OCT. 29 2016 IKUSMIRA MOSULEKO PAISAIA, BRITAINIA HANDIAREN ATARIAN joseangel.oria@gaur8.info Europako puntu negargarrienetako bat hustu egin dute, baina «garbitasun» horren aldekoek aurki ikusiko dute britainiar lurretara pasa nahi duten eritrear, afganiar, sudandar, irakiar... asko eta asko itzuli egingo direla, beraien itxaropen bakarra itsasoaren beste aldean duten senideekin elkartzea baita, behingoz gerra eta miseria atzean uzteko. Makina bat sute eragin zituzten Calaisko kanpalekuan bertan bizitzea beste erremediorik ikusi ez zuten errefuxiatuek, frantses Estatuko agintariek esan zutenez. Beraiek Britainia Handira pasa nahi zuten eta Calais zen horretarako punturik egokiena, baina bide guztiak itxi egin dizkiete. Norbaitek kanpalekuari su ematea ideia ona zela pentsatu eta horrela egingo zuen, agian prefetak berak aipatu zuen «tradizioarengatik». Oso sute arriskutsua zen, kanpalekuan butano-botila asko baitzeuden. Irudiak azaltzen digu emaitza, Mosul hiria jihadistei kendu nahi dieten kurduek ikusten dutenaren tankerakoa. joseangel.oria@gaur8.info