Xabier Izaga Gonzalez
BORROKA FEMINISTA

Emakumeen Espetxe Martxa Feministak «berariazko errepresioa» salatuko du

Euskal Herriko Bilgune Feministak bere hamabosgarren urteurrena ospatuko du aurten, baina ospakizunak ez dio lanerako gogorik kenduko. Aitzitik, Urteurrena bere konpromisoa berresteko baliatuko du. Aurreikusita dituen ekimenetako bat gaur bertan egingo du: Valladolideko espetxera doan Emakumeen Espetxe Martxa Feminista.

Erakunde gaztea dela esan liteke. Hamabost urte beteko ditu apirilean. Hala ere, aurrekari ugariren eta oro har euskal feminismoaren borroka luzearen esperientzia biltzen du Euskal Herriko Bilgune Feministak bere baitan. Beraz, 2017 ospakizun urtea dute, baina, batez ere, lan urtea, beren konpromisoa berresteko eta Euskal Herriaren burujabetza feministaranzko bidean sakontzeko. Dagoeneko hainbat ekimen aurreikusi dituzte aurtengorako, eta horietan lehena, gaur bertan izango den Espetxe Martxa Feminista.

Bilgune Feministaren erronka nagusietakoa gatazkaren konponbidean ikuspegi feminista txertatzea da. Sakabanaketa salatu eta preso eta iheslari denak etxeratzea eskatzen du, eta giltzapean dauden emakumeen egoeran jarri dute beren jardunaren fokua, egoera hori berezia den aldetik. Berezia eta, zenbait kasutan, oso larria. Hori gainditzea funtsezkotzat jotzen du gatazkaren konponbiderako. Euskal emakume presoek pairatzen duten zigorraren gaineko zigorra espezifikoa dela kontuan izanda, espetxe martxan emakumeek soilik parte hartuko dute, emakume izateagatik zigor erantsia jasaten dutenen identitate kolektiboa indartzeko asmoz.

Euskal emakume presoei ezarritako «berariazko errepresioa» zorrotz aztertzen du Itziar Moreno euskal preso politikoak “Borroka feminista kartzelan” artikuluan (GARA, 2017-01-13). Beraz, eta presoen auzia eta oro har gatazkaren ondorioak konponbidean jartzea gizarte osoaren arazoa eta ardura direla argi izanda ere, martxaren helburuak «emakume presoek jasaten duten zapalkuntza anitza salatzea eta espetxeen izaera patriarkala jopuntuan jartzea» dira.

«Libre ezin, aske gara»

Gaurko martxa Valladolideko espetxera abiatuko da “Libre ezin, aske gara. Indar bat dabil hor” goiburuaren pean. Kartzela horretan Nahikari Otaegi donostiarra da euskal emakume preso politiko bakarra, eta hori ere bada hara joateko motiboa, bera bezala zenbait kartzelatan bakartuta dauden hamabi lagunen egoera salatzeko. Hori bai, «emakume preso politiko guztiak eta beraien senideak barnebiltzen dituen dinamika bat» abiatu dute. Horrez gainera, garrantzitsua dela uste dute kartzela Euskal Herritik urrunegi ez egotea, ekimen jendetsua izatea espero baitute eta parte hartzea errazteko egun berean joan eta itzultzeko martxa egitea erabaki baitute, zuzen erabaki ere, dirudienez, espero ez zuten harrera izan baitu gaurko hitzorduak. Ekimenerako sortu dituzten kamisetak helarazi dizkiete emakume presoei, baita haien senideei ere, bisitetara jantzita eraman ditzaten. Martxara doazen lagunek ere soinean eramango dituzte. Eta 14:15ean, Izar Mendigurenek ekimen horretarako espresuki egin duen bertsoa abestuko dute.

Martxaren goiburua eta irudia sortzeko Ekhi Eizagirre euskal preso politiko eta Bilgune Feministako kideak egindako olerkiak eta eskultura bat erabili dituzte. Hona olerkietako baten zati bat kartzelako errepresioaz eta euskal feministen jarreraz:

Maiz esaten da, espetxean,

‘’emakume’’ izendatu

gaituztenok

bi aldiz gauzkatela preso

Bi aldiz epaitzen gaituztela

eta hamaika eratara zapaldu.

Egia da.

Baina gu, zapaltzen gaituzten

bakoitzean

berriz altxatzen gara,

elkar eusten dugu

elkar zaintzen eta maitatzen.

Eta horregatik irauten dugu

tinko eta zutik

eskulturako ukabila bezala.

Hamabost urte eta gehiago

Euskal Herriko Bilgune Feministak, esan bezala, badu zer ospatua eta ospatu egingo du, baina ez du bertan goxo egin nahi, eta urteurren hau bere konpromisoa berresteko baliatuko du. Izan ere, urte hasierak erakutsi du ez dagoela atseden hartzerik, are gutxiago beste aldera begiratzerik. Eguneroko erasoak, gutxi balira bezala, nahikoa larriak ez balira bezala, Blanca Marquesen, Sara Majarenas euskal preso politikoaren alaba Izarren eta beste hainbaten kasuek indarkeria matxistak ez duela mugarik erakusten dute.

Duela hamabost urte hainbat esparrutako emakume ugarik egin zuten hausnarketatik sortu zen Bilgune Feminista, borroka feminista sendotzeko, lan egiteko modu berriak asmatzeko eta «sareak josteko». Konpromiso politikoa eta aliantzak oinarri, sistema patriarkalaren ankerkeria agerian jarri eta «berdintasun politika, diskurtso eta praktika faltsuei aurre egitea» izan dituzte jardunbide nagusiak.

Hartara, 2002an xedatu zuten plan estrategikoa ardatz, Euskal Herriaren egoera sozial, ekonomiko eta politikoan eragin izan dute, etengabeko eguneraketa eta egokitzapenak eginez. 2014ko abenduan, Ondarroako VI. Topaketa Feministetan trantsizio feministaren oinarriak adostu eta hiru erronka nagusi zehaztu zituzten: «Euskal Herriaren burujabetza feministaren gaineko eztabaida soziala sustatzea, ondo bizitzearen kontzeptualizazioan eta praktikan sakontzea –pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko ekinbideak ahaztu gabe– eta burujabetza feminista lortzeko lidergo indartsu bat ehuntzea».

Fleury Merogisko presondegitik bidalitako idatzian, honela laburbiltzen du Itziar Morenok Bilgune Feministaren ibilbidea: «Hiru bosturteko hauetan euskal feminismoak orratz txikiz jositako urratsez nahiz aizkorakada ausartez egin du bere bidea, auzo-herrietatik Euskal Herrira eta handik mundura salto eginez; gaur egun, sistema heterokapitalistaren kontrako borrokan, abangoardia errebeldearen ikur izateraino».

Boteretze feminista

Aurten, inflexio puntutzat jotzen dituzten Emakume Abertzaleen VII. Topaketa Feministak egingo dituzte, maiatzaren 6an, boteretze feminista gai nagusi izango dutenak. Baina ekimen gehiago ere egingo dituzte. Bilguneko komunikazio arduradun Iratik dioenez, gai guztiak egun batean lantzeko gehiegizkoak zirela ikusi zuten; beraz, ekimenak banatzea erabaki zuten eta, dagoeneko aurreikusita dituzte, besteak beste, Ekonomia Feminista foroa eta Erakundetze Feministaren inguruko mintegia ere.

Momentu honetan feminismoa loraldian dagoela dio Iratik, «eta ez da Bilgunearen kontua bakarrik, jakina». Zapalkuntza patriarkala integrala dela dio: lan arloan, emakumeen soldatak txikiagoak eta lan baldintza eskasagoak baitira, eta enplegu desberdintasuna ez ezik lan ordaindua eta ordaindu gabekoaren arteko aldea ere emakumearen kalterako da; etxean; espetxean, eta esparru guztietan. Horrenbestez, erantzuna ere integrala izan behar duela dio. Horrela nabaritu omen zuten ikuspuntu eta borroka feministak arlo guztietara zabaldu beharra, eta azken urteotan ikusitakoaren arabera, ukaezina da ikuspuntu feminista gizartean hedatzen ari dela. Erasoen aurrean izaten diren erantzun gero eta ugari eta jendetsuagoek ere hala erakusten dute.

Urte hasierak ekarri dituen Blanca Marquesen hilketa eta Izarren egoerak ez diote poz horri tarte handirik uzten, ordea. «Kolpe handia izan da», dio Iratik, «baina hain zuzen horregatik jarraitzen dugu, hausnartzen, erantzun metodoak pentsatzen... Prozesua luzea da, eta, erasoak etengabeak direnez, zailagoa, motelagoa da hausnarketa eta plangintza lana, egoerak etengabeko erantzuna eskatzen baitu». Baita gizarteko arlo guztien inplikazioa ere. Oso garrantzitsua begitantzen zaio Iratiri prentsaren papera, eta oso argi du zein ez litzatekeen izan behar. Azkenaldion, esate baterako, Bilboko erasoen aurrean, hedabide asko burundangaren erabileran zentratu omen dira, oso diskurtso morbosoa erakutsiz. Eta, gainera, askotan «ez dute mugimendu feminista aintzat hartzen».

Hamabost urteko lana atzean, jarraitzeko gogoa, eta beharra, aurreko erronkei eusteko.