GAUR8 - mila leiho zabalik

SEKTOREAN ETA JENDARTEAN, ALDAKETA BIZIAK


Abandoibarrako EHUko aretoko komunikazio mikroespazioan informazioaren profesionalei eman zitzaien hitza, ofizioak horretaz guztiaz zer esan behar duen galdetzeko eta, batez ere, sektoreak hainbat parametrotan bizi dituen eraldaketak barrutik zelan ikusi dituzten kontatzeko.

Mikrofonoaren aurrean jarri ziren EiTBren webguneko arduraduna den Lontxo Sainz; “El País” egunkariko Pedro Gorospe; “El Diario Vasco”-ko erredakzio buru den Lourdes Perez; “Berria”-ko Peio Urzelai, eta Iñaki Soto, GARA egunkariko zuzendaria. Bost komunikabide, hainbat bizipen partekatu eta euskal komunikazio esparruaren inguruko oso ikuspegi desberdinak.

Sainzek zabaldu zuen tartea fokua edukietan jarrita, eta azaldu zuen hasierako urratsetatik egungo eskaintzara gauzak asko aldatu direla Internet bidezko informazioa jorratzeko orduan. Bitxikerietatik eduki potoloetara, notizia dena notizia da bai albistegi bai webgune bai bestelako euskarrietan, eta, hala ere, erronka bota zuen: «landu ditzagun eduki gutxiago baino askoz hobeto».

Argi utzi zuten denek ofizioa nabarmen aldatu dela azken urteetan; krisialdiak, teknologia berriek eta kontsumo berriek bultzatutako eraldaketa ugarien ondorioz. Eta aldaketa guztiak egunez egun eman dira, martxan, hausnartzeko gelditzeko astirik gabe, behar berriei erantzuna eman nahian. Hartara, prozesuan galdu diren milaka lanpostuak ekarri zituzten gogora komunikabide handiek. Profesional horien galeraz mintzatu zen Pedro Gorospe ere, eta onartu zuen urte bakar batzuen bueltan «den-dena aldatu» dela. ”El País”-en kasua jarri zuen adibidetzat. Esan zuenez, “.com” eredu batera igaro dira, «non 24 orduz idazten den, produktu ezberdinentzako eta narratiba ezberdinekin». Eta presio nabarmen batekin, «hilabeteko helburuak eta bestelako emaitzak bete behar direlako».

Aldaketa abiadura bizikoa izan da sektorean eta, aldi berean, aldaketa sakonak gertatu dira jendartean. Hartara, Gorosperen hitzetan, «guztiok gaude egonkortasun espazioak bilatu nahian patxada gehiagorekin hausnartu ahal izateko».

«Tentsio komunikatiboa»

Lourdes Perezek edukiei heldu zien eta nabarmendu zuen «bakean dagoen Euskadi» jada ez dela notizia, Kataluniak biltzen baitu orain «tentsio komunikatiboa». Euskal gatazkak informazio agendaren ikuspegitik izan duen indarra nabarmendu zuen, zenbait hedabidetan zabaldu omen zen «los violentos proveerán» esamoldea gogora ekarriz. «Gure agenda fokutik atera da», gaineratu zuen. Bere iritziz, herri honek berezko agenda badu, baina, tokian tokiko informazioa lehenetsi behar bada ere, ezin zaio beste kanal batzuetatik heltzen den informazioari bizkarra eman.

Gertatu zen behin baino gehiagotan baten batek “herria” hitza aipatzen zuenean zaila suertatzea Euskal Herriko espazioaz edota espainiar Estatukoaz hitz egiten ari ote zen asmatzea.

Sektorea «krisialdi bikoitz» batek jo duela onartu zuten kazetariek, eta «kazetaritza erabilgarria kazetaritza jasangarria» dela defendatu zuten.

Azken hausnarketa horri tiraka, Peio Urzelaik adierazi zuen «globala eta tokikoa» uztartzea baloratzen duela, baina binomio horretan «oreka» bilatzea ere beharrezkoa dela. Proiektuen jasangarritasuna ere aipatu zuen, bere komunikabidearen egoerara salto eginez, eta kontatu zuen harpidetzak «nabarmen» hazi direla “Berria”-n, laguntzen bitartez jasotakoa diru sarreren %16 baino ez dela nabarmentzeko. Etorkizunera begiratuta, Urzelairen iritziz, «funtsezkoa» da aldatzea eta berritzea, eta «gero eta azkarrago» egin behar dira bi gauzak horiek.

Kontuan hartzeko egoerak

Krisialdiaren eta ereduen aldaketen artean murgilduta dagoen euskal espazioaren erdian «oso kontuan» hartu behar diren egoera batzuk jarri zituen mahai gainean Iñaki Soto GARAko zuzendariak. Merkatu emaitzak eta sektorearen arazo komunen ondoan gogoratu zuen GARAk berak hamahiru urte daramatzala konkurtso lege baten menpe “Egin” egunkariaren itxierak eragindako zor ekonomikoaren ondorioz.

Gogora ekarri zuen, era berean, 30 urte igaro direla 1987an egin zen irrati lizentzien azken lehiaketatik eta erakundeek ez diotela oraindik egoera horri erantzunik eman, erregulazioa eskatzen duen sektore batean. Eta zehaztu zuen 30 irrati lizentzia baino gehiago daudela oraindik Lakuako Exekutiboak zabaldu beharko lituzkeen esleipenen zain, urte askoren atzerapenarekin.

Etxe barrura begira, goraipatu zuen profesionalen «borondate boluntarioa» komunitate baten sorreran, eta nabarmendu zuen behar berriei erantzuteko hainbat bitarteko jarri direla nazio espazio komunikatibo baten ikuspegitik; NAIZ hedabidea, eta barnean biltzen dituen tokiko informazio bereziko IRUINDARRA eta BILBOTARRA leihoak aipatuta.

Bestelako segmentuetan emandako urratsak ere nabarmendu zituen Iñaki Sotok; komunikazio proiektu beraren barruan argazki agentzia, Mediabask, irratia... izatea, edota beste euskal hedabide batzuekin errotatiba partekatzeko apustua. Sotok faltan sumatu zuen instituzioen baitan eman beharreko hausnarketa, eta azaldu zuen espazio komunikatibo bat nahi baldin badugu sektorearen artikulazioan oinarritu behar dela, eta ETBk zentraltasuna izan behar duela.

Pili Kaltzada kazetariak gidatutako eztabaidan, erakunde publikoek komunikabideekin nola jokatu beharko luketen aztertu zuten. Sotok argi utzi zuen orain arte sektorea ez dela existitu politikarientzat, eta «laguntza ez klientelarrak» defendatu zituen. «Inbertsioa behar du sektoreak, ez gastu arruntetara zuzendutako laguntzak».

Beste ikuspuntu bat azaldu zuen “El Diario Vasco” egunkariko ordezkariak, erregulazioa edukien kontrolarekin lotu baitzuen. Testuinguru horretan kokatu zuen komunikabide katalanek batera ateratako editoriala.