DEC. 17 2016 IKUSMIRA AKASO INOIZ IKUSI DUTEN ASTORIK POLITENA Amagoia Mujika Zer pentsatuko ote du asto horrek? Bere ukuilu lasaitik atera dute, inoiz baino garbiago jarri eta azokara eraman. Hesi batean sartu eta, hantxe, egun-pasa, jendea paretik pasa eta era guztietako gailuekin argazkiak ateratzen dizkion bitartean. Zer pentsatuko ote du asto horrek? Akaso pentsatuko du inoiz ikusi duten astorik politena dela. Baina agian beren bizitzan ikusi duten lehen astoa izango da, politena eta itsusiena, biak batera. Garai batean azoketan tratuan aritzen ziren baserritarrak, ganaduarekin tratuan. Gaur egun horretatik gutxixeago du feriak, baina balio du horretarako, inoiz astorik ikusi ez duenaren parean asto bat jartzeko. Hain urruna geratzen ari den mundua eta bizimodua pixka bat hurbiltzeko. amagoia.mujika@gaur8.info