GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

IñAKI LAZKANO

Kazetaritzaren ordez Euskal Filologia hautatu zuen. Ikasketak bukatu eta Gasteizen geratu zen. Hogeita hamar urte joan dira geroztik eta egun Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikarietako bat da bizitza osoan herri mugimenduari, bereziki euskalgintzari, lotuta ibili den eibartar gasteiztartu hau.


Ez da zaila saltsaren batean aurkitzea, sukaldari profesionala ez den arren; hala ere, etxean berak prestatzen du jana, eta inoiz etxetik kanpo ere bai. Saltsaren erdian harrapatu genuen joan den larunbatean, Gasteizko gaztetxean, goiz hartan Oihaneder Euskararen Etxean Arabako gazte euskaltzaleen topaketan izan ziren lagunentzat paella ederra prestatzen ziharduela. Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria da, Ane Pedruzo eta Iker Duranarekin batera. Hartara, anfitrioi ezin hobea izan zuten gazte euskaltzaleek. Bere jardunean utzi genuen, berarekin patxadaz mintzatzeko hitzordua jarrita, ordea.

Gasteizko muinoan, XVI. mendeko Oyanederra jauregiaren sarreran, hartu gaitu Iñakik, Nestor Basterretxearen “Askatasuna biribil irekitzen da” obraren parean. Obra horrek iradoki zuen Euskararen Etxea kudeatzen duen Lazarraga Elkartearen logotipoa. Oihaneder Euskararen Etxea da Araban euskal kulturaren erreferentzia nagusia den proiektuak dituen bi hanketako bat, eta 2014ko udazkenean zabaldu zuten. «Zer hobetua baden arren», ez dute lanik falta izan; aitzitik, gero eta ekitaldi gehiago, eta arrakastatsuak, antolatzen dituzte. Talde euskaltzaleekin elkarlan ugari egin dituzte eta hainbat proposamen ere jaso dituzte eragileengandik zein norbanakoengandik: ikastaroak, deialdi publikoak gazte sortzaileentzat, sormen ikastaroak –baliteke horietatik antzerki talderen bat ateratzea–, lehiaketak... Otsaileko egitaraua ekitaldiz gainezka ageri da: zinema, dantzaldiak, hitzaldiak, Korrikaren aurkezpen soziala, elkarrizketak, literatur ikuskizun bat, kontzertuak... GAUR8rekiko solasa bukatutakoan “Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen” ikastaroa hasiko da, UEU eta EHUrekin elkarlanean antolatua.

Euskararen Etxean teknikari hasterako, baina, Iñakik bazuen eskarmenturik kudeaketa lanetan. 1995eko abenduan, eibartar honek, Ermuko kuadrillako hiru lagunekin batera, Parral taberna hartu zuen. Argi zuten hasieratik hark taberna eta jatetxea baino gehiago izan behar zuela, lokalak bestelako jardueretarako aukera ematen baitzuen.

Eta ederki baliatu zuten aukera hori hainbat ekintza kultural antolatu eta eskaintzeko. Musika munduan eta kontzertuak antolatzen ibiliak ziren gaztetan; hortaz, hura ez zuten esparru arrotza. Eta luze gabe, lau gazte haien «kulturarekiko irrikak» kulturgune erreferentzial bihurtu zuen Parral taberna.

Lehen urtean, Gasteizko beste zenbait tabernarekin elkartu eta Kontrakulture izeneko zirkuitua antolatu zuten. Tabernok asteko egun bat aukeratu behar zuten kontzertu bat eskaintzeko. Batzuek larunbata aukeratu zuten, beste batzuek igandea, eta Parralek asteartea. Eta 1996ko udaberritik egun arte, Parralen asteartero izan dira kontzertuak, antzerkia, poesia errezitaldiak, liburu aurkezpenak, magia… «Tira, zer ez dugun egin!», dio Iñakik, «proposatu dizkiguten eta egin ahal izan diren gauza guztiak». Jarraikortasun horrek eman omen zien arrakastarako bermea.

Iñakik uste du jendeak erreferentziak behar dituela, eta gaztetxea aipatu du. Urte haietan Gasteizko gaztetxetik Euskal Herriko talde gehienak pasatu ziren, Gasteizen ez baitzegoen musika areto esanguratsurik. Beste erreferentzia garrantzitsu bat Hala Bedi irratia zen –eta da– bozgorailu kultural gisa. Testuinguru hartan, Parral tabernak, «bere xumean», euskal kulturaren zaleei proiektu bat aurkeztu nahi izan zien.

Gasteizera etorri zenetik, herri mugimenduei, bereziki euskalgintzari, lotutako ibilbidea egin du Iñakik. Batxilergoa bukatzean, 1986an, Kazetaritza egitea pentsatu zuen, baina langabeziara eramango zuen karrera zela esan zioten eta Euskal Filologia egitea bururatu zitzaion, euskaltzaletasunak bultzatuta, uste duenez. Bestetik, Gasteizek ere eragina izan zuen eibartar honen erabakian. Argi zuen bertara joatekoa zen lagun batekin partekatutako pisu batean biziko zela. Gainera, ezaguna zuen garai hartako Gasteizko giroa, eta gogoan ditu 1985eko jaiak, baita Madrilgo egunkari eskuindar baten portada ere: “Estallido prerrevolucionario en las Vascongadas”, Gasteizko jaietan izan ziren protestak eta istiluak zirela-eta.

Ikasteko ez ezik, aurrerantzean bizitzeko ere aukeratuko zuen Gasteiz. Izan ere, bai bera bai Ermuko bere lagunak hiriko bizitza sozialean murgilduta zeuden, hala nola gaztetxean edo intsumisioaren mugimenduan. Aldi berean, euskara irakasle hasi zen IKAn. Unibertsitatean hasi zenean, Euskara Batzordea izeneko taldean sartu zen. Lehen urte haren erdia greban eman omen zuten. Iñakik eta beste zenbaitek «ekintzetarako taldea» ere sortu zuten euskararen egoera salatzeko zeregin horretan, umorea arma nagusi zutela, eta, ondoren, Zirri Mirrika kolektiboa, euskararen egoera ez ezik, bestelako arlo sozialak ere salaketa gai zituena. Bazuten, izan ere, zer salatua. Garai hartan, esate baterako, ezin baitzen hainbat karrera euskaraz egin, eta Euskal Filologian bost ikasgaitik lau erdarazkoak ziren. Gogoan ditu Iñakik lehenengo ikasturtekoak: Lengua Española I, Literatura Española I, Latina, Historia eta Vasco I. «Eta ez gara frankismoaz hitz egiten ari», dio.

Parral taberna utzita beste hamaika saltsatan sartu zen 2011n Iñaki. Taberna utzi baino lehen bazituen GEU elkartearekin harremanak; izan ere, euskararen erabilera bultzatu eta euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko jaio zen elkarte horrek hilero ekitaldi bat antolatu izan du Parral tabernan. Hartara, euskara teknikari hasi zen GEUn, kultura batzordean, egitasmo komunikatiboan, Mintzalaguna proiektuan… Aldi berean, Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektuan ere parte hartzen hasi zen, eta, Bartzelonako Euskal Etxean kultur teknikari emandako urtean izan ezik, gaur arte izan du zeregin.

Gasteizko Udalak euskara ardatz izango zuen kultur azpiegitura bat abiatzea onartua zuen 2008tik, baina adierazpen hutsean geratu zen egitasmoa. Bilbo, Durango eta Elgetako kafe antzokiak bisitatu eta haien kudeatzaileekin hitz egin zuten, baita Azpeitiko San Agustin Kulturunekokekin ere; «oso proiektu polita, haiengandik asko ikasi dugu». Horiek guztiak nola hasi ziren ez ezik, erronka berrien berri ere jakin nahi zuten, eta zenbait hilabetetan txosten bat prestatu zuten. Huraxe aurkeztuko zioten 2012ko maiatzean euskaltzale talde bati eta Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu zuten. Tartean GEU, AEK, IKA, EHE eta beste elkarte batzuetako kideak bazeuden ere, euskaltzale horiek ez zuten inor ordezkatzen. Plataformak hausnarketa egin zuen txostenaren gainean, baita ondorio batera iritsi ere: Kafe Antzokia, kultura eta aisialdia eskaintzen dituen gunea, beharrezkoa dela; hala ere, ez dela nahikoa. «Halako diru kopurua ordainduta kultura jasotzea ondo dago, eta euskal kulturak, kultura guztiek bezala, beharrezkoa du hori; sortzaileek plaza bat behar dute beren produktuak eskaintzeko», dio Iñakik, «baina euskaltzaleek, hainbat politikari, plan estrategiko eta sailburuordetzak azken urteetan errepikatzen ari direna faltan botatzen genuen: erabilera eta euskaraz egindako sorkuntza sustatzea, diziplina guztietan». Batzuetan, musikan edo literaturan kasu, ez gaudela hain pobre dio, baina beste batzuetan bai, eta larriagoa da erreferente anglosaxoia, kultura handietan ere bai, gero eta indartsuagoa dela kontuan izanda. Beraz, Kafe Antzokia, esan bezala beharrezkotzat jo zuten, baina baita euskaraz sortzeko akuilu izango zen leku bat ere. Hara proiektuaren bigarren hanka sortu zen, gauzatzen lehena izan dena. Plataformatik Lazarraga Elkartea sortu zen, izaera juridikoaren jabe izango zen entitatea, alegia, gaur egun Oihaneder kudeatu eta Kafe Antzokiaren proiektua garatuko duena.

Euskararen funtzioak garatzeko, hau da, komunikatu, ikasi, ikusi, elkartu, antolatu, jolasteko… beharrezko azpiegiturak zerrendatu zituzten. Garrantzia eman zioten, halaber, euskararen interpretazio gune bati, oraindik egiteke dagoena, Araban euskarak izan duen garapena azaltzeko. Gogoan du Iñakik duela zenbait urte Estitxu Breñas eta Jabi Otsoa de Aldak egin zuten erakusketa, “Arabako euskal hotsak” euren liburuaren osagarri, antzinatik hasita herrialdeko euskararen lekukoak erakusten zituena. Ideia ona iruditzen zaio horrelako zerbait, iraunkorra, Gasteizko eta Arabako ikasleei euskararen garapenaren berri emateko. Edo Sancho El Sabio fundazioarekin hitzarmena egitea, gordetzen dituen hainbat gauza interesgarri Oihanederren erakusteko…

Erreferentzien beharra du hizpide Iñakik atzera berriro, pertsonalak ez ezik, lekuak ere bai. «Lehen ez zegoen proposamenak jasotzeko bulego bat. Gaur egun badago, Oihanederren». Iaz hirurogei proposamen jaso zituzten. «Jendeak badaki badagoela leku bat proposamen horiek egiteko, eta badagoela, halaber, leku bat horiek garatzeko». Euskaren Etxea eta gisako lekuak esportagarriak direla uste du. Bestetik, horrelako proiektuak herri mugimenduaren eta instituzioen arteko elkarlanean egin behar direla nabarmendu du, bideragarriak izan daitezen. Batez ere Gasteizko euskaldunak aktibatu nahi dituztela dio, eta berriro aipatzen du elkarlana: horretan sinesten dute eta herri mugimenduekin, instituzioekin zein norbanakoekin batera aritzea dute xede. Horren eredu jartzen du Azpeitiko San Agustin kulturunea. Kulturan diru publikoa inbertitzea beharrezkoa iruditzen zaio, «kulturan inbertitzea beti da ona, eta, gainera, euskarak inbertsio hori behar du normalizaziorako».

Beti lanpetuta baina pozik ageri da Iñaki Lazkano. Gauza asko egin dituzte eta asko dituzte oraindik egiteko, baina ez dute ideiarik falta. Ezta teknikari temati eta langilerik ere. •