GAUR8 - mila leiho zabalik

Osasunarik gabe bihotza osasuntsuago


Atzo lagun min batek esan zidan haurtzaroan hartzen dugun lehenengo erabakia dela zein futbol talde izanen den gurea eta hor pizten dela betirako iraunen duen konexio emozionala. Agian horrela gertatu zitzaidan niri.

Gogoan dut aitak nola kontatzen zigun Osasunako kategoria gazteetan egindako ibilbidea eta belauna apurtu zuenean nola utzi behar izan zion futbolean aritzeari. Haurtzaroko larunbat asko pasa nituen Nafarroako futbol zelaietan barna nebaren futbol partidak ikusten edo aitaren herritik Iruñera bueltan bidean igandeko emaitzak entzuten irratian. Nire burua ikus dezaket aitaren belaunetan eserita Sadarren partida ikusten, nerabezaroan gaztetxoen harmailetan edota ia 14 urtez bazkide moduan izan nuen eserlekuan eserita kuadrillakoekin larunbateko parranda komentatzen Osasunak jokatzen zuen bitartean. Oroimen asko Osasunari lotuta, bazkariak eta afariak partida aurretik eta ondoren, lagunekin egoteko momentuak… Agian Osasunarengan pentsatzeak bizipen horiek guztiak pizten dizkidalako zaila egin zait 34 urteko harremanarekin moztea.

Deskonexio arrazionala errazagoa izan da. Esate baterako, zorraren eta partiden erosketaren kontua argitaratu zenean, beste bazkide askok bezala, amorrua sentitu nuen, noski. Baina aspaldi da ez niola zentzu gehiegirik hartzen futbolaren industriari. Kuadrillakoekin eztabaidatzen nuen aldiro arrazoia ematen nien; pribilegiatuen kirol bat bihurtu dela futbola, hiperkapitalismoa bultzatzen duen industria bat dela, matxista, homofoboa eta arrazista kasu askotan. «Baietz, baietz» esaten nien, «baina niretzat Sadarrera joatea kontu emozionala da, identitate bat, sentimendu bat».

Lotura emozionala hausten joan da

Lotura emozional horrek denbora luzez hor jarraitu zuen, baina konexio hori indarra galduz joan da eta pasa den asteburuan gertatukoak deskonexioaren bidea azkartu duela esanen nuke. Sevillako jarraitzaile batzuek “GORDO” zioen pankarta zintzilikatu zuten sanferminetako ustezko bortxatzailearen alde. Egun horretan, hain zuzen ere, Osasunak eta Indar Gorrik Burlatan eraila izan zen Blanca Estherren kasuaren harira indarkeria matxistaren kontrako pankartak atera zituzten. Eta, Sevillako zale batzuen jarrerak, Espainiako Ligako lehendakariaren hitzek edo Sevilla futbol taldeko lehendakarien hitzek sortzen didaten nazka eta amorrua sentitzeaz gain, Osasunarekiko sekulako hutsune emozionala sentitu dut. Koherentzia falta eta hipokresia gehiegizkoak egin zaizkit.

Oso ongi dago indarkeria sexualaren kontra erakunde moduan egindako keinu hori –eraso sexisten kontrako pankarta jarri eta Ligaren aurrean Sevillako zaleek jarritako beste hori salatu–, baina, non gelditzen da parekidetasun politika Osasuna bezalako erakunde batean? Futbol maskulinoak diru laguntza nagusiak eta atentzio mediatikoa jasotzen dituen bitartean, emakumeen lekua guztiz baztertuta gelditzen da kirol horretan.

Ez dut gustuko futbolak hartu duen ibilbidea eta ohartzen naiz gaur egun gizon eta emakumeon aldeko berdintasunaren alde egin beharrean, kontra egiten duela. Emakumeen kontrako indarkeria ez da pankarta batekin borrokatzen, ez soilik behintzat. Berdintasunaren aldeko politikak bultzatu behar dira eta futbolaren industriak hori egiten ez duela agerian dago. Hori horrela izanda, zaila egiten zait eredu hori defendatzen duen talde baten zale izaten jarraitzea. Gaur bihotza zertxobait arinago sentitzen dut. •