GAUR8 - mila leiho zabalik
BIZITZAZ BLAI PROIEKTUA

Errezilek abiadura azkarrerako grinari erreparatu dio, garesti ordaindu duelako

Hamar urtean bost errezildar hil dira errepidean, auto eta moto istripuetan, 5 eta 30 urte bitartekoak. Hileta jendetsuak eta hilkutxak herriko plazan neska-mutikoen paretik pasatzen. Zauri latza herriarentzat, baina apenas hitz egin den horri buruz, zauriari gatza botatzea zelakoan. Errezilgo Udalak, Saiaz Mankomunitateak eta Harremanak elkarteak abiadura azkarrerako grinari buruz hitz egiteko bideak sortu dituzte, herriak garesti ordaindu duela eta horretarako garaia dela iritzita.


Errezilen azken hamar urtean herriko bost mutil hil dira motoz edo autoz izandako lau istriputan, 5 eta 30 urte bitartekoak. Errezilek 600 biztanle inguru ditu. Estatistikak, beraz, serio hartzeko modukoak, eta, zauriak, latzak herri txiki batentzat.

«Iazko ikasturte hasiera klabea izan zen. Irail hasieran istripu larria gertatu zen Zestoatik Azpeitirako bidean. Bi errezildar eta azpeitiar bat hil ziren, 19, 29 eta 30 urtekoak. Hilabete eskasera, Errezilgo 5 urteko mutiko bat hil zen, moto batean izandako istripuaren ondorioz», hasi da gogoratzen Nekane Zinkunegi, Errezilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte Ongizateko zinegotzia. Aurretik, 2013an, 17 urteko beste errezildar bat hil zen moto istripu larri baten ondorioz.

Herrian ez zen giro. Zeozer egin beharra zegoen. «Herrian kezka handia sumatzen zen. Udaletik eskatu ziguten familiekin esku hartze bat egiteko, bai hiru gazteak hil zirenean eta baita 5 urteko haurrarena gertatu zenean ere. Familiekin egon ginen, egoera oso latzak bizi genituen, eta buruan bueltaka genuen etengabe zeozer egin beharra zegoela», segitu du Ana Elosegik. Harremanak elkarteko kidea eta psikologo klinikoa da. Berez ez da errezildarra, baina bertan bizi da azken urteotan. «Nire seme-alabak hemen jaio dira eta hemen dabiltza eskolan. Istripuok ikusita, hildako denak mutilak dira. Kasualitatea ote da? Buelta asko ematen dizkiot horri. Gero, herrian, gauza asko ikusten eta igartzen ditut: Zein maskulinitate eredu ari gara bultzatzen? Mutil askok abiadura azkarrarekin daukaten lilura nondik datorkie?».

Kezkak eta gertaera larriak korapilatu ziren Errezilen. Abiadurarako grina, abiaduraren kultura, garestiegia gertatzen ari da herriarentzat. Hileta oso jendetsuak, hilkutxak herriko plazan, jende oso gaztea... Kezka horren bueltan hasi ziren lanean Udala, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea –bertako gizarte laguntzaile Elena Rikondoren bultzadaz– eta Harremanak elkartea Ana Elosegiren eskutik. «Guk hogei urte daramatzagu hezkidetza planak diseinatzen udaletan. Herri bakoitzak ezaugarri propioak ditu eta plan propioak behar ditu. Eta Errezilek ere proiektu propioa behar zuela ikusten genuen, problematika propioa zuelako».

Zeozer egin beharra dago eta prebentzioa egitea posible da. Ideia horiei tiraka hasi ziren lanean. «Herriko jende askok esaten zigun alferrik ari ginela. Ama asko etsita ikusten genituen, abiadurarako grina ‘beraiek dakartela’ eta ez dagoela ezer egiterik esanez. Guk, aldiz, garbi daukagu transmititu egiten dela. Baina egia da familia askotan etsipenez bizi dutela egoera», esan du Elosegik.

Etsipena eta semeek gida baimena ateratzen dutenean etxean beldurrez zain egotea. Etxe askotan ez dute uste besterik egin daitekeenik.

Transmititutako baloreak

«Oso hedatuta dagoen mezua horixe da: ezin da ezer egin istripu arriskuaren kontra. Egia da, hala ere, baldintza objektibo batzuk ere badaudela. Herri txiki bat gara eta bertan ez dauden zerbitzuen bila kanpora atera behar dugu derrigor. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera, adibidez, kanpora atera behar dugu, Azpeitira edo. Garraio publikoak ez baditu beharrak asetzen derrigor beste bide batzuk topatu behar dituzu, motoa edo autoa kasu. Bidea ere den bezalakoa da, oso arriskutsua. Baina, horiez gain, badira beste faktore batzuk eragina dutenak: gaztetasuna, abiadura azkarrean joateko zaletasuna, mutilen artean ausardia eta lidergoa nola lotzen diren autoekin. Gero eta potentzia handiagoko autoa izan eta gero eta gehiago dominatu bidean, prestigio handiagoa daukazu... Herri honetan balore horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu dira», esan du Nekane Zinkunegik.

Jon Galarraga ez da errezildarra, Bidania-Goiatzekoa da. 16 urte zituela moto istripu larria izan zuen Errezilen, eta geroztik gurpil aulkian dabil. Errezilen martxan jarritako Bizitzaz Blai proiektuan parte hartu du, bere testigantza eskainiz. «Bidania-Goiatzen ere badago abiadurarako grina. Akaso ez Errezilen hainbeste, baina badago. Eta neroni abiadura zalea izan naiz. Ni atletismoan ibiltzen nintzen eta motoa behar nuen entrenatzera joateko. Behar edo, motoak askatasuna ematen zidan entrenamenduetara joateko. Ez da abiadura kontua bakarrik, zorteak ere badu bere partea».

Hankak mugitu nahi eta ezin

Galarragak 16 urte zituenean moto istripu larria izan zuen, 2001ean, Errezilen hain juxtu. «Abiadura zalea nintzen eta gurpil zalea. Orain ere hala naiz, baina badakit kontrolatu egin beharra dagoela. Ez dakit kontrolatzearen behar hori adinarekin etortzen den zerbait ote den... Agian bai. Goiz batean arrantzara joan nintzen eta bueltakoan izan nuen istripua. Abiaduragatik izan zen? Ez dakit. Esaten dute haize handia zebilela. Ez dakit azkar edo mantso ote nindoan. Dakidana da pareta jo nuela eta horrelaxe geratu nintzela, betiko gurpil aulkian. Segituan konturatu nintzen zeozer arraroa gertatu zela. Kontziente geratu nintzen eta altxatu egin nahi nuen, baina ezin nuen altxatu, hankak ez zutelako erantzuten. Gero konortea galdu nuen. Geroztik, nire bizitza erabat aldatu zen. Sei hilabetez Toledon egon nintzen, paraplegikoen ospitalean eta sekulako egoerak ikusi nituen, ni baino okerrago zegoen jende asko. Egia esan agian behar duzu zu baino okerrago daudenak ikustea. Nik banekien ez nintzela errekuperatuko, ez nintzela berriz ibiliko, baina haien ondoan ondo nengoela pentsatzen nuen. Onena da lehenbailehen zure egoera berria onartzea eta horrekin bizitzen ikastea», kontatu du bere istripua Galarragak.

Errezilgo proiektuan parte hartzeko gonbidapenari baiezkoa eman dio Galarragak. «Inguruko herri bat da, gertutasuna sentitzen dut eta norbaiti laguntzen badiot, aurrera. Proiektu ona dela uste dut. Nik ez daukat arazorik nire egoeraz hitz egiteko, pasatu zen eta pasatu zen».

Galarragak gogoan du bere istripua gertatu zenean kuadrillako lagunei zer pentsa handia eman ziela, «baina, denborarekin, ahaztu egiten da». Datuek ere horixe diote. Ertzaintzaren arabera, Errezil inguruan istripu larriren bat gertatu izan denean, urtebete inguruan gazteak lasaiago ibiltzen dira autoan, mantsoago. Baina behin denbora bat pasata, ahaztu egiten dira istripuaz eta berriz zapaltzen dute azeleragailua.

Zorte txarra ere existitzen da, tamalez, baina dena ez dago zortearen mende. «Prebentzioan oinarritutako proiektua da. Istripu bakoitzaren atzean faktore askok eragiten dute eta zortea da horietako bat. Zortean ezin dugu eragin. Guk alda dezakegun horretan eragin nahi dugu eta abiadurarekiko grina hori alda dezakegu. Eta Errezilen badago zaletasun hori. Edozein arratsaldetan goiko plazan banku batean eserita jartzen bazara, seguru egon gazte bat baino gehiago ikusiko dituzula autoarekin derrapatzen, eta inguruan haurrak haiei begira, liluratuta», esan du Harremanak elkarteko kideak.

Maskulinitate ereduak

Bizitzaz Blai proiektuak daukan berezitasun handiena genero ikuspuntutik egina izan dela da. Landa eremuan autoan abiadura azkarrean joateko dagoen zaletasuna eta ohiko maskulinitate ereduek zaletasun horretan daukaten pisua dira egitasmoaren ardatzak. «Helburu nagusia da haurrak eta gazteak ohartzea abiadurak duen arriskuaz eta kontziente izatea mutil zein gizon izateko hainbat modu osasuntsu daudela», nabarmendu du Elosegik.

Izan ere, generoaren eraginez, estereotipo desberdinak bultzatzen dira. Emakumeentzat batzuk, eta, gizonezkoentzat, beste batzuk. «Urteetan emakumeenak gehiago landu dira, eta, maskulinitate ereduak, gutxiago. Baina ikusten ari gara errepidean mutilak ibiltzen diren bezala ibiltzen direla estereotipo horiek daudelako. Mutil askoren begietara ausartena autoan azkarren ibiltzen dena da. Hori guztia landu badaiteke eta Errezilgo mutilek autoa hartzen dutenean eredu horien inguruan buruari buelta bat ematen badiote, helburua beteta izango da. Ni konforme geratuko naiz horrekin», esan du Elosegik.

«Maskulinitate ereduen inguruan ez da lan handirik egin orain artean eta horri eutsi nahi izan diogu. Gogorra da 5 urteko mutiko batek esatea berak ez duela beldurrik, bera ausarta dela. Horrelakoetan ikusten da estereotipo horien pisua. Beste gauza bat ere badago; hemengo haurrek hileta asko ikusi dituzte baina gero ez dute horri buruz hitz egin, ez etxean ez eskolan. Badirudi zauriari gatza botatzen diozula horri buruz hitz egiten baduzu, eta, hala, gaia tabu bihurtzen da. Proiektuari esker horri buruz hitz egin dute, hileta horiek ikusi zituztenean zer sentitu zuten, zer pentsatu zuten. Zauria sendatu egin behar da», iritzi dio Elosegik.

Zer da ausarta izatea?

Mutilek ausardiaz duten irudiari buelta asko eman dizkiote proiektuaren baitan. «Zer da ausarta izatea? Igual ausarta izatea ez da autoan azkarren ibiltzea. Igual ausarta izatea da azkar ibiltzen den lagun batek autoan ibiltzera gonbidatzen bazaitu, hari ezetz esatea. Edo 6 urteko haur batentzat ausarta izatea da jolas batean aritzera derrigortu nahi duen lagunari ezetz esatea. Horri buruz aritu gara ikasleekin, ausardiaren kontzeptuari bueltak ematen, eta oso polita izan da», segitu du. Beldurra izateari buruz ere aritu dira. Elosegik garbi dauka, «haur batek beldurrik ez duela esaten badizu, erne. Beldurra beharrezkoa da pertsona guztientzat, izan gizon edo emakume. Horri guztiari buruz hitz egin dugu herriko haurrekin».

Proiektuak badu, gainera, berritzailea izateko beste ezaugarri garrantzitsu bat: haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan landu da. Normalean prebentzioaren ikuspuntutik lantzen diren proiektuak helduxeagoei zuzenduta izaten dira eta horientzat badaude materialak, Trafikotik landutakoak. Baina haur hezkuntzari eta lehen hezkuntzari begirako eta hezkidetzaren ikuspuntutik landutako materialik ez zegoen. Horrenbestez, materiala sortu egin dute, espresuki haur txikiei begira eta hezkidetzaren ikuspuntua oso presente edukita.

Proiektuaren bultzatzaileek oso garbi daukate inoiz ez dela goizegi estereotipo pisutsuei kontrapisua egiteko. «Inoiz ez dira txikiegiak gauza horien inguruan hausnartzeko. Ni haur terapeuta naiz, haur txikiekin aritzen naiz lanean, eta konturatuta nago umeak gu baino askoz irekiagoak direla. Ume batek askoz lasaiago hitz egiten dizu hil zen lagunaz; ume batek lasai asko esaten dizu berak ez duela beldurrik mutila delako eta indartsua izan behar duelako... Prebentzioa egin nahi baduzu, umeekin egin behar duzu. 0-7 etapa oso garrantzitsua da, eta baita lehen hezkuntzakoa ere. Gero, 14 urtetik aurrera, askoz zailagoa da haiengana iristea», nabarmendu du Elosegik.

Familien oniritzia

Ideiarekin bueltaka hasi zirenean, lehenengo lana azken urteotan errepidean hil ziren gazteen familiekin elkartzea izan zen. Haien oniritzia jaso zutenean hasi ziren martxan. Bilera sorta bat abiatu zuten orduan, irakasleei eta gurasoei buruan zuten asmoa azaltze aldera eta lehen iritziak eta inpresioak jasotzeko. Harremanak, bere aldetik, eskolan egin beharreko esku hartzeak prestatzen joan zen eta urrian sartu ziren eskolara, papereko plana errealitatearekin parez pare jartzeko.

«Hasieran irakasleekin egin genituen saioak. Sentsibilizazio bat eman zen eta plangintzaren nondik norakoak azaldu genizkien; haurrekin zer eta nola landuko zen azaldu genien. Ondoren gurasoekin beste saio bat egin genuen. Gurasoen saioan gizarte langileak, Ertzaintzak, Udalak eta Harremanak elkarteak parte hartu zuten. Azaldu zitzaien zein garrantzitsua iruditzen zitzaigun gai hau lantzea eta nola lantzeko asmoa genuen. Eta nabarmendu genien zein garrantzitsua den etxean ere estereotipo horien kontra lan egitea».

Behin irakasleekin eta gurasoekin egonda, haurrekin hasi ziren lanean, haur hezkuntzatik seigarren mailara arte, 2-12 urte bitartean. Umeekin bi saio egin dira eta hirugarrena testigantzak jasotzeko ariketa izan da, eszenaratze bat. «Testigantzen ondoren berriro ere ikasgeletara sartu gara haurren emozioak jaso eta lantzeko. Zer iruditu zaien, zerri buruz hitz egin nahi duten... Oso garrantzitsua da zauria ireki eta zauriarekin lan egin ondoren, zauri hori ixtea, haur horien kezkak jasotzea. Ezin genuen lan hori irakasleen esku utzi, ardura handia delako eta ez direlako horretan espezialistak. Guk ireki eta itxi nahi genuen zauria. Egia da, hala ere, irakasleek prozesu guztia oso gertutik jarraitu dutela eta badutela materiala ikasturtean barna gaia lantzen segitzeko. Eta berdina egin dugu gurasoekin eta irakasleekin, bildu eta hausnartutakoaren inguruan hitz egin, zauria ixten saiatu».

Errezil, aitzindaria

Errezil aitzindaria izan da errepideko istripuen prebentzioa hezkidetzaren ikuspuntutik lantzen eta bere proposamena begi onez ikusi dute toki askotan. Lakuako Trafikoko Saila, esaterako, Udalarekin harremanetan jarri da zorionak eman eta beren baliabideak eskaintzeko, eta Azpeitiko Udalak ere interesa agertu du, beren herrian antzeko zeozer egiteko-edo.

«Bestelako neurriak hartzen segituko dugu Udaletik. Batetik, errepideko koska horietakoak jarriko dira, abiadura moteltzeko. Eta herrian taxi gidari plaza bat sortzeko izapideak egiten ere ari gara. Lagungarri izan daiteke hori. Eta garraio publikoa nola hobetu ere aztertu beharko da», aurreratu du Zinkunegik.

 

Kontuz hartzeko gaia, baina hartu beharrekoa

«Urtebete daramagu proiektuarekin bueltaka. Batetik, familien dolua errespetatu nahi genuen. Bestetik, badakigu gai oso delikatua dela eta espero genuen jende asko kontra jarriko zitzaigula. Prozesua luzea izan da, era berean, materialik ez genuelako. Ideiak bagenituen buruan, baina ez dago materialik haur hezkuntzari eta lehen hezkuntzari begira», esan du Elosegik.

Kontuz hartzeko gaia da. Hutsuneak eta minak bortitzak dira. Baina zeozer egin beharra zegoen. «Azken hamar urteak oso gogorrak izan dira herrian eta nabarmena zen zerbait egin beharra zegoela. Orain zen momentua. Hori gure alde izan dugu. Familien aldetik, gainera, harrera ona izan da. Beraiek sufritu dutena etorkizunean beste batzuek sufritzea eragozten badu, aurrera. Hori izan da jarrera. Ez dadila berriz pasa. Proiektuak ez du kalterik egingo, miraririk ere ez da espero, baina aurrera. Hori izan da familien jarrera orokorrean», gehitu du Zinkunegik.

Ulertzekoa da zenbaitzuk proiektua mesfidantzaz begiratzea, Errezilen inguruan «irudi txarra» zabalduko delakoan. «Badirudi abiadura zaleak garela eta zaletasun hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela esatean herritar arduragabeak garela onartzen ari garela. Ez genuke nahi abiadura zale diren horiek errudun sentitzerik proiektuarekin, ez dugu inor zuzenean izendatzeko asmorik. Herritar denok inkontzienteki barneratu eta sustatu dugun ereduan eragitea da helburua, ardura kolektibo gisa ulertuta», zehaztu du zinegotziak.

Ana elosegi

«Mutil askoren begietara ausartena autoan azkarren ibiltzen dena da. Hori guztia landu badaiteke eta Errezilgo mutilek autoa hartzen dutenean buruari buelta bat ematen badiote, helburua beteta izango da»

jon galarraga

«Abiadura zalea nintzen eta gurpil zalea. Orain ere hala naiz, baina badakit kontrolatu egin beharra dagoela. Ez dakit kontrolatzearen behar hori adinarekin etortzen den zerbait ote den... Agian bai»

NEKANE ZINKUNEGI

«Familien aldetik harrera ona izan da. Beraiek sufritu dutena beste batzuek sufritzea eragozten badu, aurrera. Beren ustez proiektuak ez du kalterik egingo, miraririk ere ez da espero, baina aurrera»

 

Istripuaren abisua ematen duen deia jasotzen denetik

Bizitzaz Blai proiektuaren baitan, istripu baten eszenaratzea egin zuten duela egun batzuk Errezilen, bertako San Martin herri eskolako haurrekin. Istripu bat gertatu dela abisu ematen duen deian abiatu zen eszenaratzea. Eta hortik aurrera bakoitzak zer eta nola egiten duen azaldu zieten haurrei ertzainek, suhiltzaileek, anbulantziako kideek eta herriko sendagileak. Errepide istripuetako biktimen eta beren senide edo lagunen testigantza ere zuzenean jaso zuten haurrek.

Eszenaratzearen lehen partean ertzainek, suhiltzaileek eta anbulantziako kideek beren partea kontatu zuten. Nola jasotzen duten deia, nola iristen diren istripuaren tokira, zein lan egin behar izaten duten. Profesional horiek binaka parte hartu zuten, gizon eta emakume, parekidetasunaren alde. Bigarren zatian, berriz, testigantza pertsonalagoak izan ziren. Istripu baten biktimak bere testigantza eskaini zuen, lagunak aurretik zioan autoan istripua nola izan zuten eta nola hil ziren ikusi zuen lekukoak bere esperientzia kontatu zuen, doluaz hitz egin zuen, emozioez...

«Eszenaratzean parte hartu duten profesionalek eta lekukoek sekulako lana egin dute beren kontakizuna eta hizkera haur txikien neurrira moldatzen. Izugarri inplikatu dira proiektuan hasieratik eta ekarpen oso interesgarria egin dute. Guk ere asko ikasi dugu, profesional horien atzean pertsonak ikusi ditugulako. Eta behin eta berriz nabarmendu digute beharrezkoa dela horrelako proiektuak egitea. Eta badakite zertaz ari diren, beraiek egin behar izan baitiete aurre aipatu ditugun istripu larri horiei», nabarmendu du Nekane Zinkunegik, Errezilgo Berdintasun zinegotziak. «Inor ez zen atrebitzen gai horri buruz hitz egiten eta lantzen hasi garenean jendeak izugarri eskertu du aukera. Beharra zegoen horri buruz hitz egiteko».