DEC. 03 2016 IKUSMIRA HONDAKINEN ARTEAN JAIOTAKOAK Jose Angel Oria Duela gutxi arte, Alepo hiriko auzo matxinoetan bizi ziren siriarrak etxean hiltzen ziren, Baxar al-Assaden indarrek botatzen zizkieten bonben artean. Orain, berriz, bertatik bizirik ateratzea lortu dutenek kontatu dutenez, kalean erabat txikitutako gorpuzkiak ikus daitezke. AFPko kazetariak obus batek eragindako txikizioa ikusi ahal izan du aste honetan. Bere aurrean zihoan neska txikia erabat itxuragabetuta utzi zuen leherketak. Kasko zuriek ezin dute laguntza handirik eman, anbulantziarik gabe geratu dira-eta. Lehen hegazkinen hotsak ohartarazten zituen eta ihes egiten zuten, baina orain artilleria ari da etengabe suntsiketa lanean, eta alde egiteko aukerarik ere ez dute izaten. 30.000 lagun inguruk lortu dute Alepoko ekialdetik ateratzea: janaria ematen diete, baina askok ez dute aterperik gaua pasatzeko. Ebakuntzak egiten dira sotoetan, baina anestesiarik gabe. Hotzari aurre egiteko, dituzten gauzak erretzen dituzte. Hala ere, Alepon geratu direnak baino hobeto daude: laguntzarekin eta bonbarik gabe.