Ibai Gandiaga Perez de Albeniz
Arkitektoa

Ideologia non bilatu

Ideologiak dena ahal du. Antza denez, ideologiak eguzkia ilundu dezake, itsasoen maila igo, airean dauden metal astunen partikulak ugaritu. Ez baitago, mundu antzu honetan, egiazkoa denik. George Orwellen “1984” eleberrian nola, bi gehi bi eragiketak hainbat emaitza izan ditzake...

Iñigo Henriquez de Luna, Madrilgo Alderdi Popularreko bozeramailearen esanetan, Ahora Madrid taldeak sustatutako trafiko mozketek «politika ideologiko» (sic) bat egiteko asmoa erakusten dute. Asmo maltzur horri jarraiki, popularrek diote NO2 mailak eta airean suspentsioan dauden partikula kopuruen mugak ere aldatu dituztela «arrazoi ideologikoengatik». Era berean, Europako Batzordeak motibo ideologikoak izan zituen, ziurrenik, 2013an NO2 maila gainditzeagatik jarritako isuna inposatzeagatik. Bi urte lehenago, garaiotan Ingurugiro zinegotzi zen Ana Botellak kutsadura maila hori kalterik gabekoa zela esan zuen. Akaso, Europako Batzordeak motibo ideologikoak izango zituelakoan isuna jartzerako orduan...

Beste alde batetik, pasa den abenduaren bukaeran Zubietako errausketa-instalazioaren esleipena egin da, Urbaser enpresa buru duen enpresa multzo bati egokituz lanak. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aditzera eman duenez, «aurreko legealdian galdutako lau urteetan» motibo ideologikoak besterik ez zituzten jarraitzen Aldundiko buruek, eta, hala, erraustegiak lurralderako suposatuko duen «helburu estrategikoa» goraipatu du, eta, nolabait, etorkizunean erreko diren 261.000 tona hondakinak erretzean dena berde baino berdeago izango omen da. Agian, arkitekto gisa izan dudan heziketa teknikoa izango da, baina zer nahi duzue esatea: daflipat. Hots, flipatzen dudala. Aho bete hortz. Zur eta lur.

Nola da posible ustez ezagutza tekniko eta zientifikotik eratorritako erabaki politikoek 180 graduko ezberdintasuna izatea? Agian, erabakiok hartu behar dituztenen ezagutza maila urriak zerikusirik izango al du? Zenbaki, grafiko, ikerketa eta aditu dantzaren aurrean ezer ez ulertzen ez dugun biztanle zorabiatuen errua izango ote da?

Ideologia kontua izan daiteke, adibidez, norbait garraio publikoa erabiltzera behartzea. Baina, ideologiatik haratago, osasun publikoko afera batean sartzen garenean, non egon daiteke ideologia? Minbizia sortzen duten eragile kimikoak atmosferan badaude, non dago ideologia?

Bi adibideok, Madrilgoa eta Zubietakoa, mahai gainean dauden bi arazo larriren erakusgarri dira, hirien eta lurraldearen kudeaketari lotutako bi arazo larri. Nola ulertu, ordea, hondakinen kudeaketa eta ibilgailuek sortutako kutsadura maila arazo ideologiko bezala? Arazoon konponbideak, asko jota, ideologia bateko edo bestekoen gogokoagoak izan daitezke –nonbait Esperanza Agirreren ideologian garraio publikoa erabiltzea ez da kabitzen–, baina arazoa bera ideologizatzea gerra politiko baten logikaren pean bakarrik uler daiteke.

Gure gizartea pairatzen ari den erlatibizazioa jarraituz, ematen du denak balio duela. Ameriketako Estatu Batuetan eboluzioaren teoriaren alde eta kontra dauden «zientifikoen» arteko eztabaidak sortzen dira, eta, Euskal Herritik barregura sartzen bazaigu ere, gurean oraindik ebaztear dugu abiadura handiko trena eta erraustegi azpiegiturak onuragarriak eta hortaz, guztion dirutik ordaindu beharrekoak edo kaltegarriak diren, bai ingurugirorako, bai giza osasunerako, bai gure gizartearen egituraketarako.

Ideologiaren esku hartzea nonbait bilatzekotan, nik neuk badut adibide kuttun bat. 1972an argitaratu zen “The Limite of Grow” txostenari erantzuna emateko, 1987an, Gro Harlem Brundtland suediar ministroak zuzenduta, “Our Common Future” txostena argitaratu zen, “garapen jasangarria” adiera behin betikoz txertatuz. Adiera horretan “garapena” kontzeptua sartzeko ahaleginak eta presioak ez ziren, inondik inora, txikiak izan. Ideologia nahi baduzue, hortxe duzue non bilatu. •