Joxean Agirre

Santa Agenda

Hagiografoak bi gauzatan datoz bat, neska etxe onekoa zen, Cataniako nobleziaren alaba, eta edertasun itsugarria zuen. Zehaztapenik ez dute ematen, baina elizetako irudiak ikustera, Monica Bellucci, Maria Grazia eta abarren leinukoa izan zitekeen, edertasun italiar bat, oparoa eta betea. Neskak, alabaina, akats bat zuen, kristaua zen. Gobernadoreak ezkontzeko eskaintza egin zion (Sizilia erromatarren mende zegoen hirugarren mendean) eta gajoak larrutik ordaindu zuen eman zion ukoa, tortura izugarriak jasan ondoren hil baitzen.

Krimen horren atzean indarkeria matxista dago, baina indarkeria politikoa ere suma daiteke eta badago jazarpen ideologikoa ere, erlijioa hasita baitzegoen garai horretan eta izango baitzen Erdi Aro luzean zehar ideologiaren ardatz, gaurko demokrazia deituetan zuzenbidea den bezalaxe.

Zertzelada bitxi bat dago istorio honetan, neskak jasan zituen tortura mota lazgarri eta ugarietatik (hagiografiak benetan dira sentsazionalistak) bat gelditu da jendearen memorian, bularrak moztu zizkiotenekoa. Europan barrena zabaldu zen santaren izena. Euskal Herrian bakarrik hamabosten bat irudi edo margolan baditu Santa Agendak (Xabier Unanue zestoarra ari da kontu horiek aztertzen) eta horietako askotan eszena morboso bera agertzen da: torturatzaile bat ari zaio tenaza erraldoi batzuekin bularrak mozten. Emakumearen bularrekiko fijazioa nonbait berezkoa dute gizonezkoek.

Neuri santa honengandik gehien gustatzen zaidana bere lanerako grina da. Stakhanovista petoa da. Antzuolan garatxoak sendatzen ditu, beste hainbat lekutan bularreko gaitzak, Zamoran Ageda izenekoei agintea ematen die gaurko egunez hainbat herritan, beste herri batzuetan emakume ezkonduen kofradiak biltzen dira haren izenean, gazteek eta ez hain gazteek kantatu egiten diote Euskal Herrian. Edozertarako balio du. Nik ez nekien baina bularreko minak ez ezik, gizonezkoen isilpeko min eta ezintasunak sendatzeko ere balio du, dirudienez, Jose Mari Esparzak bildu zuen jotak dioena egia bada. Berruetakoa da alea: «A Sant’Agueda tengo d’ir/Que le tengo devoción/ Pá que me cure las tetas/ ¡y a mi marido el tetón!». •