GAUR8 - mila leiho zabalik

Pentsatu, sentitu, ekin


Goizeko zazpiak, erosketak egiteko kutxatilara noa. Kutxatilak eskatu diodan dirua igorri dit. Alboan, gaua han pasa duen etxegabea. Kartoi eta manta artean ez du gorputzik ageri. Ez buru, ez aurpegi, ez nortasunik, ez du ezer erakusten. Han geratu da lo. Gosaria hartzera hurbildu naiz kafetegira, irudi hura buruan kolpeka.

Egunkarietan, egun hotz batean, otordu bero bat hartzeko zain errefuxiatu ilara luzeak ageri dira. Egunak eta egunak pasa, hor jarraitzen dute. Irudi lotsagarriak. Irudiak dira, estanpa larriak. Irudiaren atzean gizakion duintasuna hankaperatua. Kalean gutxi hitz egiten ari da.

Bestetik, gure herrian guztion ahotan dabiltza dendetako erakusleihoetan, propaganda sexista salatu asmoz, zenbaitek egin dituzten pintaketei buruzko iritziak. Alde edo kontra, iritziak bor-bor.

Zer da, beraz, gai bat nagusi egiten duena eta besteak ikusezin? Gaien larritasuna? Gertutasuna agian? Bitartekoak? Ala gaien gaineko juzkua eraikitzeko edo balioesteko erabiltzen ditugun zentzuen galbahea?

Zenbaitetan film bateko fikzioan sorturiko gertaera batek malkotan jarri gaitu, eta, aldiz, egunero errealitatean begi bistan ditugun gertaera larriek hotz eta indarge utzi izan gaituzte. Non datza indargunea?

Segur aski, edukia ez baina komunikatzeko modua da mezua. Badira albiste batzuk arrazoiaren galbahetik pasarazten ditugunak edota emozioen kordei dar-dar eginaraziz hunkitzen gaituztenak.

Eta ekintzarako bulkada nagusia, arrazoiak ala emozioak eragiten du?

Hitzetatik ekintzetarako jauzian pentsatu eta sentitzeko gaitasunaz gain, Mikel eta Begok, Grezian, eta Bakearen Artisauek, Luhuson, azkenaldian gure gizartean lozorroan eta hankamotz ziruditen beste balioak erakutsi dizkigute: elkartasuna eta konpromisoa. Pentsatu, sentitu eta ekin, bata bestearen osagai. •