GAUR8 - mila leiho zabalik

«Irabazi edo galdu, baina beti demokraziaz»


Izenburukoak Socratesen hitzak dira. Ez, ordea, greziar filosofoarenak, baizik eta brasildar futbolariarenak. Jokalari itzela izateaz gain, Doktorea –horrela deitzen zioten Socrates Brasileiro Sampaio de Sousa Vieira de Oliveira izena zuen erdilariari–, aktibista politiko handia izan zen. Adatsa biltzeko zintan edo kamisetan esanahi politiko sakoneko lemak jartzeko ohitura zuen, tartean izenburuan jasotako demokraziari buruzkoa. [Gehiago jakin nahi duenarentzat, “Panenka” aldizkarian Corinthians taldeko esperientzia demokratizatzaileari buruzko artikulu eder bat aurki daiteke: goo.gl/nAwRkp].

2016ko urteko errepasoa egiten, ezkerraren ikuspuntutik mundu mailako gertakari bat eta bakarra aipatu beharko banu, Brasilen Dilma Rousseff agintetik kendu zuen kolpea azpimarratuko nuke. Eta ez zait Socratesena baino izenburu hoberik bururatzen bertan gertatutakoa biltzeko. Izan ere, demokrazia dago jokoan bertan, aurrera egiteko ezkerrak duen tresna eraginkor eta indartsuena nire ustez.

Asko laburbilduz, krisiak kolpatutako testuinguru ekonomikoan, korrupzioak eragindako giroaren erdian eta Brasileko Konstituzioak kontrol politikorako duen impeachment formula zitalki baliatuz, Brasilgoa Rousseff eta PT Langileen Alderdia boteretik kentzeko kolpe politikoa izan da. Ohikoa denez, azpijokoaren atzean oligarkia dago, baina Brasilgoa ez da estatu kolpe tradizionala izan eta horrek ulermen eta erreakzio arazoak eragin ditu gugan. Sortu den egoerak ez dirudi behin betikoa eta horrek nazioarteko erreakzioa ere mugatu du. Gertakariak prozesuak baino maiteago dituen mundu –eta kazetaritza– honetan, Brasilgoa bezalako egoerak ulertzeko gure gaitasun eza argia da. Socratesetik Sokratesera, Greziakoa beste adibide on bat izan daiteke.

Arerioen ankerkeria determinantea izan da Rousseffen aurkako kolpean, jakina. Baina PTren agintaldien akatsak eta hutsuneak aztertu gabe nekez ikasi ahal izango du ezer ezkerrak. Horrekin ez da Brasilgo aldaketa politikoa gutxietsiz zenbaitek egin duten irakurketa sinplea indartu nahi. Pobrezia arintzea izan da bai Lularen bai Rousseffen gobernuen lehentasuna eta arlo horretan emaitzak ikusgarriak izan dira. Hein handian, bertako ziklo ekonomiko hedakorra izan da politika horren bultzatzailea. Ondorioz, populazioaren eta batez ere gutxien zutenen artean eskubideak areagotu arren, aro horretan desberdintasun sozialak ez dira nabarmen txikitu. Paradoxikoki, kapitalismoaren krisiak gogor kolpatu du aberastasunaren handitzea helduleku nagusi zuen politika aurrerakoia. Nabardura asko eta garrantzitsuekin, eredu berdinarekin emaitza desberdina bilatu zen, baita lortu ere neurri batean. Unea heltzean, ordea, ikuspuntu mugatu horrek erreakzionarioen lana erraztu du. Oso tarte txikian, Temer kolpistak lortutakoa eraitsi du.

Brasilen garrantzi geopolitikoa ere azpimarratu beharra dago. Lehenik eta behin, proiekzio globaldun indar erregional eta ekonomikoa bihurtzen duten dimentsio eta posizioagatik. Adibidez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko behin betiko kide izateko hautagai garrantzitsuena izan da Brasil, erakundearen erreforma utopikoa izan arren. Suspertze bidean den herrialdea ere bada: BRICS akronimoaren lehen letra berea da. Ondorioz, mundu multipolar bat sortzeko egitasmoan oso posizio garrantzitsua du, baldin eta AEBen herrialde subordinatu gisa jokatzen ez badu. Hori izan daiteke kolpearen ondorioetako bat, are gehiago Trump agintean dela. Lularen eta Rousseffen garaian Brasilek ahots propioa izan du nazioarteko komunitatean, bere ilun eta argiekin. Bost herrialde horietatik –Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika–, lehena eta azkena dira nire ustez ezkerreko ikuspuntu batetik mundu mailan interes gehien dutenak. Hegoafrikarentzat eta, zehatzago, ANCrentzat, iazko urtea tamalgarria izan da. Socrates apartheid sistemaren kontra azaldu zenetik gauzak asko aldatu dira eta Zumarekin ANC bezalako askapen mugimendu miresgarri baten gainbehera azkartu egin da. Tamalez, ezkerrak gutxi erreparatzen die kasuoi, ezezagutza eta nostalgia hobesten dituzten ikuspuntuen alde eginez. Askok galtzea gustukoegi dutela dirudi, eta beste zenbaitek ez daki demokraziaz irabazten. Nik, Socratesekin bat eginez, gure bidea horixe dela uste dut, ordea.•