Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Bagarelako nor!

Hizkuntza gutxituek badute beren protokoloa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Egileak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Donostia 2016 dira, eta hizkuntzen eremuan ari diren beste hainbat erakunde europarren babesa izan dute. Euskal Herrian eta Europako beste hainbat herrialdetan garatu den prozesu parte hartzaile baten ondorioz adostutako 185 neurrik osatzen dute.

Donostian abenduaren 17an sinatu zen Protokoloak, gainera, Bartzelonan 1996an onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren printzipio guztiak bere egin ditu. Sinatzaileek Europan hizkuntza eskubideak modu integralean aitortu eta era bateratuan bermatzeko tresnarik indarrean ez dela ondorioztatu dute. Hizkuntzen kudeaketa demokratikoa bermatzeko, Europan jendarte zibilak sortu eta garatu duen tresna praktiko, eragingarri eta bateraturik ez egoteak sortzen dien ardurak bultzatu ditu, besteen artean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan jaso dituztenak adostu eta onartzera.

Haien aburuz, hizkuntza komunitate orok eskubidea du jendarte funtzio guztietan bere hizkuntzaren erabilera ziurtatzeko baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, bai eta hizkuntzaren dimentsioa eta haren etorkizuneko proiekzioak bermatzeko beharrezko baliabideak izateko ere.

Bestalde, sinatzaileen arabera, jendarte zibilak benetako demokrazia bermatzeko kanpaina iraunkorra egin izan du. Horregatik, jendarte zibilari zilegitasun osoa ematen diote etorkizunerako urratsak zein izan beharko liratekeen definitzeko.

Protokoloan zazpi lan eremu identifikatu dira guztira, Deklarazioak jasotzen dituenak: printzipio orokorrak, diskriminazioa eta eskubideak; administrazio publikoa eta instituzioak; hezkuntza; eremu sozioekonomikoa; onomastika; hedabideak eta teknologia berriak; eta kultura.

Eremu bakoitzean Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotako eskubideak bermatzeko neurri zerrenda jaso da, hizkuntza gutxiagotuen berreskurapen prozesuetan jarduten duten eragileek proposatutakoak.

Neurrien betetze maila baloratu ahal izateko ebaluazio-adierazleak zehaztu dira, gainera. Hartara, Protokoloan jasotzen diren neurri guztiak egoki baloratuz gero, hizkuntza komunitate horri hizkuntza eskubideak bermatzen zaizkiola ondoriozta genezake.

Protokoloak zehazten dituen 185 neurrietatik 52 hezkuntza arlokoak dira: hezkuntza formala, haur hezkuntzatik unibertsitate eta gainerako goi-mailako hezkuntza bitarteko ikasketa arautu mota guztiak eta eskolaz kanpokoak dituena kontuan; hezkuntza ez formala, aisialdia, kirol taldeak eta federazioak aintzat dituena; irakasleen eta hezitzaileen trebakuntzari eta etengabeko prestakuntzari eragiten diona; helduek hizkuntza gutxitua ikasteaz ari dena; eta, azkenik, curriculumari eta irakas-materialei begiratu diona.

Neurriak sinpleki eta argi formulatuak daude: esaterako, 50. neurria: «Zuzenean edo zeharka finantzazio publikoa duten ikastetxe guztietan haurrei hizkuntza gutxituan irakasten zaie». Edo 87. neurria: «Egoera aniztun batean murgiltze eredua gauzatzeko gai izateko beharrezko trebakuntza espezifikoa ematen zaie irakasleei».

Ikustear Kursaal jauregitik heziguneetara Protokoloak egingo duen ibilbidea. Gure esku dago orain, gure hezigunean Protokoloa zabaldu, aztertu eta gurean bete dadin beharrezkoak diren neurriak hartu eta ebaluatzea.

Dokumentuan ez da euskara agertzen, Europako hizkuntza gutxitu guztientzat egina dagoelako. Izan ere, hizkuntza aniztasuna izan da Europaren berezko ezaugarrietako bat. Europa osatzen dutenen artean ez dago estatu elebakarrik, eta aniztasun hori handiagoa bilakatzen ari da pertsonen mugikortasunarengatik.

Protokoloaren eta Donostia 2016aren arrimuan, munduko hizkuntzen atlas berriaren arrastoan aritu dira lanean. Haren arabera, 6.700 hizkuntza daude munduan. Horietatik, 1.720k 10.000 hiztun baino gutxiago dituzte. Galtzeko arriskuan dauden hizkuntzak 2.680 dira, eta urtero 10 hizkuntza desagertu egiten dira munduan. Hizkuntza gutxitua dugun europarrok 50 milioi gara. Eskubidez, bagara nor, beraz! •