GAUR8 - mila leiho zabalik

Negarra ez dadila honengatik gehiago izan


Kalera kalera borrokalari kalera, hire indarraren beharra diagu, gure indarrarekin batera». Horrelaxe dio abestiak. Amak kontatu dit bi urte nituenean manifestazio batean abesten ari zirela egin nuela lehen aldiz negar. Eta orduz geroztik entzuten dudan bakoitzean egin dudala. Badu zeozer, ez dakit zer...

Pasa den hilean maiz entzun dudan abestia da, Kalera Kalera dinamika dela eta; pentsa, beraz, zenbat negar egin dudan! Baina kasu honetan ez da abestiagatik bakarrik izan. Preso eta iheslari politiko ohiok aurrera eraman dugun ekimenak berak izugarri hunkitu nau, eta, une askotan, pozez eta tristuraz, malko batzuk isurarazi dizkit.

Kalera ateratzera erabaki genuen gurekin falta ditugun lagun eta kideak ere kalera ateratzeko. Eta horretarako hainbat belaunalditako pertsonak elkartu ginen, errealitate eta bizipen oso ezberdinetatik gentozenak, nahiz eta batek batzen gintuen... Hunkigarria! Aspaldi ikusi gabeko kideak, eta, lehen aldiz, Itziarrek semeak izateaz gain alabak ere izan dituen aldarri ozena. Momentu ahaztezina!

Asko dute esateko Usurbilgo guneak emandakoak eta hainbat herri eta auzotan antolaturiko ekimenek, baina zutabe hau ez da nahikoa horretarako. Dinamika abiatu eta astebetera Bilboko manifestazio erraldoia ikusi genuen. Beste urte batez milaka herritarrek eskaera bera egin eta, hau azkena izan dadin esperantzan, hotzari, euriari eta gainontzeko oztopoei aurre eginez buruz dakiten ibilbidea burutu zuten. Barruan pasatako urteak eta bertan txikitatik bizi ditudanak nahastuta, hemen ere begiak bustita. Zergatik? Ez dakit azaltzen.

Baina hil honetan negar eginarazi didana, eta erruz gainera, Izarri, Sarari eta etxekoei gertatutakoa da. Ez naiz ur handitan sartuko, asko idatzi baita gaiaren inguruan eta dena esana dagoela iruditzen baitzait. Baina Sara kide izan nuen espetxean, eta laguna dut. Horren batura, egoera jasangaitza egiten zaidala. Beraz, eta bukatzeko, nire indar guztiak eta maitasun zakukada bat Izar, Sara eta senideei. Eta kalera kalera ez, ekarri ditzagun behingoz eta bizirik denak etxera!

Norbait pentsatzen has dadila «etxean daude» dioen kanta bat... Negar egiten jarraituko dut, baina pozez soilik. •