribatuan, etxe barruan, ostera, emakumeak gelditzen ziren. Emakumea lan mundura sartzen da, baina paraleloan gizonezkoa ez da sartzen etxe barrura. Ondorioz, emakumeei lanaldi bikoiztua sortzen zaie, eta etxean beti egon izan den amaren irudia desagertzen da, erreferentzia afektiboa galtzen da, etxeak hustu egiten dira».

Familia izan zuenean, konturatu zen gauzak ez zeudela ongi: «Soluzioa ezin da izan txikiak haurtzaindegian aparkatzea edo zaharrak edo mendekotasuna duten pertsonak egoitzetan. Bizitzak beste karga etiko goxoago bat izan beharko luke. Orduan, bikotekideak eta biok erabaki genuen ni etxean geratzea».

Hasieran gogorra egin zitzaion. Jendeak erdi-iseka egiten zion: «Hi bizi haiz hi!». Kanpoan erosketetan zebilenean ea oporretan al zegoen galdetzen zioten. Ez zuten ulertzen. Eta alde horretatik etxea kartzela ere bihurtu zitzaion.

«Baina poliki-poliki zeu ere indartzen joaten zara eta konturatzen zara zelako baloreak hasten zaren barneratzen. Sentikortasunaren kontzientziaren eskola bat da. Pediatrara joateak, ikastolako guraso elkartean sartzeak, umeak elikatzeak… beste jakintza sentikor bat ematen dizu».

Hala, esperientzia aberasgarri hori artearen bidez islatzea erabaki zuen. Bide batez, aitatasunaz, maskulinitateaz eta etxeko espazioaren dimentsio politikoaz hausnartuz. «Oteizak zioen artea egitea kontzientzia hartzeko eskola politikoa zela. Etxe barruko jarduerak ere hala dira, beste izaera sentikor bat, beste gizonezko bat eta gizarte parekideago bat eraikitzeko eskola».

Objektuekin izandako erlazioa

Arte feministaren lekukoa hartuz (pertsonala politikoa da), etxeko ate eta leihoak ireki, eta barreneko objektuekin izan duen erlazioa aurkeztu du. Plastika erabili du jarrera etikoak estetika bilakatzeko.

Argazkietan etxeko eguneroko jarduneko gertakizunak islatu ditu: gauzek zahartzen doazen heinean hartzen duten edertasuna, plateren apurketak, erabiliz goxatzen eta borobiltzen doazen Txinbo xaboiak… «Aita, basoa apurtu da!», abisatzen zioten umeek, eta kamerarekin harrapatzen zuen. Ohea egitean izarak zabaldu eta gela argitzeak liluratzen zuen. Baina ez zen beti hala izan. Hasieran gorroto zuen ohea egitea. «Prozesu bat pasatu nuen edertasun hori, bikaintasun hori, garbi usain hori topatu arte». Maindireen zimurdurak ageri dira, lisatutako zapia, hautsa kentzeko trapua, fardelekin sortzen diren arkitekturak… Bakoitza bere izaera naturalean agertzen du.

«Eskulturak beste berezitasun bat dauka: existitzen ez dena sortzeko aukera ematen dizu. Etxeko jarduerek askotan ez dute testigantzarik uzten. Bakar-bakarrik ikusten dugu zerbait falta denean edo zikina dagoenean. Amak bazkari goxo bat egin, muturrak garbitu eta esan ere ez diogu egiten sarri. Nola ez den testigantzarik gelditzen, adibidez jatekoekin gauza efimero hori finkatu nahi izan dut, ontziak hormigoiz betez, begirada berri bat sortzeko».

Bertze jardueretako bat igande arratsaldeetan arropa tolestea izaten zen. Brancusiren “Zutabe amaigabea” lanaz oroituta, gero eta zutabe luzeagoak egin zituen, testurak eta koloreak zainduz eta eskultura bihurtuz.

Autoerretratuan, biberoia galtzontzilotan era erradikal batean agertuz, aitatasunak dakarren konpromisoa azaldu du, baita esperientzia ahaztezinak ere. «Aita etxean gelditzeak ez du esan nahi ama izan behar duenik. Aita aita da».

Ikus-entzunezkoak ere ildo beretik doaz. «Ikastolara joaten nintzenean seme-alabak jasotzera, txiribuelta batekin hartzen nituen hirurak. Bizitzaren metafora da. Guk non heldu eskaintzen diegu, baina txiribuelta beraiek eman behar dute».

“Garbigailua” bideoak etxeko erritmo geldoa transmititzen du, eta, “Bitsa”-k, su gaina garbitzeko uneko jolasak. Xaboiarekin marrazten hasi eta hondoa bi dimentsiotatik hirugarren dimentsiora pasatzen da. Aitaren eta amaren telazko mukizapiek, aldiz, bizitzeko era bat islatzen dute, garbitu eta mantentzea, goxotasuna, «bizitza azkar honetan pixka bat galdu duguna».