FEB. 11 2017 infraganti HUNTZA Bilboko unibertsitate giroan elkartu, talde bat osatu, erromerietan diskoa grabatzeko dirua bildu eta diskoa kaleratu. Horixe da Huntza, lagun taldea eta musika talde hasiberria. Diskoa kaleratzerako, baina, «Aldapan gora» abestiak bide propioa egina zuen; pentsa, sare sozialetan 927.000 ikustaldi baino gehiago ditu dagoeneko. amagoia.mujika@gaur8.info Ataunen harrapatu ditugu, larunbat arratsaldez, entseatzen. Izatez punta desberdinetakoak dira eta orain bakoitza etxetik aparte ari da ikasten, bakoitza bere ertzean. Ez da hain lan erraza, beraz, Huntza musika taldeko kideak elkartzea. Zergatik Ataunen? Aitzol –gitarra– eta Inhar Eskisabel –baxua– anaiak bertakoak direlako eta Ataungo Udalak entseatzeko tokia eskaini dielako. Guztira sei musikarik osatzen dute Huntza taldea: aipatutako Ataungo Eskisabel anaiak; Josune Arakistain, Lasturko trikitilari eta abeslaria; Uxue Amonarriz, pandero jotzaile eta abeslaria, eta Aitor Huizi, biolin jotzailea, biak hernaniarrak; eta Peru Altube, bateria, Arrasatekoa. Ertzetako taldea da, beraz, bai musikarien jatorriko herriak kontuan hartuta eta baita beren musika ibilbideak begiratuta ere. Josune Arakistainek bide propioa egina du trikitiaren munduan. 2013an eta 2014an Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelketa irabazi zuen eta plazan asko aritutakoa da. Uxue Amonarriz pandero jotzaileak ere lotura estua izan du trikitiarekin txikitatik. Aitor Huizi biolin jotzailea betidanik erakarri izan du herri musikak eta dezente aritzen da dantza taldeen eta herri musikaren bueltan. Eskisabel anaiak Indarra taldean aritutakoak dira eta Peru Altube arrasatearrak Garraxi taldean eman zituen lehen pausoak. Egun, Huntza taldearekin ez ezik, The Potes taldearekin ere aritzen da baterian. Punta batetik edo bestetik etorri, halako batean elkartu egin ziren, Bilboko unibertsitate giroan, eta korapilatzen-korapilatzen, Huntza musika taldea josi zuten. Lehen korapiloa Josune Arakistainek eta Aitor Huizik egin zuten. «Josune eta biok Bilboko triki-poteo batean topatu ginen. Josune trikitiarekin atera zen, eta, ni, biolinarekin. Ez genuen elkar ezagutzen, musikak elkartu gintuela esan daiteke. Bat-batean, elkarrekin jotzen hasi ginen», akordatu da Huizi. «Nire kanta bat jotzen hasi nintzen, ‘Iñundik iñoare’ abestia, eta Aitorrek segitu egin zidan biolinarekin. Inprobisatzeko sekulako gaitasuna zuela ikusi nuen eta beregana hurbildu nintzen, talde bat egin nahi nuela esan eta ea animatuko ote zen galdetuz», zehaztu du kontaketa Arakistainek. Gainera, trikitilariak aitortu du buruan zuen amets edo desio bat: «Betidanik neukan buruan trikitia, biolina eta gitarra elektrikoa elkartzeko nahia. Ez nekien nola egin, baina desio hori banuen. Eta Aitor ikusi nuenean triki-poteoan, segituan hurbildu nintzen beregana». «Triki-poteora beti biolinarekin ateratzen nintzen eta jende asko erabat harrituta geratzen zen, biolina ez delako horrelako giroekin lotzen. Biolinak herri musikan bere tokia daukala aldarrikatzeko nire modua zen», gaineratu du Huizik. Horixe, beraz, lehen korapiloa. Aitor Huizi eta Aitzol Eskisabel ikasle egoitza berean bizi ziren eta bertako musika bandan jotzen zuten. «Nik gitarrista bat behar nuen eta banekien Aitzol ondo moldatzen zela. Taldearen ideia aipatu nion eta baiezkoa eman zidan. Era berean, Aitzolek, Peruk eta hirurok Bilbon elektrotxaranga batean jotzen genuen elkarrekin eta Peruri aipatu genion ideia». Bigarren korapiloan harrapatu zituen Huizik, beraz, gitarra eta bateria. Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain ikaskideak dira Biologian eta Amonarriz korapilatzeaz, beraz, trikitilaria arduratu zen. «Azkena, ni. Baxua utzita nengoen, gutxi jotzen nuen. Kontzertu pare baterako norbait behar zutela esan zidaten. Entzun nuen sanferminetan jo behar zutela eta tentatu egin ninduen eskaintzak», azaldu du Inhar Eskisabelek. Erromeriz erromeri Huntza taldeak hasieratik bere kanta propioak izan ditu, baina musika merkatuan kanta horiek erakusteko aukerak falta zitzaizkion eta erromerien zirkuituan hasi zen taldea bere bidea egiten, 2016ko uda bueltan. «Kanta batzuk bagenituen eta diskoa atera nahi genuen. Baina horrek finantzazioa eskatzen du eta diskorako dirua biltzeko hasi ginen plazetan erromeria giroan jotzen», esan du Arakistainek. Erromerietako esperientzia «oso gogorra» dela diote taldeko kide guztiek aho batez. «Ordu asko jo behar dira segidan, musika ekipoak oso txarrak izaten dira, gaizki ordaintzen dute, desorduetan aritu behar duzu... Egia esan esperientzia gogorra izan da, baina oso polita era berean. Gertatu zaigu plaza goraino beteta topatzea edo dozena erdi bat pertsonaren aurrean jo beharra. Denetarik aurkitu dugu», segitu du Inhar Eskisabelek. Huntza musika taldea hasieratik izan da Huntza, baita erromeria giroan aritu izan denean ere. «Etxeko sukaldean gosaltzen ari nintzen egun zoragarri batean okurritu zitzaidan, leihotik huntza ikusten nuelako. Emanaldi bat genuen eta izen bat behar genuen eta izen horixe proposatu nien taldekideei, eta gustatu egin zitzaien. Egia osoa esaten hasita, mahai gainean beste proposamen bat zegoen: ‘Kafe Urdina’. Erabaki nuen kontraproposamen on bat eraman behar nuela, bestela izen horrekin geratzeko arriskua genuen-eta!», kontatu du umorez Aitzol Eskisabelek. Huntza landare igokaria da, espero ez den tokian ere gora eta gora egiten duena, gogor eusten eta korapilatzen delako zuhaitzetan, hormetan, harkaitzetan... Akaso izenak markatu ditu taldearen lehen pausoak. Gora eta gora, diskoa kaleratzerako arrakastaren tontorra ukituta zeukan-eta. Joan den abenduan kaleratu zuen taldeak lehen diskoa, “Ertzetatik” izenekoa. Ordurako, baina, Huntza “Aldapan gora” abesten zuen taldea zen. «Erromerietan hasi ginenerako abesti bat genuen sarean, martxoaren 8an zintzilikatu genuena: ‘Harro gaude’. Emakumeak plazan egindako bideaz ari da abestia. Harrera ona izan zuen, baina batez ere inguruko jendearengana iritsi zen. Talde bezala existitzen ginela esan nahi genuen, besterik gabe», gogoratu du Arakistainek. Uda guztia erromeria eroan eman eta gero, uda bukaeran sartu ziren grabazio estudiora, Haritz Harreguyren Higain estudiora. «Grabaketa oso azkarra izan zen, presaka bezala. Gure asmoa zen besterik gabe gure taldea ezagutzera ematea, ez genuen espero gerora etorri dena», esan du Huizik. «Etorri dena» dioenean “Aldapan gora” abestiaren arrakastaz ari da. Aste honetan Youtuben 927.000 ikustaldi baino gehiago zituen abestiaren bideoklipak. Haritz Harreguyk, Higain estudioaren arduradunak, Huntza taldearen abesti bat pasatu zion Euskadi Gazteako Joseina Etxeberriari, talde berri batekin lanean ari zela eta ea zer iruditzen zitzaion. «‘Aldapan gora’ abestia lehena zen zerrendan, alfabetoaren arabera ordenatuak zituelako Haritzek ordenagailuan. Une horretan hori zen prestatuta zeukan abesti bakarra eta horixe bidali zion Joseinari. Ez gehien gustatzen zaigun abestia delako, besterik gabe, kasualitatez edo». Aparra bezala egin zuen gora eta gora abestiak Euskadi Gaztean. «Gu harrituta ginen abesti horrek egin zuen bidearekin. Ez genuen espero. Eromena izan zen. Aste pare batean sekulako arrakasta izan zuen. Abestia hain ezaguna egin zenez, bideoklipa egin eta sarean zintzilikatu genuen, jendeak etengabe eskatzen zigulako», segitu du Arakistainek. “Aldapan gora” abestiak hankaz gora jarriko ditu Huntzakoak. Ja ez dira erromeri talde ezezagun bat, «ezin dugulako izan». Pozik daude, noski, arrakastarekin, baina gaindituta ere badaude, arrakastak arrastaka eraman dituen sentsazioarekin. Abesti horrek bide propioa egin du eta tiraka-tiraka eraman ditu atzetik. «Orain jendea espresuki joaten da gu ikustera, ordaindu egiten du gu ikusteagatik eta bat-batean erabat profesional jardun beharra sentitzen dugu. Sekulako aurreikuspenak sortu dira gure taldearen inguruan eta gu hasiberriak gara, joan den udan hasi ginen plazetan. Beldur pixka bat sentitzen dugu, ez dakigulako jendeak espero duena emango ote dugun», hitz egin du garbi Josune Arakistainek. «Ez gara abesti bakarra» “Aldapan gora” abestiak airean eraman ditu, hegan. Baina uneren batean karga ere bihurtu zaie. «Guk hamabi abesti ditugu eta badirudi abesti bakarra dugula, abesti bakarra garela. Gainera, abesti hori ez da gure abestirik onena», esan du Huizik. Puntu horretan, baina, denak ez daude ados. «Nik lehen aldiz ‘Aldapan gora’ entzun nuenean –ni taldean sartu baino lehen– izugarri gustatu zitzaidan eta harrapatu egin ninduen. Niretzat sekulako abestia da», zehaztu du Inhar Eskisabelek. Taldekide guztiak ados daude gauza batekin: «‘Aldapan gora’ abestiari asko zor diogu eta ez gara hipokritak izango abestia ez dela ona esanez. Noski gustatzen zaigula, beste abesti batzuk bezala. Baina gure bidea markatu duen abestia da zalantzarik gabe», gaineratu du Uxue Amonarrizek. Zerotik ehunera pasatu diren sentsazioa daukate. Irratian eta sare sozialetan bat-batean eta oso azkar hazitako taldea da, eta orain plazan defendatu behar dute beren lana. Alderantzizko bidea dirudi. «Lasaitasunez hartu nahi dugu, hilabetean hiruzpalau emanaldi egingo ditugu, ez gehiago. Dagoeneko ezezkoak ematen ari gara. Baina denak ikasleak gara, bakoitza punta batean ari gara eta ez da erraza», esan du Arakistainek. Lainoan sentitzen dira, baina hankak lurrera ekartzen dituzte indarrez, gauzak garbi dituztelako. «Musikarekin gozatzen segitu nahiko genuke, kontzertuetan ondo pasatzen. Guk ondo pasatzen badugu, jendeak ondo pasatuko du». Hori bai, oraindik ez dute ikasi parrandan daudela “Aldapan gora” abestia patxadaz entzuten eta gozatzen. «Ni tabernatik ateratzen naiz abesti hori entzuten dudanean», aitortu du Huizik. • «Gu harrituta ginen ‘Aldapan gora’-k egin zuen bidearekin. Ez genuen espero. Eromena izan zen. Aste pare batean sekulako arrakasta izan zuen. Gure bidea markatu du zalantzarik gabe» Zerotik ehunera pasatu diren sentsazioa daukate. Irratian eta sare sozialetan bat-batean eta oso azkar hazitako taldea da, eta orain plazan defendatu behar dute beren lana