Izaga, Xabier
IKUSMIRA

«MAIS Où SONT LES NEIGES D'ANTAN?»

Galdetzen du behin eta berriro Fran&bs;çois Villonek bere “Ballade des dames du temps jadis” ezagunean, historiako eta mitologiako emakume ospetsuen oroitzapenez. «Non dira behinolako elurrak?», galdetzen genuen Europako bazterrotan joan den asteazkena baino lehen, emakumerik ez baina mantu zuria bera gogoan. Doneztebe eta Gasteizko irudiok etxerako gogoa pizten dute, elurra mara-mara ari duela leihotik begiratzekoa, berogailua goritu arte piztuta. Hemen da, azkenik, elurra, neguaren iragarle. Adituak, berriz, ez dira aldendu eta argindarraren fakturak gora egingo duela iragarri dute. Datuek ere hor segitzen dute, azken hilabeteetan argindarraren prezioak gora egin duela gogorarazteko, eta Europako bazter pribilegiatu honetan gero eta familia gehiagok gero eta argindar gutxiago erabiltzen duela, eta, hala ere, fakturaren prezioak gora segitzen duela. Gero eta familia gehiagok ez dutela argindarrik erabiltzen, ordaintzeko dirurik ez dutelako. «Non dira behinolako elurrak?» galdetzen dute elurra gogoan izan gabe. Xabier Izaga Gonzalez