GAUR8 - mila leiho zabalik

Gutxiago zikintzea da garbiena


Gurasoen etxetik independizatu nintzela bizitza erdia pasata, dagoeneko ez dut zalantza izpirik; garbiena ez da gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik. Mundura eta beste esparruetara estrapola daitekeen esperientzia domestikoa. Oinarri horretatik ulertzen dut adibidez ekologismoa (apika politika ekonomikoa) eta ez hainbeste klima aldaketatik, edozeinek darabilen mantra egun. BBVAk, adibidez, klima aldaketa ikertzen hasi ziren zientzialariak saritu berri ditu, nork eta erregai fosilen industriatik mozkin ikaragarriak ateratzen dituenak! Edo berpiztear den Garoña bera, %0 CO2, dena garbi-garbia, ala? #esanbeharnuen. Energia alorra bizi dugun garaiaren erakusgarria da, zinez.

Jendea hotzez erretzen uzten duen politika energetiko kriminala darabilte boteredunek eta menpeko kontsumitzaileok, alternatibarik gabe, oihanaren erdian, ez dugu aukera askorik gure beharrak inori lapurtu gabe asetzeko. Gure eskura ditugun baliabideak modu inteligentean kudeatzea dagokigu, lan ilun asko. Hemen, hotzari aurre egiteko gomendio batzuk besterik ezin ditut eskaini:

•Hotzaren aurka, beroari alde egiten ez uztea. Argi eta garbi, lehen lana etxea ondo isolatzea da, batez ere leiho, pertsiana eta ateetan izaten diren zirrikituak identifikatu eta estaltzea. Egun haizetsuetan eskua leiho ingurutik pasata ikusten ahal da nondik sartzen den aire hotza. Zirrikituok ixteko material ezberdinak erabil ditzakegu. Leihoa kristal bakarrekoa den kasuetan, gainera, bero asko joaten da kristalean zehar eta irudira ekarri dudan soluzioa erraz bezain efikaza da. Gauzak babesteko erabiltzen den burbuiladun plastikoa ur pixka batekin itsasten da kristalean, aire geruza sortuz kristalaren ondoan. Gauetan pertsiana eta gortinak ere ixtea inportantea da (gero eta aire mugimendu gutxiago leihoaren inguruan, are eta bero galera gutxiago).

•Eguzki argia baliatu (jakina, eguzkia sartzen den etxeetan): Egunez ahal den heinean sartu behar da argia etxean, eta kontziente izan egunean zehar berotzen diren gauzek beroa gorde dezaketela gauean zehar, materialaren arabera. Material berezietan sartu barik, harriak edo urez betetako bidoi ilunak (kolore beltzak xurgatzen du eguzki argirik gehien) eguzkiak denbora gehien jotzen duen lekuetan izatea interesgarria izan daiteke gauerako bero iturriak izateko.

•Alferrik ez berotu, eta berotzen dena baliatu: berogailuak tenporizadorearekin jartzea da onena eta, askotan egiten ez duguna, lekutik irten baino dezente lehenago itzaltzea berogailua. Sukaldean asko aurrezten ahal da frigorifikoaren tenperaturak pixka bat altxatuz (jakina, oraindik bero diren gauzak ez sartuz), egosten dugunean sua maximoan ez mantenduz, presio-eltzeak erabiliz, edota hainbat jaki prestatzerakoan amaitu baina pixka bat lehenago sua itzaliz (bitrozeramika zein txapak erabiltzekotan batez ere). Sukaldean aurrezpen garrantzitsuena harrikoa egiterako orduan lor dezakegu, bai energian, baita xaboian ere (bistan denez energian ere eragiten duena). Urari zerbaitegatik deitzen zaio disolbatzaile unibertsala eta oliorik ez duten ontziak primeran garbitzen dira mekanikoki (hots, estropajoarekin) eta ur hotzarekin. Arraskan oliodun gauzak besteekin ez nahastea da gakoa, janaria ontzietan lehortzen ez uztea bezala; onena gauzak erabili eta momentuan bertan garbitzea (eta bestela, uretan uztea). Eta xaboia erabiltzean, txorrotadarik ez, mesedez!

Bistan da ohitura aldaketak behar-beharrezkoak direla hotzari aurre egitetik harago, beste mundu bat eraikitzeko. Urrunago joan barik, neguan etxean oinetako beroak eta bata jantzita ibili behar garela guztiok barneratzea. Barneratzea energia baliabide oso garestia dela (ekologikoki eta politikoki batez ere) eta ondo neurtzea zelako energia hornidura behar dugun eta pentsatzea nola aseko dugun, edota nori erosi nahi diogun.

Eta konturatzea, lotura horien arabera garela mundu anker honen eragile direnen menpeko (eta sostengu), eta independentzia hori ere badela (edo batez ere hori dela), menpekotasun materialetatik askatzea. •