FEB. 25 2017 Non dago inauterien espiritu iraultzaile hura? Amaia Nausia Pimoulier Inauteri garaian gaude, maskarak jartzeko edo, kasu batzuetan, kentzeko garaian. Norberak barruan erreprimituta duena askatzeko aukera eskaintzen duen momentu paregabea da, ia katartikoa. Inauteri garaia gizarte ezberdinek, momentu historiko ezberdinetan, bizi zituzten arauak, frustrazioak eta loturak apurtzeko baimendutako epe magikoa bilakatzen zen. Gaur, urtero bezala, mozorroaz baliatuz, inauteriek pribazio eta mugen haustura ospatzeko aukera opa digute. Baina, gaur egungo egoerari erreparatuz, haustura aukera hori galtzen ari garela iruditzen zait. Mozorroen katalogoak jaso ditut aste hauetan zehar etxean, eta ez dut inondik aurkitu inauterien espiritu iraultzaile hori. Gizon eta emakumeoi eskaintzen zaizkigun ereduak ez dira inolaz ere ausartak, esanen nuke nahiko tradizionalak (hitzaren esanahi ezkorrena hartuz) eta konbentzionalak direla. Rolak errepikatzen dira; asko jota, gizon eta emakumeon paper tradizionalak hiperirudikatzen dira. Gizonek heroiak izateko aukera dute, suhiltzaileak, bikingoak eta piratak. Beraz, egunerokotasunean gizarte patriarkalak inposatzen dizkien balioak jokatzera bultzatuta daude berriro ere: gizon boteretsu, indartsu, ausart eta babeslearen irudia. Emakumeoi eskaintzen zaizkigun paperak ez dira oso bestelakoak, betiere oihal zatiaren zentimetroak gutxituz. Agian krisiak eragindako ekonomizatze modua bilatzen dabiltza, baina susmoa dut emakumearen gorputzaren hipersexualizatze kanpaina hutsa dela besterik gabe: gizonaren erabakietara egokitu beharreko objektu sexuala gara. Haurren hipersexualitatea, estrategia gisa Oraindik okerragoa eta arriskutsuagoa da diskurtso hori gure haurrei zuzenduta dagoenean. Mutikoei zuzendutako mozorroek eredu berdina jarraitzen dute, heroiak, printzeak eta abentureroak. Neskatilak, berriz, printzesa arrosak, maitagarriak, tximeletak edo sorgintxoak izan daitezke asko jota. Larria benetan mozorro katalogo batean agertutakoa eta horrenbesteko iskanbila sortu duena; neskatila suhiltzailea, jarrera “sexyan” minigona batekin eta takoiekin. Katalogoak markatzen duen adin tartea, 4-6 urteko neskatxoei zuzenduta! Gure haurren hipersexualitatea oso ongi pentsatutako estrategia da. Haurrek euren sexualitatea modu askean bizi beharrean, mezua argia da; neska bazara zure helburua da gizonaren atsegin eta plazererako objektu bilakatzea. Ez da kasualitatea moda munduan neskatxo gazteen erabilera; 10-12 urteko neskatilak moda aldizkarietako azaletan agertzen hasi ziren emakume helduen keinuak imitatzen pasa den mendeko 90eko hamarkadan. Feminismoaren aurrerapausoak mozteko estrategiaren barruan koka dezakegu mugarri hori. Emakumearen askatasunerako mugimenduak planteatzen zituen jarreren aurrean, neoliberalismoak eredu tradizionaletara itzultzea proposatu zuen; amatasunaren garrantzia, “benetako” feminitatearen berreskuratzea, edertasunaren garrantzia, eta abar. Diskurtsoa are eta eraginkorragoa zen gaztetxoen doktrinamenduarekin hasiz gero. Bidea moda eta haur modeloen eredu hipersexualizatua izan zen. Gaur, estrategia horren ondorioen menpe bizi gara. Eredu tradizionalera itzultzera bultzatu nahi gaituzte, eta, horretarako, inauteri mozorroak beste bide bat besterik ez dira. Nire bi urte eta erdiko alabatxoak ez du printzesaren mozorroa eraman nahi. Bere gelan Unibertsoaren tematika aukeratu dute eta mozorroa lantzen dabiltza. Berak Lurra planeta aukeratu du; Irati bere lagun kuttunak, berriz, Eguzkia. Oraindik ez dakite neskatilak izanda gizartea beraiei inposatzen saiatuko den papera ez dela Eguzkia bezain boteretsua izatea edo Lurra planeta bezain handia. Inauteriek inposatutako arauak apurtzeko aukera ematen digutelako, ni behintzat aukera hori ez zapuzten saiatuko naiz. Momentuz bi Lur txikiz osatutako antenak egin dizkiot. • Emakumearen askatasunerako mugimenduak planteatzen zituen jarreren aurrean, neoliberalismoak eredu tradizionaletara itzultzea proposatu zuen, «benetako» feminitatea berreskuratzea...