GAUR8 - mila leiho zabalik
HERIOTZA TENTATU NAHI IZAN ZUEN POLIZOIA

«Endurance» itsasontziaren legendazko espedizioaren «bestelako» errelatoa

«Agente Provocador» Madrilgo aldizkariaren baimenarekin, Jordi Chantresen idatzi laburra euskaratu eta apurtxo bat moldatu dugu. Gure irakurleek Perce Blackborow «Blackie» polizoiaren ibilerak ezagutzeko aukera izango dute lerrootan, bide batez Antartida oinez zeharkatzea xede zuen espedizio mitikoaren gaineko beste begirada bat jasoz.


Mende bete pasa da jada 1914ko abuztuan, Europa gerra anker batean amiltzen zen bitartean, Antartida kontinentea oinez zeharkatzea helburu zuen “Endurance” itsasontzia Ingalaterrako Plymouth hiriko portutik itsasoratu zenetik. Bidaia luze baten ondoren, Argentinako kostaldera iritsi eta Buenos Airesen porturatu zen. Urriaren 26an, “God Save the Queen” (Jainkoak salba beza Erregina) ereserkiaren akordeekin, bere helburu kolosalerantz abiatu zen, aurrekaririk gabeko balentria amets.

Ontziaren buruan Ernest Shackleton legendazko kapitaina zegoen, beste 27 marinelekin batera. Azkar bat gehiago batu behar izan zuten eskifaiara, Recaldako itsasargian posta zerbitzura gutunak botatzeko egindako geldialditxoan itsasontziko sotoa arakatzean, polizoi bat aurkitu baitzuten. Adinagatik “Endurance” ontzian onartu ez zuten 18 urteko gaztetxo galesa zen, Perce Blackborow zuen grazia eta Blackie goitizena. Aurretik, oraindik adingabea zela, Montevideoko kostaldearen aurrean hondoratu zen “Golde Gate” itsasontziko eskifaiako kide izan zen.

Polizoia ikustean, Shackleton kapitainaren haserrea itzela izan zen: «Ba al dakizu espediziootan gose izugarria pasatzen dugula eta polizoi bat eskura dugunean jaten dugun lehen gauza polizia bera izaten dela?», esan zion gaztea beldurtzeko asmoz. Blackborow polizoia, baina, ez zen kikildu, eta, kapitainaren gorputz handia ikustean, honela erantzun zion: «Uste dut zure gorputzetik haragi askoz gehiago aterako luketela, jauna». Behin eskifaian onartuta, bere zortea tentatzeari ekin zion, legendazko espedizio hartan bizitza jokoan jarriz.

Ohore zapuztua

Oinazeak azaltzeko ez zen denbora asko pasa behar izan. “Endurance” izotzetan harrapatuta eta, azkenik, hondatuta geratzean, eskifaiako kideak Elefante uhartean instalatu ziren. Bertan, Shackletonek Blackborow berari uhartean lurreratzen zen lehen gizakia izatearen ohorea ematea pentsatu zuen, hankak izoztuta eta gangrenatuta zituela ahaztuta. Kareletik jaisteko laguntza eman zioten arren, hondar-pilara erori eta ziztu bizian kostara eraman behar izan zuten. Bere osasun egoerak okerrera egin eta gero, medikuak anputazioekin hasi beste erremediorik ez zuen izan. «Blackborow koitaduari ezker hankako behatz guztiak moztu eta muinoiak utzi dizkiogu –utzi zuen idatzita medikuak–. Biziki ongi portatu da eta dena arazorik gabe joan da. Hasieratik amaierarainoko denbora: 55 minutu. Bere onera etortzean, ezer gertatu ez balitz bezala, pozik sentitu da Blackborow eta berehala ekin dio adarra jotzeari».

Bihotzeko arazoak eta bronkitis kronikoak jota, 1949. urtean hil zen, 53 urte zituela.